K-Barakaldo aldizkaria
Barakaldoko mugimendu euskaltzalearen historia 1960-70/1970-80
Txeru García Izagirre
Aintzindariak eta gerra aurrekoa
Euskal Herrian, azken gerra karlista (1876) amaitu ondoren, Euskal Mugimendua sortu zen. Foruen galpenak erabateko etsipen sentimendua piztu zuen gizarte maila guztietan, oro har, bai erakundeetan bai kultur elkarteetan. Euskera eta euskal kultura desagertzeko arriskuan zeudela ikusirik, euskal guneak sortzen hasi ziren. Mugimendu hau XIX. mendearen azken hogei urteetan gertatu zen, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Araban, batez ere. 1876-1936 tarte horri Euskal Pizkundea deritzo.
José Javier Granja Pascual idazleak bere obran adierazten digu hauek izan zirela aintzindari eta protagonista:
a) Asociación euskera de Navarra (1877-1883), Juan Iturraldek sortua.
b) Revistas de las provincias euskaras (1878-1879), Fermín Herran arabarrak sortua.
d) Revista de Euskal-Erria (1880-1910), José de Manterolak sortua. Guipuzkoa.
e) El grupo bilbaino, Fidel de Sagarminagaren inguruan sortua.
Horiekin batera, beste hauek ere aipatu ditzakegu, garrantzi handia eduki zutelako eta beraien lanak guregana iritsi direlako:
a) Luis Luciano Bonaparte eta berak egindako “Euskalkien mapa”.
b) José de Manterolaren ”Kantutegia” eta, “Lore jokuak”, Gipuzkoan.
d) Arturo Campionek “Euskal hizkuntza lau euskalkien dizionarioa” argitaratu zuen
e) Sabino Arana, nahiz eta euskaldun berria izan, onomastika arloan egindako lanagatik, gaur egun “Euskal izendegia” eduki duen eraginagatik.
f) 1918 urtean Eusko Ikaskuntza sortu zen: lehenengo bileran, Euskaltzaindia sortzea erabaki zuten.
g) Urte berean hasi zuen Euskal Akademiak bere ibilbidea, segur aski, gure hizkuntzarako unerik garrantzitsuena.

1894an, Euskalduna Elkartea sortu zen. 1908an lehenengo euskarazko eskolak eman ziren Barakaldon, eta Pedro de Urtiaga apaiza izan zuten irakasle.
Barakaldon, San Bizenteko auzoan islatu zen, batik bat, lan erraldoi hori guztia. 1894an, Euskalduna Elkartea (Sociedad Euskalduna) sortu zen. Elkartean, ekintza asko (dantzak, kantak, mendirako irteerak eta abar) egiteaz aparte, 1908an lehenengo euskarazko eskolak eman ziren Barakaldon, eta Pedro de Urtiaga apaiza izan zuten irakasle. Elkarte indartsua zen, 800 lagun hurbildu baitziren 1915an antolatutako Euskal Jaian. Bazen, urte haietan ere, beste elkarte oso dinamikoa bat: Euskel Gaztediya (Juventud Vasca), eta, antzerki emanaldiak egiteaz gainera, euskerazko eskolak antolatzen zituen bere kabuz. 1916an, Desertu Plazan zegoen egoitzan, Joaquin Solaun Erquiaga irakasleak 30 ikasle izan zituen ikasgelan. 1915ean, Bilboko Gazte Elkarteak Euskel Abestiya (Kantutegia) argitaratu zuen. Bertan agertu zen, lehenengo aldiz, Agate Deuna Kanta Berria, Jesús Guridiren musikarekin eta Kirikiño idazlearen letrarekin. Lutxanako gazte talde batek kantatu zuen lehengo aldiz kantua, 1920an. Kuriosoa, benetan! Horixe da guk gaur egun abesten dugun bertsioa.
Euskeraren Katedrak

Oso ezaguna da nola izendatu zuten Bilboko Katedran Resurrección Mª de Azkue irakasle, 1888an, Sabino Arana, Miguel de Unamuno eta Pedro Alberdiren aurretik. Oso jende gutxik daki, berriz, zer gertatu zen gure herrian. Barakaldon ere sortu zen Euskerazko Katedra bat, 1918tik 1926 urtera arte abian izan zena. Talde barakaldar batek Euskera Katedra bat Barakaldon sortzeko eskaria luzatu zion Bizkaiko Aldundiari, Udalaren bitartez, eta, onarpena jaso ondoren, martxan ipini zuten. Lehenengo ikasturtean, 207 ikaslek eman zuten izena; eta hauek izan ziren kopuruak, hurrengo urteetan: 74-56-42-65-52-46. Beheko Plazan zegoen “Arte eta Ofizio Eskola” horretatik, orotara, 542 ikasle pasatu ziren. Oso esanguratsua da zer nolako garrantzia izan zuen horrek guztiak gure gizartean. Lehiaketa baten ondoren izendatu zuten José de Gandariasbeitia, (Llanoko irakaslea) katedradun.
Gauza bitxi bat: 1924an, Primo de Riveraren diktaduran, debekatu egin zituzten euskerazko klaseak, eta bertan behera geratu ziren diru-laguntzak.
Erretortuko Eskolan Ventura Alberdi andereñoak 30 neskei ematen zizkien diruz lagundutako eskolak ere bertan behera geratu ziren.
Puntu honekin amaitzeko, gerra aurreko urteetan Barakaldon gertatu ziren bi fenomeno bereziki adierazgarri aipatu behar ditugu:
1931ko udal hauteskundeetan, ANV-EAEko zinegotziek mozio bat aurkeztu zuten Udalbatzan, euskera irakaskuntza publikoan sar zedin. EAE-ANVko Euskal Gaztediak (Juventud Vasca), Eusko Etxea berria inauguratzeko (gaur egun Udal Euskaltegia den eraikina) aste kulturala antolatu zuten 1933ko otsailaren 20tik 26ra, eta arrakasta handia lortu zuten. Ekintza asko eraman zuten aurrera, “Inauguración Gran Semana Vasca” lelopean: hitzaldiak, kantu eta poesia emanaldiak, kontzertuak, dantzaldiak, antzerkia, herri bazkariak eta abar.
