Revista K-Barakaldo
Sekretu onimikoak. Ostera ere barakaldoz eta el regatoren jatorrizko izenaz
Ander Ros Cubas
Bi nukleonimo argi zain
Aurreko idazki batean txantxa antzean, Deustuk bere izenetan hiru misterio zituela adierazi genuen12005: Ros, Ander: «Deustuko toponimia: bertoko uzenen hiru misterioak | Toponimia de Deusto: los tres misterios de sus nombres» in Txema Luzuriaga, Deustuko Argazkiak. 1. liburua: Deustuko elizatea | Fotos de Deusto. 1er libro: La Anteiglesia de Deusto, Ediciones Beta, Bilbao, 2-6.. Txantxa hori gurera ekarrita, Barakaldok bi dituela esan genezake oraingoan. Deusturen kasuan bezala, lehena bere izenarena berarena dugu. Bigarrena, El Regato auzoaren jatorrizko izenarena, jatorrizko beste izenik baldin bazuen.
El Regatoren jatorrizko izena
Bigarrenetik hasiko gara, Barakaldoko Izen Zaharrak [BIZ]. I Onomastika Jardunaldien barruan2Barakaldo, 2018, apirilaren 14a eta 21a. argitu ahal izan genuelako, misterioa ezabatu alegia. Argitzapen hura argitara eman gabe geratu zen orduan, artean sakon landu gabeko hipotesia zelako. Harrezkero, urte batzuk pasatu direlarik, lerrootara ekarri nahi dugu orain, lehen aurkezpen hartako argudioak arreta handiagoz aztertuta eta berri batzuk erantsita.
Arazo ilun guztietan bezala, ustekabeko aurkikunde edo serendipiti argigarrien zain geratu nahi ez badugu, arazoa eta berau osatzen duten elementuen analisia egitea da ezinbesteko abiapuntua. Egiari zor, filologia edota onomastika bezalako diziplina enpirikoetan datuak dira edozein arazo ebazteko giltza. Hauek bilatu egin daitezke, bilatu egin behar dira, bilaketa zuzenagoa edo zeharkakoagoa izan badaiteke ere. Betiere, arazoaren analisi sakon batek bilaketa gidatzen lagun dezake, berau erraztu edo aurkitutakoa hobeto ulertzen eta azaltzen lagundu behintzat.
Izenek, hitz edo apelatiboek ez bezala, ez dute esanahirik, forma hutsa baizik. Zerbait erreferitzen edo seinalatzen dute, zerbait zehatz eta partikularra. Bestalde, izen propio klase ezberdinak daude, zeinek bere ezaugarriak dituela. Toponimoek lekuak erreferitzen dituzte; horregatik, leku-izen ere baderitze. Kontua da lekuak, etxe, lursail, erreka edo zubiak ez bezala, entitate lauso xamarrak direla. Lekuak entitate ukigarri materialak ez, baina entitate hauen ubikazioak dira. Hori dela eta, “Arrontegiko zubia” edo “Ansioko bidea” moduko talde sintaktiko edo sintagmez baliatzen gara gure paisaiako elementu hauek erreferitzeko. “Arrontegiko zubia” ez da berez toponimo bat, edo odonimo bat nahiago bada, barnean toponimo bat duen edo toponimo batez osaturiko sintagma gramatikal bat baizik, determinazio sintagma bat preseski.
Sortzez sintaktikoki sustantibo determinatu hutsak diren El Regato tankerako izenek ez dute barnean toponimorik (edo nukleonimorik kasu honetan), toponimo edo nukleonimo bihurtu badira ere. Kokapena adieraziko lukeen osagai toponimikoa falta dute3Horixe da izenak falta duena, ez besterik: «Da la impresión de que a este nombre le falta algo, ya que no parece normal que una palabra común regato, se usase para llamar a un barrio» (Bañales & Gorrotxategi 2007).. Deustun, La Ribera auzoa dugu (orain euskaraz Erribera, antzina Ogena). Kasu berdina da baina jakin ondo dakigu La Ribera de Deusto edo La Ribera de Olabeaga osoagoen laburdura baino ez dela edo, behar izatera, horrela zehaztu daitekeela. La Ría berdin, nahiz eta La Ría de Bilbao edo La Ría de Portugalete dela jakin. El Valle are adibide hurbilagoa dugu, hurbilagoa zentzu bitan gutxienez. El Valle de Trapaga edo San Salvador del Valle de Trapaga dugu haren izen osoa. Izendapen herrikoia El Valle apelatibo hutsa dugu, El Regato bezalaxe baina, El Regato de Eskaurizan ez bezala, udalerria izanik, izen osoa ere erraz gorde da herrikoiaren ondoan.
Aurrera orduko, Regato aztergai dugun honetan, zehaztu dezagun oraingoan regato apelatiboaren esanahia ez dela ‘erreka’, ‘haran’ edo ‘ibar’ baizik, azken hauek ibai edo erreka baten alboetara zabaltzen direlako, jakina; erreka bihotza dutelako alegia. Adibide dokumental ugari dugu Barakaldotik irten gabe: un castañal y dos arbolares sitos en el regato de Careaga (1612), pedazo de tierra vacía sita en el regato de Careaga (1651)4BFAA JCR2670/040, JCR1554/046.. Erreka batean, jakina, ezin zuhaiztirik edo lursailik kokatuta egon. Aurreraxeago aipatuko dugu El Regato de Irauregi ere.
Galdera, beraz, hauxe dugu: Nongo harana da El Regato apelatibo hutsaz izendaturik heldu zaiguna? Horixe da bilatu beharrekoa, ez besterik. Hau argi izan ezean, dokumentazioan el regato de Careaga topatzean, Kareaga auzoko erreka erreferitzen ari dela pentsatuko genuke eta ez el valle, ribera (> barrio) de Kareaga; erreka eta ez errekaldea, bestela esanik.
