K-Barakaldo aldizkaria
Emakumeek etxea kalera atera zutenekoa. 1905eko alokairuen greba
Aloña Intxaurrandieta Ormazabal
“Matxinatutako emakumeak beldurgarriak dira, eta are gehiago bizkaitarrak: borroka baino okerragoa da erresistentzia pasiboa” 1LA ILUSTRACIÓN ESPAÑOLA Y AMERICANA. 1905.05.30. “Mujeres amotinadas son temibles, y vizcaínas mucho más: la resistencia pasiva es de peor carácter que la lucha.”. Hitz hauek erabili zituen La Ilustración Española y Americana egunkariak Barakaldon 1905eko udaberrian antolatutako grebaz hitz egiteko. Etxebizitza izan zen aldarrikapenen ardatz, eta aginduta zeuden etxegabetzeak ekiditea bihurtu zen helburu nagusi. Gatazkaren aurreko lerroetan kokatu ziren emakumeak eta modu baketsu eta berritzailean egin zituzten euren eskaerak: etxeetako altzariak kalera atera zituzten protesta gisa.
Etxebizitzari lotutako arazoak erdigunera ekarri zituen gatazka hark. Ordura arteko hainbat grebetan egin izan ziren bizitoki duinen aldeko aldarrikapenak, langile mugimenduaren sorburutzat jotzen den 1890eko meatzarien grebatik hasi eta 1903kora arteko protestetaraino2LESEDUARTE: 1996. Hainbeste urteren buruan eskaera bera mantendu izanak, ordea, garbi erakusten du arazoak ez zuela paperean hitzartutakotik haratagoko konponbiderik izan. Etxebizitza duin baten aldeko borroka beti kokatu zen ustez garrantzi handiagoko eta produkzio lanari zuzenean lotutako beste eskakizun batzuen atzean; hala nola, soldata igoerak, lan ordutegiaren murrizketa, etab.
Emakumeak izan ziren etxebizitza ardatz izan zuen greba hartako protagonista nagusiak. Ez zen emakumeek protesta modu hura erabiltzen zuten lehen aldia. 1889ko martxoaren 8an, esaterako, Santutxuko zigarro fabrikako emakumeek greba baten bidez aldarrikatu zuten euren lan baldintzen hobekuntza3PAREJA: 2012. Kasu hartan, aldarrikapenak lanaren esparru publikoan kokatu ziren, beraz. Barakaldokoek, aldiz, etxeko ekonomiaren kudeaketarekin izan zuten zerikusia. Emakumeak izan ohi ziren etxera iristen zen dirua antolatzeaz arduratzen zirenak. Eurek ezagutzen zituzten gertuenetik gehiegizko alokairu eskaerak familia osoarengan izan zitzakeen ondorioak, eta beraz, eurak izan ziren egoera hura aldatzen saiatu zirenak.
Etxeko esparrura mugatzen zen arazo hura kalera atera zuten. Mitinak antolatu zituzten. Etxegabetzeak euren gorputzekin geldiarazi zituzten. Langileei grebara batu zitezen eskatu zieten. Greba hedatzeko taldeak antolatu zituzten. Konponbidea bilatzeko saiakeran, agintariekin zuzenean hitz egin zuten. Erresistentzia pasiboaren bitartez, altzariak kalera ateraz, kokatu zituzten Barakaldoko emakumeek etxeak eta bizitza aldarrikapenen erdigunean.
ETXE GUTXI ETA GARESTIAK
Nuestra Señora del Carmen lantegia itsasadarrean ezartzearekin batera hasi zuen Barakaldok nekazari herri izatetik industria gune bihurtzera eramango zuen bidea. XIX. mendearen bigarren erdian milaka pertsona iritsi ziren Barakaldora eten gabe hedatzen ari zen industriak erakarrita. Berrogehita hamar urteren buruan zazpi bider hazi zen elizateko biztanleria, 1857 urteko 2.369 biztanleetatik 1900eko 15.013ra iritsi arte.
Langile berri horien bizitokia lantegien inguruetan kokatu ohi zen, joan-etorriek sortu zitzaketen gastuak ahalik eta gehien murrizte aldera, eta horrela, Desertu auzoa inoiz ez bezala garatu zen. Bertan zeuden Populazio hazkunderik handiena izan zuten lau kaleetako hiru bertan zeuden. Hainbestekoa izan zen eremu horren hazkundea, ordura arte Barakaldoko erdigune izandako San Bizente auzoari aurrea hartu eta hiri berriaren ardatz bihurtu baitzen XIX. mende amaierarako.
Gune hartako hirigintzaren garapena eskasa eta kaotikoa izan zen, ordea. Bi oinarri izan zituen: aurrez zegoen nekazari espazioaren banaketa anarkikoa, batetik, eta euren lurretan eraikitzeko prest zeuden jabeen gogoa, bestetik4V.V.A.A. (INSTITUTO POLITÉCNICO DE BARACALDO): 1986. Inbertsore pribatuentzat erakargarriagoak ziren industriak eskaintzen zizkien irabazi oparoak, eta instituzioek ez zuten egoerak eskatzen zuen moduko plangintzarik egin. Ondorioz, ez zen behar zen beste etxe eraiki. 1894an Barakaldoko hamar herritarretatik lau Desertun bizi ziren, nahiz eta herri osoko etxeen %15 besterik ez zegoen bertan5DOMINGO: 2005.
Eraiki ziren etxebizitzak, aldiz, oso errentagarriak izan ziren. Diru gutxi eskaintzen zitzaien eraikuntza eta mantentze lanei, baina irabazi handiak lortzen zituzten jabeek trukean. Alokairua zen langileek etxebizitza bat izateko zuten ia modu bakarra, eta eskaria eskaintza baino handiagoa zenez, errentaren prezioak gora egin zuen. El País egunkariak hitz gutxitan laburtu zuen Barakaldoko maiatzeko greba haren jatorria: “Gutxi dira eraiki diren etxe berriak, eta ohikoa da bizilagunek etxebizitzaren zati bat beste familia bati edo batzuei azpialokatzea. / Langileak gela negargarrietan pilatuta bizi dira, txerritokiak batzuk, betiere pilaketa kaltegarri eta antihigienikoan. […] / Etxebizitzen eskaerak gora egin eta zegoen eskaintza baino handiagoa zenez, etxeen jabeek, ekonomia politikoaren arau aldaezinei leial, euren etxe eta ganbaren alokairuak igo zituzten.”6EL PAÍS. 1905.05.24. El desahucio de Baracaldo. “Casas nuevas se han construido pocas, y lo que ocurre es que los inquilinos subarriendan parte de su vivienda á otra ú otras familias. / Viven hacinados los obreros en pésimas habitaciones, en zahurdas, á veces, siempre en malsano, antihigiénico amontonamiento. […] / La demanda de viviendas crecía, y como era mayor que la oferta, los señores caseros, fieles á las inmutables reglas de la economía política, subieron los alquileres de sus casas y zaquizamis.”
BIZILAGUNEN ELKARTEA
Etxebizitzaren egoera duintzeko sortu zen 1905ean “Sociedad de Inquilinatos la Higiene y la Salud de Sestao y sus contornos” bizilagun elkartea7DOMINGO: 2005. 92 orr. “Engranaje colectivo en el que resultaron claves las Ligas de Inquilinos: La Higiene y La Salud en Baracaldo, La Sanitaria en Sestao, La Defensora en Erandio, La Esperanza en Ortuella, La Defensora del Hogar en Guecho, así como otras similares en Bilbao, Deusto, Begoña, Portugalete, Somorrostro, Basauri, Bermeo, San Salvador del Valle y su sección de la Arboleda, Lejona, Santurce, Gallarta (Abanto-Ciérvana), Galdamés, Galdácano, Arrigorriaga,…”. Elkarte hark antolatutako bileretan etxebizitzen garestitzeari aurre egiteko proposamenak landu ziren, eta mitinak izan ziren bertan hitzartutakoa herritarrei helarazteko tresnarik eraginkorrena. Udaberriarekin batera hasi ziren etxebizitzaren arazoa ardatz zuten hitzaldiak antolatzen. Apirilaren amaierarako alokairuak ez ordaintzea proposatu zen gehiegizko prezioen aurkako protesta gisa. Erabakigarria izan zen neurri hau, ordaintzeari uko egitearen ondorioz hasi baitzen Barakaldoko epaitegia etxegabetzeak agintzen, eta neurri bidegabe hari aurre egiteko iritsi baitziren greba antolatzera8A.M.B., C. 1586, no 1. Convocatoria de mitin 19 de marzo de 1905; Relación de individuos que participaron en el mitin del 16 de abril de 1905; Solicitud para organizar un mitin el 30 de abril de 1905..