1932ko azaroan, EAJ-PNV alderdiak bere jarduera hasi zuen, Foruen pasealekuko Batzoki berrian. Inaugurazioa, ordea, hurrengo urtean izan: zehazki, 1933.ko uztailean. Hor ere, ekintza kultural asko egiteaz aparte, aipatzekoa da, gerra hasi arte euskerari emandako erantzuna: Manolita Zubizarreta irakasleak lehenengo ume ikastola lortu zuen 40 umeez osoturiko taldearekin. Aldi berean, Julian Barrenetxeak emakumeei eta gaztetxoei irakasten zien. Azkenik, formakuntza handiago zeukan jendeari euskera irakasten aritu zen Manolo Errasti, gauez.
Segur aski, euskal kulturak berpizkunde berri bat biziko zuen Barakaldon, gerragatik izan ez balitz.
Tamalez, horrelakorik ez zen gertatu, eta frankismoaren garaipenak 30 urtez atzerarazi zuen euskera eta euskal kultura esnatzeko unea: hain zuzen ere, 1963 arte, orduan jaio baitzen lehenengo gau-eskola.
Barakaldoko euskal berpizkundea, berriz, orokorragoa izan zen; aldaketa fenomeno baten zati bat baino ez zen izan eta, ondorioz, komenigarria deritzot bere testuinguru osoan kokatzea, oso laburki bada ere. Kronologiari dagokionez, aipatu daiteke prozesua 60ko hamarkadan hasi eta 70ekoan garatu zela.
60KO HAMARKADA: MUGIMENDU EUSKALTZALEAREN HASIERA
Aldaketa orokorren garaia

Zerk ahalbidetu zuen 60ko hamarkadatik aurrera, eta ez lehenago, Euskal Herri osoan horrelako kultur mugimendua sortu izana, batez ere, ekonomia, politika eta gizarte eremuan eman ziren aldaketak kontutan hartzen badira?
Alde batetik, ekonomia arloan, Frankismoak, autarkiatik irteteko asmoz, garrantzi handiko neurriak hartu izanak. Neurri liberalak izan ziren, bai Europan bai Estatu Batuetan onartuak izan zitezen eginak. Horiek inbertsio ekonomiko handiak ekarri zituen Espaniara. Kapitalak, batez ere, europarrak eta amerikarrak izan ziren. Horregatik, 60ko hamarkadari “garapen garaia” (el desarrollismo) deritzo.
Gizartean ere nabaritu zen ekonomiaren garapena. Une erabakitzaileak bizi izan zituen langile mugimenduak Bizkaian ere: 1966an, esaterako, Etxebarriko Bandas lantegiko langileen 6 hilabeteko greba luzeak. Bizkaia osoko langile mugimenduak elkartasun izugarria ekarri zuen. Aldi berean, 1964an, Erregimenak zuzenean eragin zion kulturari “Ley de Asociaciones Culturales” delakoa onartzearekin. Oso zabala ez izan arren, Lege horrek aukera eman zuen elkarte kultural asko legezkoak izan zitezen. Legea onartu arte, euskal kultur elkarte guztiek trikimailu legalak eginez edo Elizaren hegalpean ibili behar izaten zuten.
Aldaketak Euskal Kulturan: batua eta belaunaldi gazteak
Euskera batua izan zen hizkuntza garapenarekin erabat lotuta zegoen beste elementu garrantzitsuetako bat. 1968an, Arantzazun, Euskaltzaindiak egindako Biltzarrean, hizkuntzaren batasuna lortzeko arauak markatu zituen, hizkuntza literarioan oinarrituz. Ezkerraldean, oro har, oso ondo hartu genuen batasunaren bidea, arauak beharrezkoak zirelako, eta, azken finean, gure eskualdea erdalduna izanik, erraztu egiten zigulako euskara berreskuratzeko eginkizuna. Guk ez genuen hain gogor bizi izan euskara batua eta euskalkien artean Euskal Herrian piztu zen borroka edo polemika.

Bestalde, 60ko hamarkadan, euskarak eta, oro har, euskal kulturak, bultzada nabarmena izan zuen belaunaldi berri eta gaztearen eskutik. Hamarkada hartan tradiziotik modernitatera pasatu ginen euskal munduan: Gabriel Arestik Harri eta Herri gizarte poesiaren liburua argitaratu zuen, euskeraz zein erderaz. Txillardegik, berriz, Huntaz eta hartaz batuaren aldeko saio liburu arrakastatsua bai eta Leturiaren egunkari ezkutua ere, lehenengo euskal eleberri modernotzat hartzen dena. Harenak eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelak ateak ireki zizkioten euskal eleberrigintza berriari.
“Euskal kanta berriak” argitaratu zenean, aurrera pauso itzela eman zen kantagintzan ere. Kanta mota hori, berria izateaz gain, gizartekoia, politikoa eta oso aurrerakoia zen.
“Euskal kanta berriak” argitaratu zenean, aurrera pauso itzela eman zen kantagintzan ere. Kanta mota hori, berria izateaz gain, gizartekoia, politikoa eta oso aurrerakoia zen: euskal gazteriaren zati garrantzitsu batengan eragin handia izan zuela azpimarra dezakegu. “Ez Dok Hamairu” talde famatuaren abeslaririk garrantzitsuenak Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Natxo de Felipe, Imanol Larzabal eta abar izan ziren, besteak beste.