Beste analisi elementu bat gehitu behar diogu aurrekoari. Gure usadioan entitate txikiak izendatzeko joera dugu, gure bizitza-espazio murritzekoak bestela esanik. Horrexegatik, La Ría de Bilbao, La Ría de Portugalete eta holako beste izendapen zehatzagoak erabiltzen ditugu. Hau erreka izenetan da nabarien baina ez horietan bakarrik. Koronimoak, lurralde zabalen izenak, ez dira izaten espazioa okupatzen duten bizilagunek jarritakoak, agintariek eta hauen esanetara dauden kartografoek baizik. Esan nahi baita, haranek eta ibaiek, handiak eta luzeak direnean bereziki, erreferentzia puntu bat hartu ohi dute. Horixe dugu Valle de Trapaga-ren kasua: Trapaga auzoxka bat baino ez zen. Gaur egun autobidearen zutoinetako bat dagoen lekuan kokaturik egona. Kontrako adibideak ere badaude, aurrerago ikusiko dugunez. Somorrostro edo Triano dira etsenplu ezin argiagoak5Somorrostro haran osoko datuak Carlos Glaria adiskideari zor dizkiot..
Argitzapen honekin agerian jarri nahi izan dugu El Regatok, erreferentzia toponimikorik baldin bazuen, nonbaiteko harana baldin bazen, erreferentzia hori puntu zehatz bat izan zitekeela, gerora haran osoa izendatzera pasatua baina azkenik galdua edo berrezkutatua.
Bilaketa gidatzeko eta aurkitzekoa identifikatzeko, historia ere, noski, lagungarria izan dakiguke, testuinguru kronologikoa zehazten lagundu dezakeen neurrian. Dokumentazio historikoa ahalik eta modurik sakonenean arakatzea beste biderik ez dago. Orduan jakingo dugu El Regato auzoa noiz azaltzen den lehenengoz historian.
Barakaldo baserri auzoxka askok osatzen zuen. Aurrera baino lehen, ordea, argitu behar da barrio apelatiboa ez dela oso zaharra, lugar baita lehenagoko dokumentazioan erabilia. Baita sitio, puesto eta halako beste izendapen batzuk ere.
Zehaztapen hau gorabehera, badakigu auzoxka horien gainetik zazpi auzo osatu edo nagusitu zirela XIX. mendearen hasieran. Motibazio historikoa ere ondo ezaguna zaigu. Culto y Clero zerga itogarria modu eraginkor batez kobratzeko herria zatitu edo auzoxkak auzo handiago edo barrutietan bildu beharra zegoen, berrantolaketa horretatik sortutakoa auzo nagusi bakoitzean kobratzaile bat jarriz. Horrela sortu zen Beurko, Landaburu, El Regato, Irauregi, Burceña, San Vicente eta Retuerto auzoetan banatutako kobraketa sarea. Harrezkero, El Regato izenaz Castañosetik jaisten den errekaren alde bateko eta besteko Urkullu, Tellitu, Eskauritza, Aranguren, Uraga, Gorostitza, Mesperutza eta Bengolea (Telletxearekin noizbait) auzoen batura ezagutuko da. Bañalesek eta Gorrotxategik baieztatzen dutenaren kontra, ez dugu sei auzotako banaketarik 6XVIII. mendeko fogerazioetan bi dozena auzotan banatzen da herria hasieran eta dozena luze batean bukaeran. 1704koan Aranguren, Escauriza, Gorostiza, Mesperuza y Tellaeche, Uraga, Urqullu y Tellitu azaltzen zaizkigu ehun urtegarrenean El Regatok barne hartuko zuen eremuan; 1746koan «Tillitu, entrando todo lo del Regato» eta 1796koan «Regato hasta Bengolea». Hauetatik auzo moduan aurkitzen ditugun lehenak, XVI. mendearen hasierarako, Urkullu (1504) eta Eskauritza dira (Escabriza, 1533). Gainerakoak gutxika-gutxika doazkigu agertzen, azkena azaltzen Bengoolea izanik, 1767an. ezagutzen, ezta El Regato auzoa meagintzaren bultzadaz sortu zela baieztatzeko inolako egiantzarik igarri ere. XIX. mende ia osoan zazpi auzotako herria dugu Barakaldo: “los siete barrios de que se compone”7BarUA, C00026-A1, 1887. urtea.. Berandu gabe, zortzigarren auzo bat gehituko zieten aurrekoei, Industriagunean zer kobratua ikusi zutenean: La Fábrica.