Emakumeak hasieratik izan ziren protagonista. Molde bereko hitzaldi eta mitinak antolatzen zirenean, gizonak izan ohi ziren aldarrikapenen bultzatzaile nagusiak. 1905eko maiatzean, aldiz, emakume bat, Geronima Porres, izan zen mitina antolatzeko baimena Udalari eskatu ziona, eta herriko beste hainbat emakume izan ziren bertaratutako jendetzari aldarrikapenak eta proposamenak azaltzeaz arduratu zirenak, deialdia egiteko karteletan zehaztu zen moduan. Entzule izatetik eragile izaterako pausoa eman zuten.
Emakumeek jarrera hura hartu izana apurtzailea zen. Garaiko prentsak aldarrikapenei adina garrantzia ematen zien aldarrikapenak egiten zituztenei. El Nervión egunkarian emakumeei ez zegokien desafio gisa aipatu zuten arazoaren konponketan hartu zuten jarrera aktiboa: “Badirudi sexu ahulak nahikoa indartsu ikusi izan duela eta ikusten duela bere burua bertan etxeen jabeei libratutako guda garaitzeko, zeinei alokairuen prezioa erdira jaistea eskatzen baitieten“9EL NERVIÓN. 1905.05.06. “[…] Parece que el sexo débil se consideró y sigue considerándose allí suficientemente fuerte para dar la batalla a los caseros, á quienes piden que rebajen á la mitad los precios de alquiler”..
Egunek aurrera egin ahala, giroa berotuz joan zen. Hilaren erdialderako zehaztuta zegoen gertatzear zeuden etxegabetzeei aurre egiteko modua: “[…] bizilagunetako edozein etxetik kanporatzera joaten baziren, ez ziezaietela altzariak kalera ateratzen utzi, objektuak hartu eta etxegabetzea burutzera joandako agintariei balkoitik botatzeko baizik.10A.M.B., C. 1586, no 1. Anotaciones del jefe de la guardia municipal Narciso de Ayo sobre el mitin celebrado el 14 de mayo. (1905.05.15). “[…] al ir a efectuarles desahucios a cualquiera de los inquilinos no permitieran sacar los muebles a la calle y en vez de ser arrojados dichos objetos que los cogieran y los arrojaran a las Autoridades que fueran a efectuar dicho desahucio por el balcón.””
DESOBEDIENTZIA ZIBILA
1905eko maiatzaren 16an egin zuen eztanda egoerak. 14:30ean hurbildu ziren Udal-epaitegiko kideak San Juan kalera, Policarpo Barrio barakaldarraren etxegabetze epaia betearazteko. Berekin batera zeuden haren emaztea eta baita etxe berean bizi zen beste emakume bat ere.
Gertakariek bizilagunen haserrea piztuko zutela jakinda, hainbat guardia zibil eta udaltzainek babestu zuten ingurua, garaiko kronikek kontatzen dutenez. Espero zen moduan, agintari judizialak agertu bezain laster, emakumeak San Juan kalera hurbiltzen hasi ziren etxegabetzea gelditzeko.
Etxea hustu eta barruan zen guztia kalera ateratzea zen udal-langileen betebeharra. Bertaratutako emakume batzuk eragozten saiatu ziren arren, altzari batzuk etxetik ateratzea lortu zuten. Baina atarira iritsi zirenean, ezin izan zuten aurrera jarraitu. San Juan kalean bildutako emakume andanak oztopatzen zien irteera. Atarian tinko, ez zieten altzariak kalera ateratzen uzten. Egoera ikusita, udal langileek amore eman eta lana eten behar izan zuten.
Emakumeek gogor egiten zuten agindua eman zuen epaitegiaren eta baita etxegabetzea babestera joandako Guardia Zibilaren aurka. Oihu eta garrasiekin hasi ziren lehenengo, baina harriak botatzeari ekin zioten ondoren. Egoera ikusita, epaitegiak bertan behera utzi zuen etxegabetzea, hurrengo egunean jarraitzeko asmoz. Uneko garaipenak bultzatuta, emakumeek manifestazio bat antolatu zuten Barakaldoko kaleetan zehar, etxeen jabeen aurkako eta langileen aldeko oihuak botaz.
Emakumeek etxegabetzea geldiarazteko erakutsitako jarrera oldarkor eta ausarta arrotz suertatu zitzaien hainbati, eta azalpen ulergarriago bat bilatu nahian, gizonak kokatu zituzten ekintzen buru eta antolatzaile, eta emakumeak gizonek pentsatu eta bideratutako estrategiak betetzera mugatu ziren menpeko: “Eta matxinatuen taktika umez lagundutako emakumeak besterik ez aurkeztea izan zen, zatirik ahul eta lotsagabeena, zeinaren aurka ezin baitzen indar publikorik erabili sarraski nazkagarri bat egitera arriskatu gabe“11LA LECTURA DOMINICAL. 1905.05.27. “Y la táctica de los amotinados fue no presentar en él más que a las mujeres con los niños, esto es, a la parte débil y más atrevida, contra la que no cabe usar la fuerza pública sin exponerse a producir una hecatombe repugnante.”. Emakumeei egozten zaien esaneko jarrera pasiboa, aldiz, ez dator bat gertakariek hartu zuten bidearekin. Egunkarietako kroniketan agertzen denez, “gizonen bat hurbiltzen zitzaienean, joateko esaten zioten, nahi zutena lortzeko laguntzarik behar ez zutela esanez”12EL NOTICIERO BILBAINO. 1905.05.18. “Cuando algún hombre se acercaba a ellas, le despedían, diciéndole que ellas bastaban y sobraban para salirse con la suya.”; EL NERVIÓN. 1905.05.17. “[…] llegando al extremo de despachar de su lado a los hombres que por mera curiosidad se paraban frente a la casa.”; LA GACETA DEL NORTE. 1905.05.19. “[…] parece que se oponían a que los hombres tomen cartas en el asunto, para evitar que intervenga la fuerza armada […]” EL LIBERAL. 1905.05.18. “Entonces el capitán se dirigió a un grupo de obreros que, a distancia, presenciaba el suceso, rogándole que aconsejaran a las mujeres que se retiraran. Ellos contestaron que no se mezclaban en el asunto.”.
Egoerak eztanda egin eta hurrengo egunean, maiatzaren 17an, aurreko eguneko jarrera bera mantendu zuten matxinatutako emakumeek. Udaleko arduradunak kaleratzearekin jarraitzen saiatu zirenean eskailera emakumez beteta topatu zuten. Oihu artean ziurtatzen zuten ez ziotela inori altzari bakar bat ere ateratzen utziko, eta ez zutela hori lortzeko inoren beharrik13EL NERVIÓN. 1905.05.17. “Estas manifestaban en voz alta que ellas solas bastaban para no consentir que se sacara ni un solo mueble a la calle, llegando al extremo de despachar de su lado a los hombres que por mera curiosidad se paraban frente a la casa.”. Epaitegiko kideak atean geratu ziren bitartean, guardia zibilen Castrillo kapitaina emakumeekin hitz egiten saiatu zen legea betetzen utz ziezaieten eskatuz, baina alferrik. Euren jarrera tinkoa ikusita, kapitainak goi karguetara jo zuen konponbide bila. Gobernadore zibilarekin hitz egin zuen, eta hark etxegabetzea bertan behera uzteko agindu zion. Aztoratutako emakume batzuk sortutako liskar bat besterik ez zelakoan zegoen. Azkar nekatuko zirela sinetsita, etxegabetze aginduak laster bete ahal izango zituztela pentsatu zuen.
Emakumeek, ordea, ez zuten amore eman. Guardia Zibila joan bezain laster, botila eta kristalak botatzen hasi ziren balkoi eta leihoetatik. Udal langileak jaurtitakoa garbitzera joan zirenean ere, zain zeuzkaten emakumeak emandako aginduak betetzea eragozteko. Bigarren egunez ziurtatu zuten etxegabetzea bertan behera geratu zela, eta berdin jarraitu zuten aurrerantzean ere. Bizkaiko gobernadore zibilaren ustearen aurka, emakumeak egunez egun jarraitu zuten San Juan kaleko atari hartara hurbiltzen etxegabetzea ekiditeko. Etxeen jabeek agintariak alde zeuzkatela jakinda ere, “mundu guztiari ikusarazi zioten ez zutela haien zapalkuntzarik onartuko”14EL NERVIÓN. 1905.05.18. “[…] hallándose dispuestas -según decían- a hacerle ver al mundo entero que no se dejaban atropellar por los caseros, aunque estos se hallaran apoyados por la autoridad.”.
EZINEZKO KONPONBIDE BILA
Grebalariek euren aldetik, eta agintariek bestetik, irtenbide bat bilatu nahi izan zioten sortutako egoera ezohikoari, baina bi aldeen jarrerak urrunegi zeuden konponbiderik hitzartu ahal izateko.