Barakaldoko mugimendu euskaltzalearen hastapenak
Aurreko kokapen orokorraren ostean, hobeto ulertuko ditugu Barakaldon garai haietan izandako mugimendu euskaltzalearen berpizkundearen lehenengo urratsak.

Euskarazko klaseak, gau eskolak eta ume ikastola
Gure herrian eman ziren euskerazko eskolei buruzko lehenengo berriak, guk dakigunez, 1950-1952 urte bitartekoak dira, eta jakina, momentu latzak zirenez, informazio oso murriztua eta eskasa heldu zaigu. Esteban Irastorza Alkartu Ikastolako sortzaileetariko baten esanetan, “ni garai hartan Laguntasuna Dantza Taldekoa nintzen eta mutil koskorra, zeren 16 urte bakarrik neuzkan eta Casimiro Larrazabalekin (bera ere Laguntasunako dantzaria zen) joaten nintzen Academia Barakaldora euskera ikastera. Academia horretako ordutegi ofiziala bukatu ostean egiten zenari buruzko daturik ez daukat, zoritxarrez, zeren klaseak oso modu izkutuan ematen ziren, guztiz klandestinoki”.
1963-1964 ikasturtean hasi zen lehenengo gau-eskola Barakaldon, “Anaien Ikastetxean”, nahiz eta klaseak ez izan ofizialak. Lehena izan zela diogu, bertako datu zehatzak dauzkagulako: badakigu nortzuk ziren iraskasleak eta ikasleak, baita ere klaseek zenbat irauten zuten, eta abar.
Bertako ikasle ohi Jose Lasartek eskola emateko baimena eskatu zuen. Hasiera batean, 60 lagun inguru zeuden, baina, urteak aurrera egin ahala, eredua zabalduz joan zen. Hauek izan ziren lehenengo urte horretako irakasleak: Ermiñi Iza barakaldarra, Gonzalo Bilbao bermeotarra (el Txo), Jose Ángel Etxebarria santurtziarra eta Juan Mari Mendizabal barakaldarra.
Garai hartan, beste auzo batzuetan ere eman ziren klaseak. Hona hemen, non:
- Burtzeñako Mojien Ikastetxean. 1967-68.ko ikasturtean, Josetxu Anakabe irakasleak 10 ikasle zituen klasean.
- Bizkaiko Labe Garaiek zeukaten eskolan (Escuela de Aprendices de Sestao) Barakaldoko batzuk klaseak hartzen hasi ziren. 1967an. Mikel Ortega eta José Luis Ramos Cucó irakasleek 30 ikasleri ematen zizkioten klaseak.
- San Bizente Elizako lokaletan klaseak hasi ziren, José Mª Baena erretorearen baimenarekin. 1967-1968. ikasturtean Txeru García barakaldarra izan zen 20 bat lagunen irakaslea.
- Ibarrakaldu dantza taldean ere hasi ziren klaseak ematen. Alberto Ibarluzea bermeotarra izan zen irakaslea. 1968an, 20 ingurukoa izan zen ikasle kopurua.
- 1969an sortu zen Alkartu, Barakaldoko lehenengo ikastola, Autonomia kalean, 15 ikasle zituela. Irakasleak, Inés Lobato eta Begoña Aranguren. Gauez ere, helduentzako euskarazko klaseak eman ziren, 15 ikaslekin. Irakaslea, Jon Ruiz de Aizpuru.

Hurrengo kurtsoan, orain Santa Teresa elizpean, 50 ikasle zeukan ikastola. Hemen, umeei klaseak emateaz gain, helduei ere ematen zitzaizkien, gauez. Irakasleak, Koldo Maruri, J. A. Arana, Anton Urrutia, Urtsa Errasti, Begoña Ortiz de Urbina eta Iñigo Lertxundi izan ziren. 1970ean, 60 ikasle baino gehiago bildu zen.
Metodologiari dagokionez, orduko klaseek ez zuten zerikusirik gaur egun dauzkagun baliabide eta sistemekin. Garai hartan, 60ko hamarkadaren lehenengo urteetan, hiru liburu baino ez zegoen: Xabier Peñaren “Ikasbidea”, Oñatibiaren “Método radiofónico” eta Patxi Altunaren ”Euskara Hire Laguna”. Bazeuden, halare, oso lagungarri izan ziren liburuxka batzuk: “Euskarazaleak”.
Sistema “memoristikoan” oinarritzen ziren metodoak. Galderen eta erantzunen bidez eredu batzuk geureganatzeaz aparte, buruz ikasten genituen hitzak eta aditzak, eta, esaldiak osatzen, ondoren. Euskara batua sortu arte, bizkaieraz ikasten genuen. Hori dela eta, zenbait ikaslek, hasiera batean, bizkaieraz, eta gero, euskara batuaz ere ikasi genuen. Astean zehar, ordubeteko klaseak ematen ziren hiru egunetan soilik. Beraz, ikasbidea luzatu egiten zen.
Jabe euskalduna zuten Barakaldoko tabernetan jartzen genuen praktikan ikasitakoa, “txikiteoa” egiten genuen bitartean. Baten batzuk aipatuko ditugu: Gipuzkoa kaleko “Beti Ondo”ko (Guridi zinemaren aurrean) jabeak, German Aldana eta Joakina Zelaia muxikarrak. Pormetxeta kaleko beheko partean, “Elias” tabernako (Labe Garaietako bulegoen aurrean) Elias Iturriaga eta Matea Gorroño mendatarrak. Hortik metro batzuetara, “Urretxu” tabernako Izaskun eta Juan Mari Arrizabalaga anai-arreba gipuzkoarrak. Botxo Plazan, “Botxo” tabernako Anita Belaustegi eta Antonio Aranguena munitibarrak. Herriko Plazatik oso gertu, Batzar Nagusiak kalearen hasiera-hasieran “Bar Paqui”: bertako jabeak bi ahizpa euskaldun ziren, eta gainera, ahizpa bat Barakaldo F.C.ko Olarieta jokalariarekin ezkonduta zegoenez, taberna oso famatua zen. Zaballa kalearen kantoiko “Mendi taberna”; han jarraitzen du gaur ere. Bertako jabeak, Jesus eta Victorio Mendizabal mungialdeko euskaldunak. Mendizaletasun handia zegoenez, mendirako bidean herri euskaldunetara joaten ginen ikasitakoa praktikan jartzeko.