Zorionez, auzokide eta alargunen zerrendaketa batean, 1810ekoan8BarUA, C80-A1-98., El Regato eta Irauregi auzoak izen osoago batez azaltzen zaizkigu. Aurrenekoaren kasuan bilatu behar genuen erreferentzia toponimikoarekin: El Regato de Escauriza9Ez da erraza honelakoetan el regato minuskulaz ala maiuskulaz idatzi behar den erabakitzea, onomizazio prozesua gauzatua den ala ez zehatz jakiterik ez baitago. El Regato soilean, ordea, ez dago dudarik maiuskula biak direla pertineneteak. Argi dago Eskauritzakoaren kasuan el regato elementua toponimoari itsatsi eta onomizatu zela. Irauregikoarenean, prozesu hori burutu bazen ere, ez bide zuen luze iraun.. Bigarrenean, berriz, aurrekoaren indargarri, apelatibo lagungarri beraz: El Regato de Irauregi. Izendapenak urte batzuetan bakarrik iraun zuen: 1828. urtean Agustín de Urioste y el Alisal “rematante de las barriadas de los dos regatos” tituluarekin ageri zaigu, hurrengo urteko kontu ematean ikusten dugunez10BarUA, C78-B1, 218v.. Ohar gaitezen, Irauregiren kasuan Cadagua dugula auzoaren ardatza, regato apelatiboaz nekez adieraziko genukeen benetako ibaia. Eskauritza, El Regatoko auzoxka bat baino ez da, haranaren buru administratiboa nolabait esatearren. Mesperutza, Aranguren, Bengolea, Urkullu… ez daude Eskauritzan, baina bai Eskauritzako (edo Eskauritza auzoburua duen) haranean edo erromantze lokal zaharrean en el regato de Eskauriza. Barrio apelatiboaz 1747an aurkitu dugu estrainekoz dokumentaturik11BAHP, Antonio de Tellaeche, Prot. Not., 1747, 226v., urtebete lehenagoko fogerazioko “Tillitu, entrando todo lo del Regato” adierazpena12BFAA, AH05013/045. indartuz. Badugu lehenagoko erreferentzia bat, 1724koa, baina lausoa da eta ez da, bada, auzo izaera segurua: “en dicho paraje abajo en el regato”13BFAA, JCR1888/003.. Nolanahi ere, mende berrian sartu arte itxaron behar dugu El Regato eguneko luze-zabal osoa erreferitzen ikusteko.
Ikerketan, honezkero batek baino gehiagok sumatuko zuenez, pausoak ez dira hain lineal eta logikoak, jakina. Izan ere, ikerketa ez da hain helburu zehatz batera zuzendurik egoten. Ikerketa zabalagoak izaten dira onomastikoak. Holakoa da gurea ere. Ikerketa onomastiko zabal batean gauza asko esplika ditzaketen izenak kausituko dira, ezer berezirik esplikatzeko baliorik ez duten beste milaka izenen artean nahasirik. Edozein modutan, aurkeztu dugun marko teorikoa argi eta momentuoro presente izateak datuak, agertu ahala, hobeto interpretatzeko, kontestualizatzeko, sailkatzeko eta ezagutzera emateko ezinbesteko laguntza eskaintzen du.
Barakaldo: proposamen etimologiko berri baterako oinarriak
Bigarren misterioa xehetuta, itzul gaitezen argitzen zailagoa den lehendabizikora.
Aurreko saioan14Ros (2017)., orduan argitara berria zen proposamen baten karietara15Yarza (2015)., azalpen antrotoponimikoaren zailtasunak agerian utzi genituen eta bide hori agortzearren alternatibaren bat postulatu. Bide hori ere inorakoa ez zela ikusita, beste bide batetik, beste galdera batetik abiatu beharrean utzi genuen auzia.
Badira gure geografian barrena milaka izen ilun euskararen bidez nekez azal daitezkeenak. Honelaxe adierazten zuen funtsezko ideia hau Mitxelenak161953: 8, 11-12.:
“Tengo que insistir desde el principio en que los hechos oscuros o radicalmente inexplicados son muy abundantes en la toponimia y antroponimia vascas” eta jarraian: “Y el elemento extraño en la onomástica vasca no se limita a la infuencia románica latina. Nuestra relación con el mundo comenzó bastante antes de los comienzos de la influencia romana y es natural pensar que esta relación tuvo su reflejo lingüístico. […] Admitiendo, como es inevitable, la existencia de voces vascas que se han ido perdiendo en el transcurso de los tiempos y cuyo sentido por tanto nos resulta imposible de fijar actualmente, quedan aún muchos nombres propios que no se pueden explicar y que tienen resonancias con los de otros pueblos. Lo que es más importante, quedan desinencias y grupos enteros de nombres formados con ellas a los que no es posible dar, a lo que se me alcanza, una interpretación vasca con visos de verosimilitud”.
Barakaldo edota Arrankudiaga nukleonimoek balio dezakete adibidetzat. Nolanahi dela ere, askoz gehiago dira zatiz edo beren osotasunean euskararen bidez arazorik gabe azaldu daitezkeenak. Hauetako batzuen kasuan, hala ere, gardentasuna itxurakoa izan daiteke, a posteriori irabazia alegia. Saratxo, Barakaldotik gertuko izen bat ekartzearren, sarats ‘Salix sp.’ + –tzu sufixuaren baturaz azal daiteke, Barakaldoko bertako Sarasti edo Sarastui zaharragoa bezalatsu. Arrasateko Saratxo, ordea, Sagastitxo jatorrizkoaren eboluzioa baino ez da. Arrigorriaga ere ezin gardenagoa da baina izena azaltzen duen legendak susmopean jartzen du jatorria. Arrankudiaga izena azal lezakeen Verecundiaca izenak, Verecundius edo Verecundia izen latinoetako baten gainean sortuak, Arrigorriaga ere holako izen baten berrinterpretaziotik sortu zitekeela iradokitzen digu. Paralelismoen indarretik tiratuz, baliteke Barakaldo ere urrun ez egotea, –aka bukaerari dagokionez, izena *Baraka + aldo interpretatu behar badugu behintzat.
Mitxelenaren hitz horiek genituen akuilu Barakaldo jatorriz izen euskarazkoa ez zela deplauki idatzi genuenean. Baieztapen hura berretsi nahi dugu oraingoan, kontrakoa ere defendatu behar badugu ere. Kontraesanik gabe, jatorriak hibridoak izan daitezkeenez gero, izena osatzen duten elementuen jatorriaz zein izenaren beraren bilakaeraz den bezanbatean.
Ondo ezaguna da Barakaldo nukleonimoaren lehen agerpena ez dela zuzena, gentilizio baten –zehatzago esateko bi modutara bateratsu dokumentatzen den gentilizio baten– bidezkoa baizik: baracaldonensis, baracaldensis. Ez da aipatzen, ordea, lehen gentilizio hori agertzen den testuan aberancanensis ere badugula hurrenik, egun Berango izenean lekukoa utzi duena, eta baracald(on)ensis eta aberancanensis gentilizioek lehen begi ukaldi batean pentsa genezakeena baino antz handiagoa dutela.