Emakumeen artean bi talde sortu ziren. Batetik, gobernadore zibilarekin hitz egitearen alde zeudenek osatzen zutena zegoen, eta bestetik, langileei greba orokorrerako deia egin nahi zietenak zeuden. Egoera lehertu eta hirugarren egunean, emakumeen ordezkari batzuk Bilboko Gobernu Zibilera joan ziren. Brena gobernadore zibilarekin hitz egin nahi zuten bitartekari lanak egin zitzan.
Etxegabetzea gelditzeko eskatu zioten, lehenago edo beranduago eurek ere pairatu beharko zutela argudiatuz. Izan ere, etxeen jabeek errenta altuak eskatzeaz gain, hilabeteko alokairua eskatzen zieten berme gisa eta beste hilabete bat aurrekari moduan. Langile familia gehienek, ordea, ezin zieten gastu haiei guztiei aurre egin. Gobernadore zibilak etxegabetzea gerta zedin uzteko gomendatu zien, erabaki judizial bat zenez, betetzea beste aukerarik ez zegoela esanez. Edonola ere, legea bete ostean jabeen eskakizunek gehiegizkoak izaten jarraitzen bazuten, arazoa modu bidezkoan konpontzeko ahaleginak egingo zituela agindu zien. Erantzunaz mesfidati, Barakaldora itzuli zirenean, ordura arteko bidea jarraitzea erabaki zuten. Euren hitzen irmotasunak erakusten zuen ez zeudela berehalakoan amore emateko prest: “aulki bakar bat ere ez zen etxetik aterako, lortzeko bizia eman behar bazuten ere“15EL NOTICIERO BILBAINO. 1905.05.20. “[…] que no se saque del edificio ni siquiera una silla, aunque les cueste la vida el conseguirlo.”.
Hitzaren bitarteko konponbidea urrun zegoela ikusita, ekintzen bidean jarraitu zuten hurrengo egunetan, manifestu, bilera eta mitinen bidez. Maiatzaren 18an bertan argitaratu zen Bizilagunen elkarteko idatziak, “Etxegabeei” (A los sin casa) izenburua zuenak, euren asmoetan tinko mantentzera engaiatzen zituen matxinatuak.
“[…] Laguntzarik ematen ez duenak ez du elkartasunik merezi; bere handinahikeriak eskatzen duen besteko errenta ordaintzen ez badiogu, gure laguntzari esker lortu dituen etxeetatik botatzen gaituen horri ukatu diezaiogun gure laguntza boikota eginez, xumeak esplotatzetik bizi diren harroputzak umiltzeko arma boteretsua. / Egin diezaiegun gauza bera agintariak kaleratu gaitzaten xaxatzen dituzten etxe jabeei; nahiago dute hori duela gutxi igo dituzten eta gure soldaten eskasiagatik eta behar-beharrezko gaien prezioengatik ordaindu ezin ditugun errentak zentimo gutxi batzuk jaistea baino. […] / Jarrai dezagun hilaren 16an bizilagun bakar baten altzariak kalera ateratzea eragotziz hain modu adoretsuan hasi genuen kanpaina; eta beti jabeen zerbitzura dagoen indar basatiak eragotziko balu, atera ditzagun geure borondatez eta bete ditzagun kaleak eurekin mundu guztia lotsatu dadin Barakaldo eta Sestao bezalako bi herri langileetako bizilagunak etxeen jabeek indarrez kaleratu dituztela jakitean.16A.M.B., C. 1586, no 1. Bizilagunen batzordeak herritarrei zuzendutako A los sin casa bandoa. (1905.05.17) “[…] Quien no presta ayuda no merece apoyo; y á ese que hasta hoy hemos ayudado hasta llegar adquirir la propiedad de unas casas de las cuales nos arroja si no le pagamos tanta renta como su ambición exige, neguémosle nuestro apoyo declarándole el boykot que es un arma poderosa para humillar á los soberbios que viven explotando á los humildes. […] / Llevemos este procedimiento á los caseros que azuzan á las autoridades para que nos arrojen á la calle antes que rebajar unos miserables céntimos á las rentas que no ha mucho tiempo subieron, y que no podemos pagar por la escasez de los jornales y por el precio que alcanzan los artículos de primera necesidad, […] / Sigamos valerosamente la campaña empezada el dia 16, de no consentir que los muebles de ningún vecino sean arrojados á la calle, y si la fuerza bruta, puesta siempre al servicio de los propietarios, lo impidiesen, saquémoslos todos voluntariamente y llenemos las calles con ellos para que el mundo entero se avergüence al saber que los vecinos de dos pueblos laboriosos corno Baracaldo y Sestao, han sido arrojados á la calle por los propietarios de las casas amparados por la fuerza. […]”[…]“
Idatzi honen bidez, bizilagunen artean ohikoa zen egoera salatzeaz gain, emakumeek mobilizazioetara deitzen zituzten gainontzeko bizilagunak. Egoeraren jabe egiteko, etxegabetzeen aurkako protesten ikur bilakatu zituzten altzariak. Euren borondatez jaitsiko zituzten kalera etxeetatik bortxaz atera nahi zizkieten altzariak. Herri guztiari zabaldutako deialdiaren bidez lortu nahi zuten etxegabetzeak geldiaraztea.
Protesta moduez gain, egin beharreko aldarrikapenez aritu ziren Bizilagunen Elkarteak egoera baloratzeko antolatutako bileretan. Zerrenda handituz joan ziren, prezioa ez baitzen etxebizitza haiek zuten arazo bakarra. Alokairuen egoera bidezkoa izateko beharrezkotzat jo zuten jabeak etxebizitzen garbitasun eta higieneaz arduratzea. Baldintza hau onartu ezean, alokairuaren preziotik kenduko litzateke mantentze lanetarako beharrezko kopurua. Etxebizitzen osasun egoeraren balorazioa egiteko maizterrek batzorde bat osatzea proposatu zuten. Bestalde, aurrerantzean jabeek ezingo zituzten maizterrak arrazoirik gabe kaleratu.
Bien bitartean, etxe jabe eta agintariak ere arazoa euren bidetik konpontzen saiatu ziren egun haietan zehar. Emakumeen ordezkariak gobernadore zibilarekin bildu zenerako, berekin izanak ziren maiatzaren 18an Casimiro Arana alkatea eta Benito Achucarro epailea. Larunbatean, bizilagunen bileraren ondoren etxe jabeek beste bat egin zuten udalak deituta. Eztabaida luze baten ostean, maizterren eskakizunetatik zein urrun zeuden erakusten zuten hiru ondorio nagusi atera zituzten: egoera normaltasunera iritsi eta legea betearazi behar zela, legea betez gero jabe batzuk prest leudekeela maizterren eskaerak entzun eta bidezkoak zirenei erantzuteko, eta ez zutela bizilagunen elkartea bitartekari gisa onartzen17A.M.B., C. 1586, no 1. Etxe jabeen bilerako akta. (1905.05.20).
Alkateak, etxegabetzea astelehenean gauzatuko zela jakitun eta sortu zitezkeen istiluak aurreikusi eta ekiditeko asmoz, bando bat zuzendu zien barakaldar guztiei igande hartan bertan, hilaren 21ean:
“[…] onartu legearen ordezkari eta betearazleak diona, hiritar baketsu eta zintzo ororen betebeharra den moduan. Matxinada eta indar bidez aurka egitea bortitza izan eta Kodeak zigortzeaz gain, ez eraginkorra eta kaltegarria litzateke. Indar armatuen parte hartzeak, horretara behartuko bazenituzte, ezbehar larriak sortuko lituzke, eta agian baita dolu-egunen bat ere, bai herriarentzat, eta baita gatazkarekin zerikusirik izan ez dezaketen familia batzuentzat ere.18A.M.B., C. 1586, no 1. Casimiro Arana alkatearen bandoa (1905.05.21) “[…] que acatéis al representante y ejecutor de la ley, cual es la obligación de todo pacífico y honrado ciudadano, y ya que resistir por medio del motín y la fuerza, tras de ser atentatorio y penado en el Código, resultaría de todo punto ineficaz y contraproducente, puesto que la intervención de la fuerza armada, si a ello dierais lugar, ocasionaría graves disgustos y quizá un día de luto para el pueblo, y muy especialmente en el seno de algunas familias, que bien pudieran, después de todo, hallarse ajenas a la contienda.”“
EMAKUMEEK ETXEA KALERA ATERA ZUTEN
Alkateak ulertarazi zuenez, etxegabetzea ez zen gehiago luzatuko. Maiatzeko astelehen hartan, gertatzear zenaz jabetuta, aurreko egunetan baino emakume gehiago bildu ziren San Juan kalean. Egun erabakigarri hartan inguruko herrietako emakumeak ere hurbildu ziren Barakaldora. Sestao eta Erandiokoak ziren gehienak, bertakoek bezelako egoerak bizi zituzten herrietakoak, hain zuzen. Elkartasun keinu hura aurreko egunetako gertakariek lortu zuten oihartzunaren erakusle zen, egunek aurrera egin ahala geroz eta jende gehiago biltzea lortzen ari baitziren. Ekiteko moduari zegokionez, garbi zuten erresistentzia pasiboa erabiliko zutela: “etxegabetzeari aurre egingo zioten azken uneraino, baina indar publikoari aurre egin gabe19EL NOTICIERO BILBAINO. 1905.05.23. “[…] hasta el último momento, pero sin hacer frente a la fuerza pública.””.