Bitxikeriak. 1960ko hamarkadan euskara ikasten
60ko hamarkadan ez zegoen ez ebarnetegirik ezta ikastarori trinkorik ere, ez zegoen ezer euskera ikasteko. 1966ko udan, lagun baten bidez, Bermeon hartu ninduten bi aste pasatzeko, non eta Ruper Ormazaren etxean. Esan beharra daukat, nire bihotz eskerti honetan ondo gordetzen ditudala egun haiek, etxeko emakumeak semetzat hartu ninduelako. Orain, konta ditzagun pasadizo batzuk!

Etxean arropa poltsa utzi bezain pronto, portura joan nintzen: han bizitutako esperientzia ahaztezina izan zen, han pasatako ordubetean piperrik ulertu ez nuelako. Mundu guztia lanean, arrain kutxak lonjetara eramateko ateratzen; han zeuden gizon eta emakume guztiak oihuka… Tira! Noizean behin besterik ez nuen ulertzen berbaren bat: ekarri, hartu,… Emakume bat hurbildu zitzaidan eta “zeguzu ?” (zer gura dozu) esan zidanean nik ez nekien zer esan, “ni, ni… ikaslea naiz…ikas,.. ikasten nabil. Ah, ondo dago, eta keinu bat eginez baztertu nintzen, lotsatuta. Biharamunean, taberna batean, koadrila gazte batekin nengoela, tipo bat hurbildu eta esan zidan, Aizu! Euskera ikastera etorri zarela Bermiora! Tipoa guztiz harrituta zegoen, baina zuk badakizu nora etorri zaren euskera ikastera? eta barrez lehertzen hasi zen. Azkenean, tipoa serio jarri, eta esan zidan; “Txo! Zu trankil, e! Hemem, dan-dana amaitu behar duzu “e” letrarekin: txitxarrue, berdele, bentanie, burue, behie, idie eta abar. Di-da batean ikasiko duzu” esanez berriro hasi zen barrez.
Ai, zein garrantzitsua den hizkuntza berri bat hitz egiten ikasteko lotsa kentzea; bestela, ezin da ezer egin. Gazte koadrila batekin elkartu nintzen. Kriston koadrila handia zen! 25 gazte edo. Goizean, 20 edo 25 txikito edaten zuten, gutxienez, eta, gero, arratsaldean, beste horrenbeste (eta guk Barakaldon asko edaten genuela pentsatzen genuen!). Ai ama! Nik, hasiera batean, ondo neraman edatea, baina gero…gero ez nekien ezer, ez nor nintzen ezta Bermeora zertara joan nintzen ere. Hori bai! Lotsa kenduta, barra-barra hasi nintzen euskaraz egiten: hitzen laburtzapena zen ulertzen gehien kostatzen zitzaidana, “zeingozu”? esaten badizute zer egingo duzu? da, “Ein edo in”, egin.

Hurrengo udan, Ondarroara joan nintzen beste lagun baten bidez, eta “ondaz” entzun nuen harriduraz. Baina, tira! Hura zer zen galdetzera ausartu nintzen: “orain dagoz”, erantzun zidaten. Dena den, kostaldeko soinua harrapatu eta gero ondo moldatzen zara. Oso jende jatorra da; lehendabizi, ustekabean harrapatzen zenituen, baina euskaldun jendeak oso gustora hartzen zuen erdaldunok euskera ikasteko egiten genuen esfortzua.
Dena den, egoera oso gogorra zen: laguntzarik gabe egiten genuen dena, eta Frankismoak ez zuen batere errazten gure ahalegina. Euskara borondate hutsez ikasten genuen.
Euskal kultur taldeak
Nahiz eta euskarazko klaseak 63-64ko ikasturtean hasi, Barakaldon baziren aurretik kultur taldeak, zeinak euskal kultura tradizionala iraunarazten zuten bai eta hainbat arlotan suspertzen ere: musikan, dantzan, koroetan edo mendiko irteeretan.
Hona hemen elkarteak:
Dantza taldeen sorrera urtea
– Laguntasuna, San Bizentekoa: 1949an.
– Amaya, Lutxanakoa: 1955an.
– Ibarrakaldu, Santa Teresakoa: 1966an.
– Erreka Ortu, Erretortukoa: 1964an.
Mendi taldeen sorrera urtea
– Barakaldo Alpino Turista 1929an.
– Arroletza Mendi Elkartea 1949an.
– Alpino Lutxana Elkartea: 1965an.
Koroen sorrera urtea
– Barakaldoko Orfeioa: 1905ean.
– Schola Cantorum San Bizentekoa: 1940an.
– Otxote Gaztiak (Lutxana): 1959an.
– Coral de Llano (Lutxana): 1954an.
Musika elkarteen sorrera urtea
– Barakaldoko Udal Banda: 1899an..
– Barakaldoko Txistularien Banda: 1931n.

Gerra ostean, talde guztiek bultzatu zuten , nola edo hala, bakoitzak bere erara, euskal kultura. Guri zegokigun hizkuntza berreskuratu eta kulturari aurpegi gazte eta modernoagoa ematea. Erronkari ezinbestez egin zioten aurre, dudarik gabe, dantza taldeek, eta euren artean, herrian aintzindaria izandako San Bizenteko “Laguntasuna” taldeak. Hasiera-hasieratik implikatu zen taldeko jende asko, bai lehenengo gau-eskola sortuz bai 1968-69 ikasturtean umeen lehenengo Alkartu ikastola herrian sortuz.