Ustezko *aldo elementua erauzita, aberancanensis vs baracanensis genuke ekuazioa. Aferesia jasotako Barakaldo | Arakaldo, Kamarika | Amarika, Odelika | Delika tankerako pareak datozkigu orduan gogora. Aferesi erradikalago batez, aipatu Verecundiaca Lombardiako Gonzagaren jatorria ez ote zen galdetu zion Holderrek17Alfred Holder, Alt-celtisch Sprachschatz, I: A-H, Leipzig, Druck und Verlag von B.G. Teubner, 1896. bere buruari. Eta horiek gogoan, Barakaldo *Marakaldo ez ote zitekeen galdetu genion guk geureari; horrek, berriro ere aferesia lagun, Kamaraka oronimoa zekarkigukeelako azterbidera.
Hasierako kontsonantean dagoke gakoa
Horrelaxe mamitu zen, goian aipatu ditugun BIZ jardunaldien barruan, “zergatik ez Marakaldo” haizeratu genuen galdera, aipatu paralelismoek eta euskararen historian eta geografian barna oso emankorra izan den b/m alternantziak Barakaldo izen egoskorrari argi zirrikitu bat aurkitzen lagun ziezagukeelakoan.
Barakaldon ere ugari dira jaso ahal izan ditugun b/m alternantziadun testigantzak. Zernahi gisaz, moderno samarrak dira eta ezin dira aurrekaritzat hartu. Jasoetariko zaharrena Mingolea dugu (1786), Mingola forman lehenago (1755), Bengolea errotaren aldaerak, jakina. Alternantzia hori, ondo ezaguna denez, ez da euskararen barruan bakarrik ematen. Adibide toponimiko parea aipatzearren Peña Cabarga | Camargo kantabroa aukera liteke.
Kontua da M-dun forma batek orain arte kontuan hartu ez den azalpen bat ahalbidetzen digula. Lehengo galdera birformulatuz “zergatik ez Marakalde” galdetuko bagenu, Gipuzkoako Ernio eta Ernialde parea letorkiguke zuzenean burura, Cabarga eta Camargoren edo hurbilagoko Jata eta Jatabe kasuetan bezala, oronimo eta nukleonimo banak osaturiko parea. Hiru kasuetan, herri batek bistan duen mendi batetik apailatzen du izena.
Bukaerako bokalean dagoke belautea
Aurrera baino lehen, bukaeratik hasiz, azter dezagun Barakaldo nukleonimoaren amaierako –o bokalaren afera. *Alde > –aldo bilakaera azaltzea ez da erraza, ez orain ez Iturrizak18Historia General de Vizcaya, V. I, 1785, 290. *Baratzalde proposamen etimologikoa mahairatu zuenean. Etimologia saiakera zahar haren lau ahulguneetako bat zen hondarreko bokalaren arazoa.
Lehenago esana genuen bezala, ez dauka arrazoia Valeriano Yarzak192015: 222. baracaldonensis gentilizioak –on oinarria eskatzen duela dioenean. Izan ere, –o+ensis > –ensis eratorbide erregularra den arren (Luco > lucensis; Londino> londinensis…), –o + ensis > onensis ere oso zabaldua baita, –on(a) oinarridun izenen (Pampilona > pampilonensis, Narbona > narbonensis…) –onensis formaren analogiaz: Barcino > barcinonensis, Tarraco > tarraconensis, Iluro > iluronensis…. Baracaldonensis formaren atzean, hortaz, bai Baracaldon(a) bai Barakaldo egon zitezkeen, baita Barakalde ere, are zuzenago baracaldensis formatik.
Done Miliagako 1051ko dokumentu ezaguneko baracaldensis formaz gain, garai bertsuko beste dokumentu batean, Elorrioko San Agustín Etxebarriakoan, baracaldensis aldaera agertzeak baracaldensis > Barakaldo > baracaldonensis20Hizkuntzalaritza historikoan > eta → zeinuak bereizten dira bilakera fonetikoa eta analogikoa hurrenez hurren adierazteko. Aipamen puntuala da gurea eta ez dugu zehaztapen tekniko horiekin irakurlea nahasiko. berrinterpretazio analogikoaren aukera sinesgarriago egiten du. Izan ere, esan berri dugun bezala, oinarriaren azken bokala ezabatzen duen gentilizioaren lehen forma da erregularra. Bokal ezabatu hori, oker berrezar zitekeen jatorri germanikoko –aldo modako izen ugarien analogiaz: Basualdo, Arnaldo, Oswaldo… Berdin gerta zitekeen aberancanensis > Berango berrinterpretazioarekin, jatorrizkoa Beranga21Abandoko Zorrotza auzoko Beranga baserri izena, itxura modernoagoko domonimoa baino ez bide da. Kasu honetan, analogia Durango, Kuartango bezalakoetatik hedatua dateke. Berango | Beranga bikotearen parekoa dugu, distantziak distantzia, Durango | Zumarragako casa de Duranga (1775). kantabriarra balitz.