Guardia Zibilaren infanteriak eta zalditeriak hartuta zeuzkaten inguruetako ate, leiho eta balkoi guztiak, edozein eraso ekiditeko asmoz. Epaitegiko kide ziren Ramon Llantada idazkaria, Vicente Ferreiro eskribaua eta Angel Rufrancos aguazila iritsi zirenean, txistu eta irain artean egin zieten harrera. Zalditeria emakumeengana zuzendu zen, baina hauek ez ziren tokitik mugitu. Sekzioaren agintari zen tenienteak pasatzen uzteko eskatu bazien ere, emakumeek ez zuten amore eman. Haietako batzuk komandantearengana hurbildu eta jakinarazi zioten ez zutela guardiei erasotzeko asmorik, baina tinko mantenduko zirela epaitegiko kideei sartzen ez uzteko.
Emakumeen jarrera ikusirik, poliziei bidea zabaltzeko agindu zieten. Zaldiez baliatu ziren emakumeak baztertzen hasi eta kalea libratzeko, baina atarian eta eskaileretan zeudenek euren postuak mantentzea lortu zuten, erresistentzia gogor eta sendoa erakutsiz. Guardiek ateburuetatik erauzi behar izan zituzten emakumeak. Hainbat izan ziren bertatik arropak urratuta atera zirenak.
Indar armatuek tarte bat egitea lortu zutenean, eskaileraraino sartu ziren. Etxea husteko bidea egin zuten eta epaitegiko kideei bertatik igotzea ahalbidetu zieten, altzariak kalera ateratzen has zitezen. Hilaren 16an egindako lehen saiakeratik zazpi egunera lortu zuten azkenik Policarpo Barrioren etxegabetzeari ekitea.
Han bilduta zeuden emakumeek, ordea, atzera egin beharrean, urrats bat gehiago eman zuten gertatzen ari zen etxegabetzearen aurkako protestan. Epaitegiko langileak lehen altzariak kaleratzearekin batera, aurreko eguneko bileran adostutakoa betetzen hasi ziren: etxeak kalera atera zituzten.
Berehala aldatu zen Barakaldoren itxura. Aire zabaleko kanpaleku bat zirudien elizateak. Kaleak ohe, koltxoi, sehaska, mahai, aulki eta bestelako altzariz bete ziren. Emakumeek izara eta estalkiz prestatu zituzten oheak. Argimutilak jarri zituzten alboan kokatutako mesanotxeetan. Mahaiak antolatu eta familia ugari jarri ziren inguruan bazkaltzen. Giro hartan, izan zen bazkaria amaitu ostean kartetan jokatzen hasi zenik ere.
Guardiek ez zuten altzariak kalera ateratzea ekiditeko ezer egin, izan ere, ezer gutxi lortuko zuten: herri osoa ari zen ekintzan parte hartzen. Protesta modua aldatu zuten. Etxegabetzea saihesten saiatzetik, herriko ohiko jarduerak geldiarazi zituen ekintza hura egitera pasa ziren.
Garraiobideak mozten
Aipatu moduan, emakumeak ez ziren barakaldarrak bakarrik izan, eta gatazka ez zen San Juan kalera soilik mugatu. Antolaketa ona eta partaide kopuru handi batean pentsatuz bakarrik ulertu daiteke protestak izan zuen hedapen zabala.
Ekintzek eragin handiagoa izan zezaten, emakumeek Portugaleteko trenbiderako bidea hartu zuten. Ohe bat izan zen trenbidean ezarri zen lehen altzaria, eta ondoren bertan bidea oztopatzeko denetariko tresnak erabili zituzten: lastairak, mahaiak, usteldutako trabesak, etab.
Konpainia ezberdinetako langileak trenbideak garbitzen saiatzen zirenean, emakumeek eraso egiten zieten. Horrela, Portugaletetik 11.30ean atera zen trenak jada ezin izan zuen Desertu zeharkatu, eta Bilbotik zetorrenak ere Lutxanako geltokian geratu behar izan zuen. Trenbidearen lau kilometro itxi zuten altzari harri eta zuhaitz enborrez. Desertuko geltokiko tunela oztopatu zuten, eta baita tranbiaren bidea ere, Reketako zubitik Sestaoraino. Errepidea eta Barakaldo eta Erandio bitarteko txalupen joan-etorriak ere geldiarazi zituzten. Emakumeek Barakaldo eta inguruko herrien arteko loturak etetea lortu zuten borroka eta antolaketaren bitartez: bideak zabaltzen saiatu ziren langileak geldiarazi zituzten, bideetan jarritako oztopoen zainketa lanak egiteko taldeak antolatu zituzten… Jarritako oztopoak kendu zizkietenean, euren gorputzak erabili zituzten trenak geldiarazteko20EL NERVIÓN. 1905.05.23. “Cuando las citadas mujeres se disponían a quitar los muebles, llegaron otras que tomaron la cosa a mal y se opusieron terminantemente a que tal se hiciera, echándose ellas mismas en la vía para que los vehículos no pudieran avanzar.”. Garraiobideak benetan etetea lortzeko modu bakar bihurtu zenean, zalantzarik egin gabe etzan ziren trenbideetan.
Kaleetatik lantegietara
Altzariak kalean eta garraiobideak etenda, matxinada inguruko herri eta lantegietara hedatzea izan zen hurrengo helburua. Arreta Labe Garaietako eguneko txandatik gauekora iragateko unean jarrita zegoen. Izan ere, bertako langileen emazte, ama eta arrebak ziren etxegabetzeen aurkako protesta hura hasi zutenak. Langile haien bizitokiak ziren aldarrikapenen erdigunean zeudenak. Haien lan uztea izan zitekeen protestekin bat egiteko modu zuzena, eta ez zuten epelkeriaz erantzun.
El Noticiero Bilbaino egunkariak jakinarazi zuenez, Labe Garaietan gaueko txandan sartu behar ziren 2.000 langileetatik 639 besterik ez ziren bertaratu. Labe garaiak eta koke labeak mantentzea besterik ez zuten lortu. Ijezketa-trenak ezin izan ziren martxan jarri, ez baitzegoen behar beste langile. Egunkari berean aipatzen zuen Labe Garaietako langile batek, erresistentzia elkarteek matxinatutako emakumeen aldarrikapenekin bat egiteko lanera ez joateko gomendatu zietela.
Lantegiak hustearekin batera joan ziren Barakaldoko kaleak jendez betetzen. Egunkarietan agertzen denez, protestak jai giroan ari ziren antolatzen. Emakumeek kalean prestatu zuten janaria eta kalean zen orori eskaintzen zioten. Haietako batzuk esan zutenez, altzariak berriro jasotzeko prest zeuden gobernadore zibilak bere sinaduraz bermatzen bazien alokairuen prezioa jaitsiko zela eta jabeek ez zituztela euren etxebizitzetatik botako.
Ezohiko egoera hartan, egunaren amaierarako bazirudien emakumeak euren aldarrikapenak lortzetik gertuago zeudela. Izan ere, lau etxejabe, gainontzeko guztien artean hartutako erabakiei entzungor eginez, Bizilagunen Elkarteak egindako eskari batzuk onartzen hasi ziren. Jarrera horren bidez elkartea bitartekari moduan onartzen zuten, gainontzeko etxejabeekin udalean egindako bileran erabakitakoaren aurka. Bestetik, El Nervión egunkariak aipatzen zuenez, bazirudien Achucarro epailea saiatuko zela ebaztear zeuden beste 40 etxejabetze epaiketa atzeratzen, tarte hartan jabe eta maizterrak akordio batera heltzen saia zitezen.
Gertakariek, ordea, euren bidea egin zuten. Matxinada geroz eta gertuago zegoenez 1903koa gogorarazten zuen greba orokorretik, agintari nagusiak egoerari erantzuteko neurriak hartzen hasi ziren maiatzaren 22ko arratsalde-gau partean bertan.
GREBA OROKORRERA BIDEAN
Hurrengo egunean, Barakaldoko garraiobideek moztuta jarraitzen zutela, greba lantegietan mantentzea bihurtu zen helburu nagusi. Emakume talde bat arduratu zen gizonak zuzenean konbentzitzeaz. Itsasadarra zeharkatu, Elorrieta auzoko Tubos Forjados lantegian sartu eta euren aldarrikapenak azaldu zizkieten bertako 150 langileei, grebarekin bat egin zezaten lortuz. Taldea handituz zihoan heinean, hurrenez hurren joan ziren eskuinaldeko lantegiak ixten: Lamiakoko Vidriera, Lutxanako azido lantegiak, Erandioko Trefilería Vasco-Española, etab. Itsasadarraren eskuinalde osoa geldiarazi zuten.