Jakina denez, proiektu guztiak aurrera eramateko dirua behar da, eta garai haietan are gehiago. Laguntza ofizialik ez zegoenez, modu asko eta desberdinak asmatu behar izan genituen: Santa Ageda kantatzeko irteerak, Gabon zozketak edo tabernaz taberna koadrilen artean diru bilketa eginez. Beste herrietan bezala, Barakaldon ere “errealillo bilketa” egiten genuen txikitero koadrillen artean. Kontu horretan, burura datozkit Txusa Etxeandia, Andoni Abalos (Kiski) edo Andoni Barainka, batez ere, mundu guztiari dirua eskatzen aritzen baitziren beti, ikastola sortzeko.
Ikuspuntu ideologiko batetik begiratuta, mugimendu euskaltzalea hasi zuen jendeak kutsu abertzalea zeukan (EAJkoak, EAEkoak, Jagi-Jagikoak eta Fronte Kulturalekoak), alde batetik; eta bestetik, berriz, klturaren aldekoa, euskaltzalea, besterik gabe.
Jabe euskalduna zuten Barakaldoko tabernetan jartzen genuen praktikan ikasitakoa.
70EKO HAMARKADA: MUGIMENDU EUSKALTZALEAREN IRAUNKORTASUNA ETA EGONKORTASUNA
Marko politikoa eta soziala
Hamarkada hark hasiera politiko latza izan zuen. Burgoseko epaiketa ospetsuan, “Euskadi Ta Askatasuna” erakunde armatuaren sei militanteri heriotza zigorra ezarri zien Frankismoak. Gertaera horrek ekarri zuen elkartasun mugimendua bai Euskadin eta Espainian, bai Europa osoan, itzela izan zen. Erantzuna ikusita, erregimenak atzera egin behar izan zuen. 1975ean, berriz, ETAko bi kide eta FRAPeko beste hiru hormara eraman zituen diktadoreak.

Urte haiek oso gogorrak izan ziren, erregimena bere azkenetan zegoelako. 1975eko azaroan hil zen Franco diktadorea, gaixotasunak jota. Ordurako, gauzak aldatzen hasiak ziren eta erregimenak trantsizioari eman zion hasiera. Gogora ekarriko ditugu garai hartan, politika eta giza mugimenduetan izandako unerik garrantzitsuenak:
- 1977an:
- Espainiako lehenengo hauteskunde demokratikoak.
- Amnistia.
- Ikurriñaren legalizazioa.
- 1978an: Espainiako Konstituzioaren erreferenduma. Gehiengorik ez.
- 1979eko urrian: “Gernikako Estatutua”ren erreferenduma.
- 1980eko urtarrilean: “Euskal Erkidegoko Autonomia” jaio zen.
- 1981eko urtarrilean: “Hezkuntzaren Dekretua” argitaratu zen.
Langileriari dagokionez, aipatzekoak dira garai hartan Bizkaikoak, eta bereziki Ezkerraldekoak burututako ekintza garrantzitsuak: grebak (batzuk orokorrak), manifestaldiak, itxialdiak eta beste ekintza mota asko, eskakizun ekonomiko, politiko eta sozialek bultzatuta. Guzti horren erakusgarri argia izan zen, adibidez, 1976ko udan, Ezkerraldean, BLG (A.H.V.) lantegian sortutako “Bizkaiko Langile Koordinakundea”. Portugaleteko Andra Marí Elizako lokaletan bildu ziren fabrika guztietako delegatuak, lurraldeko ia fabrika guztietan asanbladak egin eta langileak egun batetik bestera greba egiteko. Koordinakundeak ez zuen asko iraun bizirik, hilabete batzuk baino ez. Emankorra izan zen, ordea: hurrengo urtean sindikatuak legalizatu zituzten eta langile askok euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua erakutsi zuten; halatan, 1976tik aurrera, fabrika batzuetako konbenioetan (AHV, BABCOCK, GENERAL ELEKTRIKAn eta abarretan) euskarazko klaseak izateko eskubidea lortu zuten.

Giza mugimenduaren eremuan azpimarratzekoa da bizitasun handia eta talde ugari zegoela. Sefanitro enpresak 1976rako proiektatutako “Amoniako Planta” berriaren kontrako mobilizazioa izan zen Barakaldoko gertakaririk aipagarriena. “Bat, bi, hiru, lau, Sefanitro a otro lau” lemapean antolatu zen manifestaldia. Barakaldoko populazioaren ia erdia atera zen kalera. 50.000 mila lagun agertu zen Sefanitroren asmoaren aurka.
Mugimendu euskaltzalearen osasuna
60ko hamarkadan sormen prozesua gauzatu bazen, hurrengo hamarkadako urteak aberatsagoak izango ziren, euskalduntzearen ibilbidea gero eta finkatuago ikusten zelarik.
Euskara ikasteko metodoak egokiagoak zirenez, ikasleen parte hartze aktiboa bultzatzen zuten. Irakasle talde batek “Euskalduntzen” izeneko metodo berria plazaratu zuen. Irakasleriaren prestakuntza ere hobetu zen (ikastaro bereziak egiten zituzten) eta irakaskuntzaren sistematizazioa martxan jarri zen.
Euskalduntzearen aldeko mugimenduak heldutasun handiagoa izatea lortu zuen; hortaz, koordinazio eta eraketa handiagoak zeuden. 1977an Rikardo Arregi euskaltzainak “Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea” (AEK) sortu zuen, Euskal Herriko txoko guztietara heltzeko asmoarekin. Hurrengo urtean, “Bai Euskarari” kanpainari amaiera emateko, San Mames futbol zelaian euskararen eta Euskaltzaindiaren aldeko jai erraldoia ospatu zen. Jai honek euskararen aldeko herriaren gogoa zein zen erakutsi zigun.