Beste aukera bat goian aipaturiko -onensis analogikoa -o ez beste bokaletako temetara ere zabaldu izana da. Bide horretatik ere izan genezakeen -aldo oker berrezarria. Honen aldeko motibazio bat, -e izenen urritasuna izan liteke; kontu jakina baita –eta analogiaren funtsa– maiztasun urriko elementuak indar analogiko berdintzailearen biktimarik eta elikagairik behinena direla. Ez zait orain adibiderik bururatzen baina bilatzea mereziko luke balio handiko frogabide erantsia bailitzateke hain froga gutxiko eremu honetan. Aurretik esan genuen bezala, irregulartasuna eta joera erratikoa da gentilizioen eratorbidearen ezaugarri nabaria22Aski ezaguna da gentilizioen irregulartasuna: «El Diccionario de Autoridades solo recoge […] unas ciento y pocas voces gentilicias, y en ellas la irregularidad es la nota predominante» (Dolores García Padrón, «La especialización semántica de los gentilicios y su descripción en el Diccionario de Autoridades», Cuadernos del Instituto Historia de la Lengua 9, 2014, 129..
Kamaraka mendia erreferente
Bukaeraz esatekoa genuena esanda, bihur gaitezen hasmentara. Marak(a) edo Barak(a) oronimo bat postulatu dugu hipotesi berriaren abiapuntu. Ezaguna denez, izen horretako mendirik ez dugu baina bai goraxeago aurreratu dugun Kamaraka bizkaitar-arabarra, aferesiz Maraka eman zezakeena.
Oronimo honek arazo bikoitza aurkezten digu, alabaina. Batetik, Arrankudiaga gaineko Kamaraka mendi hau bigarren mailako tontor bat da, muntaz behintzat Ernio, Jata edo Peña Cabarga aipatuekin ezin aldera daitekeena. Bigarren arazoa fonetikoa da: nola azaldu hitz hasierako Ka– silabaren galera.
Bi arazo horiek ebazteko proposamenak jorratzea da hemen aurkezten dugun lanaren bigarren xedea. Jakitun gara bi arazo hauek bi hipotesi independente eskatzen dutela eta alde horretatik ia bigarren graduko berreraiketen pareko proposamena dela gurea.
Lehen arazoa konpontzeko23Egia esatera, arazo potentziala baino ez da. Baliteke Arakaldo Barakaldotik, edo alderantziz, sortua izatea, izen horretako leinuaren hedaduraz kasurako. Arakaldo balitz izen emailea, nahikoa genuke 697 metroko egungo Kamaraka, eta ez 999 balizko Kamaraka, izatea erreferentea, gure Ernio edo Jata., Kamaraka jatorriz gaur egun Ganekogorta241458ko konkordia batean aurkitu dugu izena lehenengoz dokumentaturik (BFAA, BILBAO ANTIGUA 0045/001/002), baina bestela ez da XVIII. mendera arte ia inoiz aipaturik ikusten. izenaz ezagutzen den mendia edo mendigune osoa pentsa daiteke. Izan ere, Ganekogorta kortabaso edo saroi baten izena da berez, ez mendi batena; jatorriz dasonimoa eta ez oronimoa, alegia. Alonsotegiko Beagorta, Enekogorta, Oreingorta (Lingorta modernoa)… edo Barakaldoko bertako Maskorta eta Askagorta lekuko dituen sail ugariko beste bat. Belaute izenaz ere ezagutu izan da mendia baina izen honen etimologiak berriro ere hau sortzez behintzat oronimo nagusia ez dela iradokitzen digu. Tolosako Belabieta ezagunak, ezaguna historikoki Nafarroarako eta kostalderako pasabidea izan delako, Belauriate izena du dokumentatua 1399. urtetik, egungo forma 1956.etik dokumentatzen ez den bitartean. Eleizaldek25«Listas alfábeticas de voces toponomásticas vascas», RIEV 14 (2), 1923, 317. bien arteko zubiarena egiten duen Belabiate jaso zuen. I. Goikoetxeak eta J.I. Elosegik26Tolosako leku izenak, Tolosako udala, 2006. etimoan belauri elementua zehazki diskriminatu bazuten ere, honen interpretazioan ez zuten asmatu. Belauri ez da pertsona izen bat belaun hitzaren konposizio forma baizik, belauniko | belauriko pareak argitzen diguna. Belauriate eta gure Belaute (< *Belaunate) belaun27Gaur egun, ukondo erabiltzen da gehiago erreketako-eta angelu zorrotza adierazteko, inguruko hizkuntzetan ere brocha acodada, brosse coudée eta holakoak. edo sigi-saga formako ateak dira. Ez da ezer berreraiki behar, ordea, Gerardo López de Guereñuk Barrundian jasoa du belaute hitza: “Tres piedras altas colocadas verticalmente a la entrada de una heredad cerrada de manera que sólo permitan a la vez el paso de una persona e impidan el del ganado”28«Voces alavesas», Euskera III (2), 1958, 202.. Belaun(t)esi forma paraleloa, ate ‘pasabide’ren ordez hesi ‘itxitura’ duena, orokor xamarra izan bide da Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan bildua izan baita. Zollon Belauteko entradie esaten zioten Ustara auzokoek, Belautetik hurbilenekoek hain zuzen ere, mendiaren goialdeko pasabide bati, mendiari izena ematen diona urrean; oker ez bagaude, Zollo eta Okendoko mugatik gora egiten duen bidearen buruan.
Kamaraka eta Kamarika Ganekortatik bistako bi muino hurbileko dira, Arrankudiaga eta Laudio arteko mugan lehena eta Okendo eta Gordexola artekoan bigarrena29Sodupera begira, Zalduegi izenekotik beherako 510 bat metroko altuerako tontor baten azpiko iturburua eta ondoko parajea dira izen horrekin erreferituak kartografian baina kartografia berean izendatu gabe ageri den tontorra bera izan liteke lehenik horrela izendatua. Beste maparen batean, ordea, 515 metroko bertako muinoa seinalatzen du., hain zuzen ere.