Ezkerraldea ere goiz osoan zehar joan zen aldarrikapenetara atxikitzen. La Vizcaya lantegirako bidea hartu zuen berrogei emakume inguruz osatutako beste talde batek. Antonio Echevarria lantegiko zuzendariak aurre egin bazien ere, azkenerako, 3.000 langiletatik 360 besterik ez ziren lantegian geratu, labeen arduradunak besterik ez.
Labe Garaietan istiluak izan ziren. Barakaldoko emakume guztiek ez zuten bat egiten ordura arte hedatu ziren protesta moduekin. Batasuna ez zen erabatekoa. Langileen bazkalorduan elkartu ziren guztiak, eta istiluak sortu ziren matxinatutako emakumeen eta bertara senar edo semeei bazkaria eramatera hurbildu zirenen artean. Ezbeharrik gerta ez zedin, atsedenaldiaren ostean ez ziuzten langileak berriro lanera deitu. Labeez arduratzen ziren 250 langile besterik ez ziren bertan geratu.
Aldarrikapenak kaleetan
Eguerdian mila emakume baino gehiago biltzen zituen manifestazio bat irten zen Barakaldoko Langileen Zentrotik (Centro Obrero de Baracaldo). Industrialdeko hainbat auzotara iritsi ziren hiru bandera gorri tarteko. Batean “Bizilagunen elkarteak alokairuen jaitsiera eskatzen du” eta beste batean “Behera etxe jabeak!” agertzen ziren idatzita. Hil daitezela etxe jabeak! Behera alokairuak! Gora askatasuna! bezalako oihuekin laguntzen zuten pausoa. Bidean topatzen zituzten dendak ixtera behartzen zituzten. Arratsaldeko seietarako lortua zuten euren helburua.
Matxinatuen aldetik, Portu kaleko etxe batean ondorengo manifestua jarri zuten:
“Bizilagunak! / Bidezko kausa bat defendatzen denean ez dira bere defendatzaileak indarrarekin mehatxatzen amore eman dezaten. Hori egitea justizia urratzea da, arrazoia zapaltzea. Mundu guztia dugu gure alde, bat dator gure eskaerekin eta gure garaipena nahi du. Betearazi ditzagun gure bidezko eskakizunak eta asebete dezagun mundua. / Lortu ditzagun gure bidezko asmoak! / Gure jokabidean tinko, guztia hartzen duen ozeanoa gara! / Gure altzariak kalean, etxegabetzea bidegabea baita! / Ez ordaindu etxeen jabeei alokairuak jeitsi eta gelak saneatzen ez badituzte! Behera lapurreta legalizatua! / Gora justizia eta osasuna! / Gora batasuna eta elkarlaguntza!”21EL NOTICIERO BILBAINO. 1905.05.24. “¡Inquilinos! / Cuando se defiende una causa justa no se amenaza a sus defensores con la fuerza para hacerlos capitular. Hacerlo es vulnerar la justicia, es atropellar la razón. El mundo entero está con nosotros, justifica nuestras reclamaciones y desea nuestro triunfo. Hagamos cumplir nuestras justas reclamaciones y demos satisfacción al mundo. / ¡Consigamos nuestros propósitos que son justos! / ¡Firmes en nuestra actitud, somos el Oceano que lo invade todo! / ¡Nuestros muebles en la calle, porque el desahucio es inicuo! / ¡No pagar a los caseros si éstos no rebajan los alquileres y sanean las habitaciones! ¡Abajo el robo legalizado! ¡Viva la justicia y la saluz! ¡Viva la hunion y el apoyo mútuo!”
Gerra-egoera
Gertaeren larritasuna ikusita, agintarien bilera batean erabaki zen Brena gobernadore zibilak Soler gobernadore militarrari emango ziola probintziako agintea, eta honek berehala hartu zituen matxinada geratzeko neurriak: Gerra-egoera deklaratu zen Bilbon, itsasadarraren alde bietako herrietan eta meatzaldean, itsasoraino. Hainbat izan ziren egunean zehar bandoa betearazteko asmoz hurbildutako militarrak: Santoñatik Andaluziako erregimentua, Burgosetik Leialtasunarena, Gasteiz eta Orduñako Cirujeda koronelak agindutako Cuencakoa eta Arlabaneko eskuadroi bat.
Arratsaldeko lauretan atera zen Bilboko San rantziskoko kuarteletik Garellanoko errejimentua, Soler gobernadoreak ezarritako Alvarado koronelaren agindupean. Barakaldora iritsi zirenean, setio-egoeraren berri eman zuen bando bidez. Irakurketa amaitu bezain laster, Alvarado komandantea gizonei zuzendu zitzaien, ordura arteko protagonistak emakumeak izan baziren ere. Ordena berrezartzeko agindu zien, emeek eragindako kaos hari gizon moduan erantzuteko, alegia: “Asmo baketsuz nator inguru honetan lasaitasuna ezartzera. Emakumeengandik euren jarrera aldatu eta errepide eta tren eta tranbien zirkulazio bideak oztopatzen dituzten altzariak kentzea espero dut. Zuoi, gizonoi, emeen inposaketei men egiteari uztea espero dut, euren jarrera aldatzea lortu eta altzariak erretiratzera behartuz.22EL NERVIÓN 1905.05.24. “Vengo en son de paz a restablecer la tranquilidad de esta zona. / Espero que las mujeres que depongan su actitud y retiren los muebles que obstruyen el paso en las carreteras y en las vías de la circulación de trenes y tranvías. / De vosotros los hombres espero que no aguantéis las imposiciones de las hembras y consigáis que depongan su actitud y queden retirados los muebles.”“
Ondoren, Barakaldoko agintariei jakinarazi zien herrian bizi zen egoera anarkikoarekin amaituko zuela horretarako zeuzkan baliabide guztiak erabiliz. Tiro egitera iritsi behar bazen, ez zuen aurrean zuenaren sexuak geldiaraziko. Hau jakin bezain laster, Bizilagunen elkartea Gizarte-ikasketen Zentroan (Centro de Estudios Sociales) bildu zen. Kaleetan zeuden altzariak kendu zitezen eskatzeko ordezkari batzuk izendatu zituzten.
Garaiko egunkarietan agertzen denez, militarren jarrerak eta grebalarien beldurrak ekarri zuen atzerapauso hura ematea. Baina kontuan hartzekoa da une honetatik aurrerako iritziak baldintzatuta daudela. Hedabideek pairatutako zentsura erabatekoa izan zen gerra-egoera izendatu ondoren. Inguruko eta estatuko egunkariek azpimarratzen zuten zenbaterainoko zailtasunak zeuzkaten informazioa behar zen moduan eskaintzeko23EL NOTICIERO BILBAINO. 1905.05.24 “En el Gobierno militar de esta plaza ejerce censura en los despachos telegráficos y telefónicos y en las cuartillas para la transmisión de conferencias, don Antonio Díaz Delgado, teniente auditor e Guerra de segunda clase, que llegó ayer procedente de Burgos”.; EL LIBERAL. 1905.05.24. “Todos los telefonemas y telegramas antes de ser cursados pasan por el gobernador militar, donde se ejerce la censura.”; EL IMPARCIAL. 1905.05.24 “Según me dicen, el ministro ha ordenado que se ejerza aquí la censura telegrafica, lo cual, sobre difícil y perjudicalísimo para el servicio de la prensa, es de todo punto inmotivado. / Ruego a El Imparcial llame la atención del ministro sobre lo improcedente de esta medida.”; EL HERALDO DE MADRID. 1905.05.23 “La censura es muy rigurosa. / Se hace dificilísimo un servicio completo. […] La censura a mutilado los informes, según la vieja costumbre, que sirve para aumentar la alarma, porque con tal procedimiento se sabe la verdad a medias, que es el peor modo de conocerla.”; EL GLOBO. 1905.05.23 “No pueden telegrafiarse ciertos detalles importantes, por la severidad de la censura oficial.”. Egunkari ezberdinek askoz ere modu bateratuagoan aipatu zituzten gertakariak ordutik aurrera.
GREBAREN GAINBEHERA
Zentsurak zuzen eragindako egunkarietan agertzen zenez, gerra egora izendatu ondorengo eguna “normaltasunez” hasi zen. Ordurako kenduak ziren altzari gehienak bai kaleetatik eta baita trenbide eta errepideetatik ere, eta militarrek hartuta zeuzkaten Barakaldo eta Sestao inguruak.