Ikus ditzagun orain, zeintzuk izan ziren euskara eta euskal kulturaren gunerik garrantzitsuenak Barakaldon.
BARAKALDOKO EUSKAL KULTURGUNEAK

Alkartu ikastola
Lehen aipatu dugunez, Alkartu Ikastola gure herriko lehenengo ikastetxe euskalduna izan zen eta, horregatik, urte askotan zehar, euskara berreskuratzeko bidean abiapuntu garrantzitsua izan zela esan daiteke. 1969tik 1980rako urte tarte hauetan ehunka ume igaro ziren bertatik, Santa Teresako elizpetik. Bestalde, gauean, helduen klaseak antolatzen zituzten. Kultura eremuan ere ekintza asko egin ziren.
Barakaldon, erreferente bihurtu zen.
Hauek izan ziren lehenengo guraso batzorde kide eta andereñoak:
Andereñoak
- Inés Lobato
- Begoña Aranguren
- Marina González
- Inés Rodríguez
- Mari Eli Olabarri
- Karmele Larredonda
- Aurora Foruria
- Marian García Mata
Lehenengo Guraso Batzordea
- Marisa Amenabar
- Alberto García
- Esteban Irastorza
- Jesús Irastorza
- Jagoba Basabe
- Celestino Ganboa
- José Antonio Lasarte
- Mariano Hospital
- Félix Santacoloma
Lutxanako Gau-eskola
Helduen berreuskalduntze prozesuan, une garrantzitsua izan zen 70eko hamarkada. 1972ko irailean, elizaren lokaletan klaseak ematen hasi ziren, Sozial Etxeak antolaturik. Hasiera batean, 10 ikasleko 3 talde osatu zituzten. Urtez urte ikasle kopuruak gora egin zuen. 1977ko udan, Bitoritxa eta Llano eskoletan ehun ikasle baino gehiago bildu zituen kurtso intentsiboak burutu ziren. 10 talde osatu ziren, eta, talde bakoitzean, gutxienez, 10 ikasle egon zen. Urte haietan, 200 ikasle baino gehiago etorri ziren Lutxanako Gau-eskolara.
Irakasleak hauek izan ziren:
- Jesús Mari Gorrotxategi
- Karmele Larredonda
- Andoni Martin
- Erramun Gerrikagoitia
- Txema Azkuenaga
- Xabier Ikobaltzeta
- Begoña Aranguren

San Bizenteko Eskola Parrokiala
70eko hamarkadaren azken urteetan, Laguntasuna-San Bizenteko Dantza Taldeak euskarazko klaseak antolatu zituen, Elizako eskolaren lokaletan, Casimiro Larrazabal presidente zuela. Bertan, ehun ikasle baino gehiagok ikasi zuen. Urte haietan, Laguntasuna taldeko Juantxu Dobaran eta Sonia García izan ziren arduradunak.
Irakasleak, ondoko hauek:
- Román Elorriokoa
- Ana Gómez
- Cristina Elorza
Urte askotan AEKko arduradun izandako Leonor Lopez Liquetek dioenez, Barakaldoko gau eskola ia guztiak koordinatuta egon ziren, bera ikasle ibili zen garaian. 1975etik aurrera -Franco hil ondoren- eskola publikoetako lokalak (Larrea, Arrontegi ikastetxeetakoak) utzi zizkien Udalak euskarazko klaseak emateko. AEK eratzen hasi zenean herrian, desagertu egin ziren Barakaldoko ia gau eskola guztiak, 1978-1979ko ikasturtean. Udal berriak lokal publikoak eskaini zizkionez Koordinakundeari, El Pilar, Arteagabeitia eta abarretan gau-eskolak ematen hasi ziren: 1983-84 ikasturtean, 800 ikasle baino gehiago zeuzkan herri osoan.
San Bizenteko Sorginzubi Dantza Taldea
1974tik 1976ra euskerazko klaseak eman zituzten Juan Mari Mendizabal eta Zalbidea irakasle bilbotar eta barakaldarrak. 40 ikasle inguru izan zituzten.
Arteagabeitiako Udal Haurtzaindegia
1979ko otsailean sortu zuen Barakaldoko Udalak Udal Haurtzaindegia, gero eta handiagoa baitzen guraso langileen behar eta eskaria, María Davila Haur Eskolako zuzendariak dioenez.
Hasiera batean, hezitzaileak erdaldun elebakarrak ziren. Mariak txostena aurkeztu ondoren, ordea, irakasleriaren %50 baino gehiago elebiduna izatea lortu zuten hurrengo ikasturtean. Horren ondorioz, Haur Eskolaren euskarazko programazioa sortu zen, hainbat arlo kontuan hartuz: hiztegi lanketa, kontaketa arruntak, ipuinak, kantak eta jolas-txokoa. Oinarrizko ikasketa horiek ederki asko baliatu zituen Miranda ikastetxeak, garai hartan lau urte beteta ume asko etorri zelako Arteagabeitiako Haur Eskolatik ikastetxe honetara.
Euskalgintza Haur Eskola eta Karmen elizako beheko aldea
Andoni Goiriena euskaltzaleak Haur Eskola edo Jardin de Infancia izenekoa jarri zuen martxan Lasesarre auzoan, umeek euskara ikas zezaten.
Begoña eta Maite irakaslerekin jardun zuen 20 ikasle inguruk, eskolan, zenbait urtez. Bitxikeri moduan, aipatzekoa da roulotte edo bus antzeko batean hasi zirela klaseak ematen, baina “Batallón Vasco Español” talde ultraeskuindarrak, lehergailu bat jarri, eta txikitu egin zuen. Harrezkero, ikasleek auzoko solairuarte batean jarraitu behar izan zuten.