Kamaraka eta Kamarika: aztarna zeltikoa
Kamaraka eta Kamarika, sufixua gorabehera, izen bat bera dira sortzez, Kantabriako Cabarga bera hain zuzen ere. Goian aipatu Amarika larrabetzuarra eta Santurtziko Mamariga ere apika, hurrenez hurren forma aferetikoa eta asimilatua baldin badira30Ausartegia izan daiteke Gipuzkoako Arakama ere ekuazioan sartzea baina birtualitate ona lekarke: beste -(a)ma ilun bat argitzea. Izan ere, Luis Mari Zalduaren superlatibo zeltikoaren proposamena hiperbolikoa baita.. Izen zeltiko ezaguna da lehena, latineztatua bigarrena. Kamarakak egungo Ganekogorta | Belaute parearen onetan izena nola gal zezakeen argitutakoan itzuliko gara gure oronimo inportatuaren jatorriaz eta izaeraz zerbait esatera.
Gurean zeltismo onimikoak ibai eta mendietan kausitzen ditugu oroz gain. Leongo Teleno mitikoarekin antz handia duen Toloño dugu kasu argi bat31Anboto ere aipatua izan da jatorri zeltikodun mendien artean, Ambatus antroponimoa oinarria lukeena. Guk orografian han hemen sakonunea adierazteko erabilitako enbutu apelatiboarekin lotuko genuke. Errioxako Cameros mendizerrako Emboto genuke adibide paralelo bat. Soriako Hoyos de Amboto, hortaz, tautonimo bat genuke.. Nerbioi eta Deba ibai izen edo potatonimoak ditugu hidronimoetan ezagunenak, bestalde. Ez dira nolanahiko mendi eta ibaiak, beren inguruetako nagusienak baizik. Gauzak horrela, Kamaraka Nerbioi eta Salzedo arroak batzen edo banatzen duen 999 metroko Ganekogorta edo Belaute izatea espero genuke izendatua izateko aukeratua eta ez Arrankudiaga eta Laudio udalerrien arteko Kamaraka apalagoxea.
Dokumentazio zaharrik ezean32Bittor Arbizu lagunari zor diot Kamaraka oronimorako Laudioko toponimiaz bere tesi doktoralerako jasotako 1630ko lehenengo datazioaren datua., izen translazio honen alde dakarkegun aldeko testigantza bakarra, antzeko kasuen paralelismoa da. Ohikoa da eremu edo entitate zabalek bertako eremu edo entitate txikiago batean gordetzea beren jatorrizko izena. Somorrostro dugu hurbil-hurbileko adibide bat. Zazpi herrik osatutako haran bat izendatzeko baliatzen zen izena, gaur egun, zazpi horietako udalerri bakarra, Muskiz izen ofizialak azpiratua. Triano koronimoak, bestalde, auzo bat besterik ez du gaur egun izendatzen, Campa de Triano izenekoan altxatua, Ortuella eta Abanto udalerrien mugak erdibitua.
Berriro ere Eskauritza gogora dezakegu. Eremu txiki batek handi bati eman zion izena baina izendapen zabaldu hori aldatuta, eremu txikiaren izenean gorde zen azkenik.
Onomen erreferenteen aldaketek, berauek murrizteko zein zabaltzeko motibazio historiko ezagunak dituzte askotan. Goian aipatu Toloño ere adibide argia litzateke, botere faktikoetatik inposatutako errelatoa zinezkoa balitz, jatorriz Toloño mendilerro osoa balitz alegia. Gaur egun, Toloño Santa María edo Nuestra Señora de los Ángeles monastegiaren hondarrak dautzan mendia baino ez da eta mendilerro osoa izendatzeko testigantza apurrek sorburu eta testuinguru historiko ezaguna dute. Pirinioak izendatzekolehenago Auñamendi proposatua zen bezala, Errioxako Sierra de Cantabria Toloño berrizendatzeko ekimena bultzatu zen XIX. mendearen erdialdean Gasteizko fueristen zirkuluan. Cantabria mendizerraren azpian jaiotako Francisco Navarro Villoslada eleberrigilea Gasteizen gobernari zibilaren idazkari karguan zegoela mamitutako asmakizuna izan zen, Arabako Diputazioko Saracibar kartografoak burutu zuen lurralde historikoaren mapan konsakratu nahi izan zutena.
Oñatiko Artia edota Gipuzkoa-Araba-Nafarroako Altzania33Gipuzkoako adibideak oro lurralde horretako toponimia -mendialdeetakoa oso bereziki- bere etxea bezala ezagutzen duen Jose Luis Ugarte lagunari esker eskuratu ditut. eta beste adibide asko ekar litezke hizpidera. Bilbao emendatu zuten elizateen kasuan (Albia, Deustu, Begoña), elizateen beren desagerpena izan zen erreferenteen translazioaren zioa. Udalerri-elizate horien desagerpenak nukleonimoa udalerriburuekin identifikatzea ekarri zuen. Barakaldoko Eskauritza auzoaren kasuan, goian argitu dugunez, bestelako motibazio historikoa daukagu, herria zeregin fiskaletarako berrantolatzea.
Gatozen orain Kamaraka izenaren gainean zertzelada batzuk ematera.