Baina setio egoera gogorra izanagatik ere, sozialisten idatzi bat izan zen grebalarien artean hautsak harrotu zituena. Goizean zehar banatu zuten La Lucha de Clases egunkariaren gehigarri hartan langileei greba hura gelditzeko gomendioa egiten zitzaien:
“[…] Maizterren eskakizunak oso bidezkoak izan arren, ez dira eskualde osoko lagile klasea arriskuan jartzeko bezain garrantzitsuak. / Langileok: ez entzun greba orokorra proposatuko dizuetenei, norbaitek galtzekotan langileak berak lirateke eta. Eman bizkarra hain aholku okerrak ematera datozkizuenei, Bizkaiko burgesei atsegin egun bat ez emateagatik besterik ez bada ere; aurreko aldietan izan duzuen jarrera ausartagatik duen mendeku gosez zuek deuseztatzeko medio guztiak erabiliko dituzte; eta izan kontuan antolaketa sendo batek besterik ez dituela zuen laneko egoera, etxekoa eta bizitzako arlo guztietakoa hobetuko.24LA LUCHA DE CLASES. 1905.05.27. “[…] Con ser muy justo lo reclamado por los inquilinos baracaldeses, no es de tal magnitud que con ello pueda comprometerse a toda la clase trabajadora de la región. / Trabajadores: Desoíd a los que os vayan propalando una huelga general, con la cual si alguien perdiera serían los mismos trabajadores. Volver la espalda a quienes sean portadores de tan siniestros consejos, siquiera por no dar un día de placer a la burguesía vizcaína, la cual, sedienta de venganza por vuestras gallardas actitudes de anteriores ocasiones, no desperdiciará medio para aniquilaros; y tened presente que solo una organización robusta mejorará vuestra condición en el trabajo, en el hogar y en todos los órdenes de la vida. […]”[…]”
Alderdi Sozialistak greba ez bultzatzeak eragin erabakigarria izan zuen beronen gainbeheran. Bidea emakumeek hasi bazuten ere, langileak alde behar zituzten hasierako matxinada greba orokor bihurtuko bazen. Emakume gehienek euren erresistentzia kementsuak aurrera egin ahala lantegi eta meatzetako gizonak bidelagun izango zituztela uste zuten, aurreko egunean gertatu zen moduan.
Alderdi Sozialistarentzat, ordea, eskaera haiek ez zuten greba orokor bat deitzeko nahikoa pisurik. Langileei zuzenean banatutako testu horrez gain, El Liberal egunkari ezkertiarrak izandako jarrera aldaketa nabarmena izan zen. Grebaren bultzatzaile izan ziren hasieran, eta biolentzia bidegabeei uko egitera dei egin zuten ondoren: “eskatu egin behar duzue, ez exijitu; erregutu egin behar duzue, ez meatxatu; zuhurrak izan behar duzue, ez ausartak”25EUSKALDUNA. 1905.05.27. En ridículo. “Debéis rechazar á los redentores que, engañándoos, consiguen empujaros á violencias injustas; debéis pedir y no exigir; debéis rogar y no amenazar; debéis ser prudentes y no temerarios”. Jarrera kontraesankor hau traiziotzat hartu zuten emakume matxinatuek eta alde zeuden langileek. Barakaldo eta Sestaora hurbildu ziren sozialistei irain artean egin zieten harrera, “etxeen jabeei txakurtxiki eskukada baten truke saldu zirela” 26EL NOTICIERO BILBAINO 1905.05.25 “[…] que se habían vendido a los caseros por un puñado de perras chicas” leporatuta.
Sozialisten gomendioak eta herri osoa hartuta zuen egoera militarrak lantegiak ohiko jardunera itzultzea ekarri zuten. Goizean zehar Barakaldo eta Sestaoko lantegi gehienetan lanuztea mantentzen zela ikusirik, emakume talde bat greba orokorra deitzeko asmoz hurbildu zen Astilleros del Nervión eta Bizkaiko Labe Garaietara, baina soldaduek hartuta zeuzkaten biak ere, eta indarkeriaz zapuztu zituzten grebalarien asmoak. Arratsalderako ohi bezala funtzionatzen zuten lantegiek eta hurrengo txanda aldaketan ere ez zen sartzeko istilurik izan, zalditeriak babestu baitzituen barrura sartu ziren langileak.
Azken akordio saiakera
Aurreko egunean Alvarado koronelak baimendu bezala, emakume eta gizonez osatutako ordezkari talde batek Bilborako bidea hartu zuen Soler gobernadore militarrarekin batzartzeko asmoz. Bilera amaitu ostean, aurpegi luzez itzuli ziren Barakaldora. Jendez lepo zegoen Gizarte Ikasketen Zentroan bildu ziren. Beraiei esan zienez, gobernadoreak ez zuen gatazkaren jatorrian zeuden arazoak konpontzeko eskumenik. Ordena mehatxatuko zuen edozein gertakari zapaltzeko agindua emana zuen. Adina edo sexua kontuan hartu gabe iraultzaileak metrailatzera iristeko prest zegoen beharrezkoa bazen.
Une hartan infanteria pikete bat sartu zen aretoan eta jendea kanporatzeari ekin zioten.
Ordutik aurrera, jabe eta maizterren arteko bilerarik egitea ahalbidetzen ez zela ikusita, erabaki bat hartu beharra zegoen. Langile gehienek auzia bukatutzat ematen zuten, euren arteko batasuna apurtuta zegoela nabarmentzen baitzuten. Izan zen borroka mantentzearen alde agertu zenik ere. Azken hauek, aldiz, Soler jaunak agindutako indarkeriaren ondorioak pairatu behar izan zituzten. Zalditeriak etenik gabe kargatu zuen Barakaldon ezer antolatzeko asmoz bildu zirenen aurka. Greba deialdia Meatzaldera zabaltzeko asmoz Meatze eta lantegi guztiak geldiaraziko ditugu! oihukatuz joandakoak atxilotuta eraman zituzten Bilboko Larrinaga kartzelara.
Barakaldok bizi zuen indarkeria egoera oso gogorra bazen ere, bazen tinko mantentzen zen emakumerik oraindik ere: “Soldaduak herri honetatik joan bezain laster, kalera aterako ditugu altzari eta objektu guztiak berriro ere. Gainera, %50eko jaitsiera lortu ezean, ez dugu gure etxeetako alokairua ordainduko.”27EL NOTICIERO BILBAINO 1905.05.25. “Tan pronto como se retiren los soldados de este pueblo -decían las disgustadas- volveremos a sacar a las calles y vías todos los muebles y enseres. Además no pagaremos la renta a los amos de nuestras casas, si es que no nos rebajan el 50 por 100.”
ERREPRESIOA
Ostegunetik aurrera, grebaren gainbehera erabatekoa izan zen bai Barakaldon eta baita Sestao eta inguruko herrietan ere. Tren eta tranbiak arazorik gabe ibili ziren, goizetik jardun zuten normaltasunez itsasadarreko bi aldeetako lantegiek, saltzaileak plazara itzuli ziren eta denda guztiek zabaldu zituzten ateak.
Armadaren eta gainontzeko indarren jarrera zurrunak indarrez itoarazi zuen mugimendua. Izan ere, militarren euren hitzetan, euren soldadu bizitza guztian zehar, ez eta gerra garaian ere, ez zuten hain agindu zorrotzik jaso. Hala adierazi zuen Soler gobernadore militarrak berak Barakaldora egindako bisitan: “Nire egitekoa ordena berrezartzea zen, eta lortu dut. Barakaldo matxinada batean murgilduta zegoen duela bi egun eta gaur bare-bare dago. […] Gatazkaren jatorriari dagokionez, nik ez dut esku hartuko, ez baita nire eskuduntza eta, beraz, ezin ditut etxe jabeak alokairua jaistera behartu. Bortitza izango naiz, nire menpekoei idatziz eman dizkiedan aginduek erakusten duten moduan; nire aginduak, Jainkoaren Legearen aginduak bezala, bi besterik ez dira: indarrak iraintzen dituena kartzelara joango da; erresistentziarik txikiena erakusten duena fusilatua izango da.”28EL LIBERAL 1905.05.26. “- Mi misión – ha dicho – era restablecer el orden, y lo he conseguido. Baracaldo ardía hace dos días en pleno motín y hoy es una balsa de aceite. No necesito más tropas; sobran ya las que vinieron; pero estarán aquí varios días para que los soldados paseen y vean Bilbao. En cuanto a las causas que originaron el conflicto, yo no intervendré, porque no me compite y no puedo por lo tanto obligar a los caseros a que rebajen la renta. Seré enérgico, como lo demuestran las órdenes escritas que he dado a mis subordinados; mis instrucciones, como los mandamientos de la Ley de Dios, se encierran en dos: quien insulte a las fuerzas irá a presidio; quién las oponga la menor resistencia será fusilado.”