1975, 1976 eta 1977ko urteetan, El Carmen Elizaren lokaletan ere eman ziren klaseak. Mila Milo’s liburudenda arduradunaren arabera, Xabier Isasa irakasleak 15 ikasleko taldea eduki zuen. Mila bera ere Isasaren taldean egon zen euskera ikasten. Urte haietan, larunbatero ematen zuten meza euskeraz, arratsaldeetan.
Askatasuna Etorbideko Batzokia eta beste kasu batzuk
Beurkoko Mari Kareagak hau dio: “Askatasuna Etorbideko Batzokiko euskerazko klaseetan egon nintzen 1977-79ko urteetan, beheko solairura sartu eta ezkerraldean zegoen gelan. Mari Mendia zen irakaslea. Hamar ikasle joaten ginen klase horretara, danak emakumeak”.
Ana Gutiérrez Cea-ek, beste hau: “Gurutzetako Instituan euskerazko klaseak ematen hasi ziren boluntario moduan, eskola-orduetatik kanpo; ni, gutxienez, 1979-81 bitartean egon nintzen, baina, ezin izan dut jakin klaseak nork antolatu zituen”.
Marce Arconadak, honakoa: “Mukusuluban, adibidez, 1975ean, Goiko maixu famatuak eman zizkigun klaseak, eskola ordutegitik aparte, 12etatik ordubatera. Goiko oso dinamikoa zen, eta neska-mutilak oso ondo pasatzen zuten”.
Maite Urimak, hau: “Arteagabeitiako Esperanza elizan hasi nintzen euskera ikasten, 1976an, baina, ez dut gogoratzen maixuaren izena; gogoan dut, ordea, apaiza zela eta, geroxeago, Bidebieta zentroan irakasten jardun zuela. Trueba Institutuan ere egon nintzen, Antxon izeneko bat maixu zela. Javier González de Durana Isusik ere eman zizkidan, klaseak. ‘Euskalduntzen’ metodoarekin ikasten genuen”.
Talde Eragilea, euskara Hezkuntza Sistema Publikora sartzeko.
Orain arteko guztiak agerian utzi duenez, bi hamarkada horietan indartuz joan zen Barakaldoko mugimendu euskaltzalea. Bazegoen euskararen aldeko gogoa eta grina, baita aldeko giro politiko eta soziala ere. Horrek guztiak ekarri zuen euskara eskola publikora sartzeko premia. Horrela, 1979 urtean, talde eragile bat sortu zen. Hezkuntza gobernu zentralaren (UCD) eskuetan zegoen eta euskaltzaleek ez zeukaten itxaroteko pazientziarik. Gauzak hala, ahalegina egin beharra zegoela ikusi zuen talde eragileak, eta kanpaina berezia antolatu zuen eskola publiko eta euskalduna sortzeko.
Kanpaina hiru helbururekin jaio zen:
- Ikastola berri eta publikoaren bideragarritasunaz Udala konbentzitzea.
- Bilboko Hezkuntza Delegazioan kudeaketa egitea, arazo legalak zeintzuk ziren, nola gainditu eta abar ikusteko. Milagros Reyes delegatuak eta Isabel Lertxundik ikuskariak laguntza handia eman zuten. Proiektua eginda zegoenean aurkeztu zuten delegazioan.
- Behar besteko haur eskea lortze aldera, gutun bat idatzi eta bidali zioten guraso askori, alde batetik, proiektua zertan zetzan azalduz, eta, bestetik, galdetuz ia prest leudekeen euren seme-alabak sortu nahi zen eskola berri hartan sartzeko. Horrekin batera, eranskailu (pegatina) bat atera zuten, herri osoan propaganda egiteko.
Alkartu Ikastolako gurasoekin ere hitz egin zuten taldeko kideek bai eta aldeko jarrera dezentea lortu ere.
Eta horrela sortu zen 1980an, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Dekretua eta Euskararen Legea atera baino lehenago, gure herriko lehenengo ikastola publikoa, Miranda Fundazioan. Gaur egun, Ibaibe Herri Ikastetxea,
Orain dela urte batzuk, Alkartu Ikastola Hezkuntza Sistema Publikora pasa zen. Orain, San Bizenteko J. I. Gorostiza eskolan dago kokatuta, eta “Alkartu Ikastola” Herri Ikastetxea du izen ofiziala.
Gau-eskola eta euskaltegi modernoen bidez aurrerapen izugarria egin zen helduen irakaskuntza eremuan. El Correo egunkarian, 1984ko apirilaren 5eko ohar batean, honako hau irakur dezakegu: “2.000 alumnos aprenden euskera con AEK en la Margen Izquierda”. (Barakaldon bakarrik, 850 baino gehiago zegoen, bai euskaltegietan, bai gaueko klaseetako kopurua zenbatuta).
1979. urtean, Barakaldoko Udalbatza osoak baiezko botoa eman zuen Euskal Eskola Publikoa sortzeko; geroago, Ibaibe Herri Ikastetxea bilakatuko zena.