Kamaraka izen zeltikoa da sortzez, –aco/-a sufixuak salatzen duenez: “‘Belonging to Camarus’, an -āko- derivative from a Graeco-Latin PN Cammarus”34Alexander Falileyeb et al., Dictionary of Continental Celtic Place-Names, CMCS Publications, 2007: 60. Muguruzak (1997) gauzak nahasi egiten ditu: Camaracum ez da antroponimo latindarra, ezta -aca jatorri bereko sufixua, Camaracum nukleonimo zeltiko baten forma latineztatua bada ere eta oinarri antroponimikoa greko-latinoa omen badu ere.. Onomastika erromatarrean ere zabaldu ziren holako izenak, askotan –iaco/-a formapean. Kronologia dute batzuek eta besteek ezberdina, jakina. Camaraca, Camaraco ezberdinak daude han hemen, penintsulan zein Europan barrena. Ezagunetarikoa Camaracum galo-erromatarra da, egun Cambrai dena, Frantzian baina Bruselatik gertu. Nerbioen hiriburua zen eta ez litzateke baztertzekoa izango gure Kamaraka haren oroimenez35Hidronimoa herri izenkide horretakoek, eta ez geografo kultistek, ekarri bazuten. izendatu izana: “The city that superseded Bavai as capital of the civitas of the Nervii. Situated on the left bank of the upper Escaut, it was at the intersection of important Roman roads”36Richard Stillwell et al. (eds), The Princeton Encyclopedia of Classical Site, Princeton, N.J., Princeton University Press, 1976, 188..
Kamaraka ezin da Kamarazabal-ekin alderatu, azken honetan, baina ez lehenengoan, kamara, jatorriz zukeen esanahia zuela, apelatiboa aise diskriminatzen delako.
Catalunyako Camarasa nukleonimoa ere jatorri berberekoa dela proposatu izan da baina jatorri arabiarra ez da baztertzen. Txileko Andeetako Camaraca oronimoak37Inolako oinarririk gabe hemendik joandako euskaldun batek bataiatua izan zitekeela iradokitzen du Muguruzak (1997). Oronimo biak, formaz berdin-berdinak izanik ere, ez dute elkarrekiko loturarik. Formaz gain beste ezaugarri bat konpartitzen dute, alabaina: «Aquí creo necesario considerar en este punto el sugerente nexo – registrado ya por investigadores de diferentes áreas de los Andes – que se da entre hitos orográficos del paisaje tales como cerros de formas particulares, o especial altura, o de ubicación aislada – tal como es el caso de nuestro cerro Camaraca – y el topónimo asignado a la localidad que existe en su entorno, lo cual expresa en última instancia el vínculo etnogenético de una comunidad respecto de su cerro tutelar» (Helena Orta, El señorío Arica y los reinos altiplánicos: complementariedad ecológica y multietnicidad durante los siglos pre-conquista en el norte de Chile (1000-1540 d.C.), Universidad de Chile, tesi doktorala, 2010., jakina, ez dauka zerikusirik ahotan darabilgun gure formarekin. Orobat, aurreraxeago aztertuko dugun Laudioko Kamarako domonimoa.
Aspaldi handitik, Kamarika ptolomaikoarekin lotu izan dute batzuek38Henrique Flórez, La Cantabria. Disertación sobre el sitio y extensión que tuvo en tiempo de los romanos la región de los cántabros, con noticia de la regiones confinantes y de varias poblaciones antiguas: discurso preliminar al tomo XXIV de la España Sagrada, Madrid, Antonio Marín, 1768, 78-79. Plinio zaharraren Fontes Tamarici Biak Palentzian daudela dirudien arren, Montaña Palentina deritzon eskualdean, hiria Cervera de Pisuerga inguruan zegokeen eta iturria, egun La Reana deitua, Velilla del Río Carriónen. Ez bereizketa ez kokapena, ordea, ez dira guztiz adostuak oraindik: “LN: La Serna (Velilla del Río Carrión) (ESP). Tamarici (var. -ricae, -ritae, tamamarice, -cae) Pliny 31,23; Καμάρικα (var. -ίκα) Ptol. 2,6,50; Cambracum Rav. 4,43. If Celtic, to camaro-”39Falileyev et al., op. cit, 116.. Nahasketak ez dira hor amaitzen, sarri Victoriaco hiriarekin ere nahastu izan da, Gasteizekin alegia; beharbada Ptolomeok Camarica kantabriarra Vellicaren ondoan aipatzen duelako eta honek Victoriaco ondoko Veleia gogorarazi: “CAMARICA, a city of the Cantabri, called also Victoria”40J. Lempriere, A classical dictionary, containing a copius account of all the proper names mentioned in antient authors, London, 1834..
T-dun formak aldaerak izan daitezke41Cantabriako Camargoren pareko Tamargo herria dugu Asturiasen, tamarikoen gentilitatearekin lotu izan dena (Xulio Concepcion, Diccionario etimológico de toponimia Asturiana, edición revisada y actualizada, Hifer Editor, Oviedo. 2017). baina oinarri hidronimiko independente batekoak ere bai, Palentziako aipatu iturriari, Galiziako Tamara eta Tamaris (egun Tambre, Tamesis ingelesaren kidea, bistan denez) eta Albarracíneko Tamarite de Litera42Pascual Miguel Ballestín, Pascual: Toponimia Mayor de Aragón. Ciudades, villas, lugares, aldeas, ríos, montañas y territorios, Zaragoza, Gara d’Edizions, 2015. kasurako. Kasualitatea izan zein izan ez, aldizkako iturriak dira Tamarit(e) izena daramaten bi hauek eta besteren bat43Gipuzkoan halakoak dira Gabiriko Eztanda eta Mendaroko Kilimon izenekoak, Jose Luis Ugartek jakinarazi didanez.. Manuel de Assas-ek ustezko tamarit apelatiboak holako iturriak izendatzen dituela iradoki zuen baina horren aldeko ebidentziarik ez dago44Crónica de la provincia de Santander, 1867.. Ezer egotekotan, –it(e) elementuan beharko luke, izenari Terueleko Albarracíneko Fuente Burlona, Fuente Mentirosa edo Begoñako Iturrigaldu izenen bigarren elementuen zentzua emango ziokeena. Forma aldetik Piedra(h)ita toponimo ezagunean duguna litzateke hautagai perfektoa baina honek duen ‘(f)inkatu’ esanahiak ez du balio eta hibrido ezinezko batean pentsatu beharko genuke. Akaso ezaugarri horrek berak egiten zituen iturri horiek deigarri eta ondorioz izendagarri zeltiarrentzat. Horrek esplika lezake han hemen izen tipiko soil batez iturri ezberdinak izendatuta ikustea eta kasualitatez hauetariko bat baino gehiago iturri aldizkakoak izatea. Gogoratu behar da superstizioa lotzen zela intermitentziarekin, Plinio zaharrak berak, anekdota tragikoa eta guzti, detailez kontatzen duen bezala.