Jeneralak egindako aitorpenek erakusten dute gatazka hura etxebizitzaren arazoari lotuta hasi bazen ere, sakonera handiagoko oinarriak mugitu zituela. Emakume haiek izandako jokabide aktiboa onartezina zen. Aldarrikatzen zenaz haratago, nork eta nola aldarrikatzen zuen bihurtu zen arazoaren erdigune. Gizonezko jeneral harentzat onartezina zen emakume haiek egindako desafioa: “ez gizon gisa, ez eta soinean zeramaten uniforme ohoragarriagatik, ezin zuten emakume gutxi batzuk iraindu zitzaten onartu. […] Emakume haiek, batzuk haurdun, besteak umeak besoetan zeramatzatela, ez ziren konplot baten adarra besterik”29BAÑALES: 2004. “[…] ni como hombres ni por el honroso uniforme que visten podían seguir tolerando que fueran el escarnio de unas cuantas mujeres […] Aquellas mujeres, embarazadas unas, con chiquillos en los brazos otras, que no eran mas que el brazo de una conjuración”.
Atxiloketak
Gaua iristearekin batera, errepresioaren bidetik jarraitu zuen egora hura konpontzeko saiakera bakarrak. Altxamendu gehiago gertatzea ekiditeko asmoz, ordura artekoetan parte hartutako emakumeak atxilotzeari ekin zioten.
Goizeko ordu batean hasi zituen atxiloketak epaileak Guardia Zibilaren laguntzaz. Honi lotuta, bereziki deigarria suertatzen da gizon batek bere emaztea atxilotu zutenean esandakoa: “Ondo merezia dauka! Istiluetan sartu izan ez balitz…”30LA GACETA DEL NORTE. 1905.05.26. “Bien le está; ¡si no se hubiera metido en líos!…”. Emazteak bere aldarrikapenak kalera atera izana gaitzesten zuen ezeren gainetik. Egindako eskakizunek bere ongizatea ere bilatzen zuten arren, gizon moduan ezin zuen onartu emaztea plazan istiluetan sartuta ibili izana. Prest zegoen haren kartzelaratzea onartzeko, horrek ordena berrezartzea ekarriko bazuen. Soler gobernadorearen hitzekin alderatuz gero, hain gizarte estamentu ezberdinetan zeuden bi gizonen hitzen atzean diskurtso bera antzeman daiteke. Emakumeek ahotsa goratzeak berdin desafiatzen zituen agintari militarra eta langilea.
Gau guztian zehar jarraitu zuten atxiloketek. 16 izan ziren guztira, 12 Balmasedako Epaitegira bideratuak eta beste laurak agintari militarren menpe geratutakoak. Baten batek erresistentziarik erakusten bazuen, guardia zibilak atea indarrez zabalduta sartzen ziren.
Maiatzaren 26tik aurrera, arazoa amaitutzat ematen zuten egunkari gehienek, nahiz eta mundu guztia jabetzen zen “lasaitasuna” probintzian indarrez ezarritako egoera ezohikotik zetorrela. Amaierak, ordea, ez zuen konponketarik ekarri, Barakaldo eta Sestaoko hainbat etxetan agertutako paskinek erakusten zuten moduan.
GREBAREN ONDORIOAK
Egunkarietan ordutik aurrerako istilurik agertzen ez bada ere, gerra egoerak ekainaren 12ra arte iraun zuen. Tartean ez zen maizter eta jabeen artean konponbiderik bilatzeko saiakera gehiagorik egin.
Errepresioa izan zen egindako aldarrikapenak erantzuteko bide bakarra. Egun haietan zehar emakume nahiz gizonak atxilotzen jarraitu zuten. Guztira, Udalak eskaintzen duen dokumentazioaren arabera, 46 izan ziren atxilotuak, 8 gizon eta 38 emakume. Beste 8 atxilotzeko agindua emana zegoen31A.M.B., C. 1586, no 1.. Hilaren 30eko El Noticiero Bilbaino egunkarian, aldiz, 70era igotzen du kopurua, 39 gizon eta 31 emakume32EL NOTICIERO BILBAINO. 1905.05.30. “El total de detenidos con motivo de los sucesos de Baracaldo y Sestao asciende ya a 70, de los cuales son 39 hombres y 31 mujeres.”. Gerra-egoera izendatu ostean atxilotu zituztenak epaitegi militar baten bitartez prozesatu zituzten.
Garaiko prentsa emakumeen gartzelaratzearen aurka azaldu zen orokorrean, baina ez justiziarekin zerikusia zuten arrazoiengatik, euren ama izaera oinarri hartuta baizik. Gizonak ere atxilotu zituzten arren, prentsan ez zen haien aipamenik agertu. Emakumeek, ordea, errukia sorrarazten zuten. Gertakarietan izandako partehartzea irrazionaltasunari egotzi zioten. Euren bizitzaren ardatza amatasuna zen, eta amek ezin zuten gartzelan egon: “Gaur goizean, kartzelara bidean ikusi ditugunean, modu mingarrian hunkitu gara, haietako bigatik bereziki, ume bana baitzeramaten besoetan. Emakume batek, bere akatsak handiak izanagatik, pasio txarren larriagotzeaz edota instintu txarren indarrek gidatuta egindako okerrak larriak izanagatik, beti merezi du erruki amultsua bere amatasun betebehar santuen jardueran.33EL NERVIÓN. 1905.05.26. La ley escrita y la ley del amor. “Al verlas esta mañana camino de la cárcel, hemos experimentado muy dolorosa impresión, producida principalmente por dos de ellas, cada una de las cuales llevaba un niño en brazos. Una mujer, por grandes que sean sus errores, por grandes que sean las faltas que comete cuando se deja guiar por la exacerbación de las malas pasiones o por la fuerza de los malos instintos, resulta siempre digna de afectuosa conmiseración en el desempeño de los santos deberes maternales.”“
Kartzelaratzeez gain, errepresioak beste molde batzuk ere hartu zituen. Maiatzaren 30ean, Eduardo Soler gobernadore militarraren aginduz banatu eta itxi ziren Gizarte-ikasketen Zentroa (Centro de Estudios Sociales) eta Sestao eta inguruko Bizilagunen Elkartea (Sociedad de Inquilinos de Sestao y sus contornos)34A.M.B., C. 1586, no 1. Orden de disolución y clausura de la “Sociedad de Estudios Sociales” y la de “Ynquilinos de Sestao y Contornos”.. Bertako partaide izandako pertsona batzuk ihes egin behar izan zuten kartzela ekiditeko. Bestalde, zerrendak egin zituzten langilerik asaldatzaileenen izenekin euren lantegietatik kaleratu zitzaten.
ESPAZIOA ETA DENBORA ZEHARKATZEN DITUEN ARAZOA
Barakaldoko kasua goiztiarrenetakoa izan zen. Hainbat dira Europan eta Hego Amerikan XX. mendearen lehen erdian alokairuari lotuta egindako grebak: Buenos Aires (1907), Budapest (1907), Viena (1911), Ingalaterrako hainbat herri (1911-1913), Glasgow (1915), Sevilla (1919), Madrid (1920), Mexiko (1922), Bartzelona (1930), Tenerife (1933)… Buenos Aires eta Glasgowkoak izan ziren emaitza azpimarragarrienak lortu zituztenak.
Lehenengoa 1907an lehertu zen, Barakaldoko gertakariak baino bi urte geroago. Erratzen greba izendatu zuten hartan erresistentzia azkar hedatu zen hiri osora, eta emakumeak bilakatu ziren protestaren protagonista nagusi. Anarkistak eta komunistak biltzen zituen FORA (Federación Obrera Regional Argentina) langile elkartea izan zituen alde, eta bertako partaide ziren Virginia Bolten eta Juana Rouco Buela militante feministak egon ziren grebaren partaiderik aktiboenen artean. Egindako eskari gehienak lortu zituzten, eta gutxiengoa izan zen gatazkaren nekeak bultzatuta porrota onartu zuena.
Glasgowko greba Lehen Mundu Gerraren testu-inguruan kokatu behar da. Gatazkaren aitzakian, emakumeak alokairuak igotzearekin mehatxatu zituzten, euren senarrek etxeetatik urrun borrokatzen zuten bitartean. Glasgow Women’s Housing Association (Etxebizitzaren aldeko Glasgoweko Emakumeen Elkartea) sortu zen erantzun gisa, eta Mary Barbour, Mary Laird eta Helen Crawfurd izan zituen buru. 1915eko azaroan 20.000 pertsonak parte hartu zuten alokairuen greban. Sindikatuek, gerra garaiko araudiari jaramonik egin gabe, poliziak errepresio masibo bati ekiten bazion greba lantegietara eramateko mehatxua bota zuten. Azkenerako, grebalarien aurkako ekintza legal guztiak bertan behera geratu ziren. Ondoriorik garrantzitsuena parlamentu britainiarrean Rents and Mortgage Interest Restriction Bill (alokairu eta hipoteketako interes murrizketei buruzko lege-proiektua) sartzea izan zen. Gobernuak alokairu pribatuak kontrolatzeko esku hartzen zuen lehen aldia izan zen.