Oharra:
Garai hartan, gure meritua izan zen baliabiderik gabe euskera ikasteko ipini genuen indarra eta kemena; baina hori ez da ezer gurasoek egindako ahaleginarekin alderatuta. Abentura izugarri eta ezezagunean sartu zituzten gurasoek beren seme-alabak herrian ikastola sortzeko. Bazeuden Barakaldon ikastetxe pribatu onak eta eskarmentu handikoak; erronka ederra izan zen, beraz. Haiek egindako apustuari esker, neurri handi batean, maila onean daukagu gure hizkuntza, ez bakarrik irakaskuntza publikoan, baita pribatuan ere. Horregatik izen zerrenda bat sartu dut artikuluaren amaieran, omenaldi xume moduan. Segur aski ez daude denak; daudenak, ordea, hor egon ziren urte haietan, buru-belarri sartuta abentura hartan. Horiek denak izan dira lantxo hau egiteko izan dudan iturria. Eskerrik asko denoi, bihotz bihotzez: J. Antonio Urcelay, J. Antonio Lasarte, Mari Feli Ruiz, Ana Mari Redondo, Esteban Irastorza, Juantxu Dobaran, Sonia García, Mariano Hospital, Alberto García, Miren Ibarrola, Patxo, Mardaras, Javier Gutiérrez, Koldo Maruri, Ines Lobato, Josemi Garaikoetxea, Begoña Ortiz de Urbina, Karmele Larredonda, Txema Ingunza, Periko Solabarria, Leo López Likete, María Dávila, Paul García , Josetxu Anakabe, Mikel Martínez Vitores, Jesús Ezeiza, Jon Andoni Goikoetxea, Pedro Goiriena, Miren Ciaran, Angel Bilbao, Txusa Etxeandia, Maribi Bañales, Josu Sagastagoitia, Txibis Garai, Amparo Gómez, Txema Larrea ,Joseba González Pereda, Amaia Larrazabal, Goio Larrazabal, Koldo Pikatza, Yago Basabe, Gloria Sebastián, J. Antonio Arana, Agustín Elkorobarrutia, Iñaki Aldekoa, Rikardo Garcia, Martín Kerexeta, Begoña Iturriaga, Maribi Iturriaga, Andone Fernández, Iñaki Ibarrola, Luke Urkullu, Pascual Gómez, Alberto Ibarluzea, Pitxu Koto, Andoni Louzao, Sebas García, Joserra del Hoyo, Edurne Vilumbrales, Juan Carlos Tibur, Alberto Uriguen, Aratzu Gutiérrez, Mikel Altube, Arantza Altube, Joseba Altube, Luis María Alvárez, Txema Martin Villafrañe, Juan Mari Mendizabal, Andoni Barainka, Andoni Ábalos, Fontso Cantera, Kike Martínez, Alicia Castresana, Mikel Larunbe, Garbiñe Iza, Jone Llaguno, Jon Rúiz de Aizpuru, Francisco San Cristobal, Txema Gorostiaga, Juan José Silvestre.
BIBLIOGRAFIA
Ruiz Descamps, Nicolas. Las Organizaciones Juveniles del Nacionalismo Vasco. Política. Cultura y Ocio. (1893-1923) p.186
Aizpuru Murua, Mikel. 2005. Barakaldo. Historia del siglo XX. Auge de una ciudad industrial de la Margen Izquierda, 1900-1937. Librería San Antonio. Barakaldo
Juventud Vasca. 1932. Fiestas: Inauguración Gran Semana Vasca en Baracaldo. Bilbao.
Ibaibe lan Taldea 2005. Ibaibe Herri Ikastetxea. 25 Urteurrena. 1980-2005. Ibilbide kronologikoa: Txeru García Izagirre.
Arredondo, Joseba. 2003. “Barakaldoko Alkartu Ikastola”, Astileku Ikastola. 40
Urteurrena liburuan, 47-51or. Portugalete, 175 or.
Hermosilla, Gotzon. 1999. 50 años de folklore vasco en Barakaldo. Laguntasuna Folklore Taldea. (1949-1999). San Bizente de Barakaldo, 120 or.
Grupo Alpino Turista. 1979. Grupo Alpino Turista. Bodas de Oro-Urrezko Ezteiak. (1929-1979). Barakaldo.
Arroletza Burtzeña. 2000. Arroletza Mendi Taldea. 50 Urteurrena. Barakaldo. 59 or.
Lutxana. 1995. Lutxana Barakaldo. Coor. Sebas García Trujillo y Roberto Montalban Trueba. 240 pp.
Gallardo, Antonio y Echevarria, Javier. 2005. Sociedad Coral Orfeón Barakaldes, sus primeros 100 años.
Librería San Antonio. Barakaldo. 490 pp.
Urtiaga, Genaro. 1990. La Schola Cantorum de San Vicente. Barakaldo. (1940-1990). Barakaldo. 241 pp.
Gallardo Laureda, Antonio. 2000. Banda Municipal de Música de Barakaldo. Crónica de sus 100 primeros años. (1899-1999). Libreria de San Antonio. Barakaldo. 490 pp.
Torrealday, Joan Mari. 1977. Euskal Idazleak Gaur. Historia Social de la Lengua y Literatura Vascas.
Álvarez Casanueva, Ana I. y Simón Guerrero, Pedro. 2006. De la Escuela a la Fábrica. Historia de la instrucción pública en Barakaldo.
Granja Pascual, José Javier. 1994. “Creación y evolución de las cátedras de euskera en Vizcaya hasta 1936”, en Cuadernos de Sección. Educación, nº 7. (1994), pp. 9-62. Donostia. Eusko Ikaskuntza.
Camino, Iñigo. 1987. Batzokis de Bizkaia. Margen Izquierda y Encartaciones. Alberdi. Bilbao.
De la Granja Sainz, José Luis. 2008. Nacionalismo y II República en el País Vasco. Estatutos de Autonomía, Partidos y Elecciones. Historia de Acción Nacionalista Vasca. Siglo XIX de España Editores S. A. Madrid.
Atalaya Salesiana. 1974. Octubre, nº 162. Sobre la misa en euskera en la parroquia del Carmen.
Atalaya Salesiana. 1976.Marzo, nº 177. Sobre la entrevista hecha a Casimiro Larrazabal, entonces presidente del Grupo Laguntasuna.
El Correo. 1984. “2.000 adultos aprenden euskera, con AEK, en la Margen Izquierda”. El Correo, jueves, 5 de abril de 1984, Margen Izquierda, p. 7