1920ko udaberrian, Madrilen, emakume talde handi batek Puerta del Solen aurrean egin zuen protesta Embajadores kaleko etxeetako alokairua bi urtetan hiru bider igo zelako; 1922ko urtarrilaren 29an, Veracruzeko (Mexiko) portuko prostitutek ordaintzen zituzten alokairuen gehiegizko prezioak salatzeko protestak hasi zituzten; Tenerifeko grebalarien artean zeuden emakumeak atxilotzera iritsi ziren euren parte hartzeengatik…
Oihartzun apalagoa eta ondorio eskasagoak izan bazituen ere, aurrez aipatutako greba guztien aurrekari izan ziren Barakaldoko gertakariak, emakumeek antolatutako etxebizitza duinen aldeko protesten kate luzearen hasieran kokatu beharrekoak.
ONDORIOAK
Lekua edozein dela ere, eredu hauetan guztietan hainbat elementu errepikatzen dira. Migrazio handiak jasotako tokietan etxebizitza eskariak gora egin eta alokairuak neurriz kanpo igotzea ekartzen du, bizitokiek gutxieneko baldintzak betetzen ez badituzte ere. Ordaindu beharreko errentak gainontzeko ezinbesteko produktuak ere ezin erostea dakarrenean, alokairuak ordaintzeari uko egiten zaio protesta moduan. Honen ondorioz agintzen diren etxegabetzeek matxinadak ekartzen dituzte, eta agintariak bortxa erabiliz saiatzen dira geldiarazten. Greba bakoitzaren arrakasta edo porrota parte hartzeaz gain, partaideek antolatuta dauzkaten elkarte eta sareen sendotasuna eta eskari berak egiten dituzten alderdi eta sindikatuek eskainitako babesak baldintzatu ohi dute. Hau garbi ikus daiteke Barakaldoko greba Buenos Aires eta Glasgowko ereduekin alderatzen badugu.
Baina aipatu ekintzen sekuentzia amankomunaz haratago, emakumeek izandako protagonismoa da guztiek partekatzen duten ezaugarri nagusia. Klasea eta generoa gurutzatzen dira etxebizitza duin eta bidezko baten alde egindako aldarrikapenean, Barakaldon ugaritzen ari zen langile klasearen barruan emakumeak izan ohi baitziren etxeko ekonomiaren arduradun, eta honek oinarrizko garrantzia izan zuen industrializazioaren garapenean. Beraiek arduratzen ziren etxean sartzen zen diruarekin familia osoak zeuzkan beharrak asebetetzeaz, eta, beraz, alokairuen gehiegikeriak sortzen zituen desorekak zuzen eragiten zituen.
Langileen ekoizpenaren esparrutik kanpo zegoen gai ororekiko utzikeria zen nagusi instituzioen aldetik. Alderdi eta sindikatuek ere garrantzia handiagoa eman zieten ordaindutako lanaren alde egin beharreko aldarrikapenei ordaindu gabekoen arazoei baino. Honela, emakumeek ahal zuten moduan kudeatzen zuten etxe bakoitzeko egoera. Greba honen bitartez, familia bakoitzeko esparru pribatuari zegokion arazo indibidual gisa ulertzen zena modu kolektiboan konpondu beharreko aldarrikapen publiko izatera iragaten da35EL NOTICIERO BILBAINO, 1905.05.19. “…pues mañana u otro día les sucedería a ellas lo propio…”. Eskaeren erdigunean kokatzen da etxebizitza, lantegietatik kanpo kokatu arren hauen funtzionamendurako ezinbestekoa zen esparrua, eta gako horrek bihurtzen du greba hau berezi, emakumeek gizonekin lotutako espazio publikora zabaltzen baitute eurek kudeatu ohi zuten arazo pribatuen alorra.
Kontuan hartzekoa da esparru publiko eta pribatua hurrenez hurren gizon eta emakumeei lotzearen ideia dikotomikoa zurrunegia dela mende hasierako Barakaldoko gizartea ulertzeko36YUJNOVSKY: 2004. Batetik, etxebizitzetan ohikoa zen pilaketa egoerak berak emakumeen arteko harreman eta talde loturak sorrarazten zituen ezinbestean, eta harreman haiek etxeko esparrutik haratago garatzen ziren. Bestalde, harreman estua zuten euren seme, senar, anaia eta aiten aldarrikapen protesta eta grebekin, emakumeek antolatzen baitzuten eskari forma haiek ahalbidetzeko beharrezko bizi azpiegitura.
Baina 1905eko greba hartan, azpiegitura sortzetik lehen lerrorako jauzia egin zuten emakumeek. Ahotsa jarri zieten aldarrikapenei eta gorpuztu egin zuten erresistentzia, eta aldaketa hark erantzuna izan zuen bai greba geldiarazi zuten botere militarren eskutik eta baita gertakariak azaltzeaz arduratu ziren kazetarien aldetik ere. Mitinak antolatzean erakutsitako ausardia sinesgogortasun eta erdeinuz erantzungo da, erakutsitako jarrera irmoa irrazionaltzat hartuko da, amatasuna ulertuko da kartzelatik ateratzeko arrazoi bakar gisa… Etengabe gogorarazi zieten emakumeei zein zen benetan zegokien lekua, ironia erabiliz erakutsi zuten jarrera adoretsua gutxietsiz, kasu: “Nork eutsi diezaioke emakume konplot bati, batez ere, ederrak badira?“37LA CORRESPONDENCIA MILITAR, 1905.05.18; EL MOTÍN, 1905.05.27. “Se trata, pues, de una cruzada del bello sexo contra los caseros, y es de temer que éstos sean vencidos… / ¿Quién resiste ante un complot de mujeres, sobre todo, si son guapas?”
Gertakarien kronologiari behatuz gero, aldiz, eraikitzen saiatzen diren ahultasun eredu horretatik guztiz urruntzen den emakume eredu bat ikus daiteke. Talde gisa antolatu ziren guztiena zen arazoari konponbidea bilatzeko, eta gizonei egozten zitzaizkien modu eta ekintza ezberdinez baliatu ziren espazio horren jabe bihurtzearekin batera. Mitinak antolatu zituzten, etxegabetzeak ekiditeko indar armatuei zuzen oldartu zitzaizkien, greba orokorra hedatzeko taldeetan joan ziren lantokietako jarduna gelditzera, garraiobideak eteteko zainketa taldeak antolatu zituzten, gobernadore zibilari zuzenean adierazi zizkieten euren eskariak, etab. Etxegabetzeen aurkako protesta ekintza berezi bat izatetik haratago, altzariak kalera ateratzeko keinu sinbolikoaren bitartez etxe barrukotzat jotzen ziren gatazkak plazara atera zituzten.
1907an Bizkaia gerra egoerara eramatea lortu zuten emakume haiek etxe barruko zaintzak lantegietan egiten zen lanak besteko garrantzia zuela aldarrikatu zuten, batak bestea eusten duen neurrian, eta egunotaraino luzatu den oinarrizko eskubide baten alde borrokatu ziren etxeak kalera ateraz.
BIBLIOGRAFIA
1986: HAINBAT EGILE (INSTITUTO POLITÉCNICO DE BARACALDO): Vivienda obrera en el último tercio del siglo XIX: el caso de Baracaldo, Bilbo, argitaratu gabea
1994: IBAÑEZ, Maite: “Barakaldo”, Monografías de Puelos de Bizkaia, Bizkaiko Foru Aldundia
1996: LESEDUARTE, Pilar: Los pueblos mineros. Conflictividad social y política municipal en la cuenca minera vizcaína, Ediciones Beta
2004: BAÑALES, Goio: La Mujer en Bizkaia. Algunos aspectos de su actividad social (hasta aprox. 1925), Bizkaiko Foru Aldundia
2004: YUJNOVSKY, Inés: “Vida cotidiana y participación política: «la marcha de las escobas» en la huelga de inquilinos, Buenos Aires, 1907”, Feminismos, 3 zkia., Alicanteko Unibertsitatea, Centro de Estudios sobre la Mujer, 117-134 orr.
2005: DOMINGO, Maria del Mar: Vivienda obrera en Bilbao y el Bajo Nervión: Las Casas Baratas, una nueva forma de alojamiento (1911-1936), Gironako Unibertsitatea
2012: PAREJA, Arantza: “Liadoras de cigarrillos en Bilbao: esposas, madres y huelguistas”, Vasconia, 38 zkia., 297-312 orr.
PRENTSA
LA CORRESPONDENCIA MILITAR
EUSKALDUNA
LA GACETA DEL NORTE
EL GLOBO
EL HERALDO DE MADRID
LA ILUSTRACIÓN ESPAÑOLA Y AMERICANA
EL IMPARCIAL
LA LECTURA DOMINICAL
EL LIBERAL
LA LUCHA DE CLASES
EL MOTÍN
EL NERVIÓN
EL NOTICIERO BILBAINO
EL PAÍS
ARTXIBOAK
A.M.B., C. 1586, nº 1, “Año 1905. Reuniones de sociedades de inquilinos y disturbios por diligencias de desahucio motivándose la declaración de estado de guerra”.