Camargue, Frantzia hegoaldeko Arlesen, azpian Camarica insula duela ezarri da baina Philippe Leveau-ek ondo zehazten duenez erdi aroko latinaren erabidea da hori eta “elle repose sur un empilement d’hypothèses”45«La centuriation des territoires des cités romaines d’Arles (Arelate) et d’Aix-en-Provence (Aquae Sextiae). Un retour historiographique», Revue Archéologique de Narbonnaise 43, 2010, 134.. Lehenik dokumentatzen dena, 859. urterako, “in insulae quae Camarias dicitur” baino ez dugu. Bestalde, Annia gentilitate bateko A. Annius Camars ageri da epigrafian Kristo ondoko I. mendean46Robert Mowat, «Le tombeau d’un légat propréteur d’Afrique a Arles. Conjecture sur l’origine du nom de la Camargue», Bulletin épigraphique 4, 1884, 53-61; L.A. Constans, Arles Antique, Paris, E. de Boccard Éditeur, 1921, 91.. Charles Rostaing-ek47Essai sur la toponymie de la Provence: depuis les origines jusqu’aux invasions barbares, Paris, d’Artrey, 1950 [1973], 434. egiantza ematen badio ere, Leveau-rekin gaude dioenean ezen “En fait, l’origine du toponyme Camargue est done incertaine”48«La cite romaine d’Arles et le Rhone: La romanisation d’un espace deltaique», American Journal of Archaeology 108-3, 2004, 353..
Assas-ek, bestalde, Santander probintziaren bere kronikan Liébanako Cambarco dakarkigu gogora, Ptolomeoren Camaricarekin identifikatzeko, eta Holderrek Asturiaseko Salas-en beste Cabarcus epigrafiko bat identifikatzen49Op. cit., 659.. Nolanahi ere, formarik ugarienak aurrekoekin lotutako Camariacus eta Cambariacus ditugu, Frantzian denak ere.
Forma latinoak, –ica/-o sufixudunak, antroponimo batez osatuak badira ere, ez dago hain garbi zeltierazko jatorrizkoetan. Camarica Camar antroponimoaz osaturiko izena dela esan izan da, baina orobat teonimoa eta batez ere camm-, camb(o) ‘oker’ elementu zeltikoa duela oinarria. Bestalde, zeltieraz badaude –ica sufixuko izenak: Pisorica, Asturica, Gabalaica, Tullica… Ez da gure eginkizuna afera horretan sartzea. Barakaldoren etimoa izan daitekeen Kamaraka oronimoaren ahaideak eta hauen jatorri eta nondik norakoak hizpidera ekartzea izan da gure asmo bakarra.
Peña Cabargatik gertuko Cabárceno ere formaz aurrekoen sailekoa dela pentsa genezake. Hala, oronimo batek eta bi nukleonimok osaturiko triada bat genuke, Kamaraka | Barakaldo | Arakaldo edo Aitz | Aizpeitia | Aizkoitia50Laster emango da Azkoitia eta Azpeitia herrien artean zegoen Jandoneaniz edo San Juan de la Peña ermita desagertuko irudiaren aurkikuntza eta horren karietara bi nukleonimo gipuzkoarren sorrera argituko, Juan Bautista Mendizabalek aspalditxoan iradokia zuena berretsita. kasuetan bezala baina eldarnio soila izan daiteke. Itxura batean, Italiako Cavarzano (< Capertius + -ano)51Giovan Battista Pellegrini, Toponomastica italiana, Milano, Editore Ulrico Hoepli, 2008, 311. bestelakotik dagoke hurbilago.
Eta Kamarako laudiotarra?
Kamaraka eta Kamarika kokatuta dauden eskualdean, beste kamara askotxo identifika ditzakegu geografian, Kuartango eta Oñatira zabalduta, eta Bernedora ere akaso52Hauexek dira Geoeuskadin aurkitu ditugunak: Kamaramuño (tontorra, Oñati), Kamarazabal (tontorra, Zuia), Kamarasoro (basoa, Oñati), Kamarabe eta Kabarrate? (parajeak, Kuartango), Kamaralde, Kamaroste (parajeak, Amurrio), Kamarotea (erreka eta erreka-zuloa, Bernedo), Gamaratxe? (erreka?, Gordexola).. Goian aipatu Laudioko Kamarakorako balio lezake kamara ‘ganbara’ esanahiak, domonimo baten aurrean gaudenez gero53Gipuzkoako Ganbara, Ganbaratxo, Ganbaretxe(a) baserri izenekin lotu behar da, zalantzarik gabe, ganbaratxoak ziren edo ganbaratxoa zuten baserriak.; mendialdean, alabaina, nekez izan daiteke, ez balitz, zentzu figuratuan erabiltzen den bezala, ‘buru’ balioarekin. Hola balitz, bat letorke Rostaingek54Op. cit., 128. *kamar zeltiko bati ematen dion zentzuarekin: “on désignait sous le nom de *Kam-ar- ce qui au Moyen-Age sera appelé podium [puy]”. Rostaingek esplizitatzen ez badu ere, Kamm- zeltikoa ‘kurbatu, kakotu’ zentzua ematen zaiona eta kasu honetarako berak ematen dion ‘hauteur arrondie’ zentzua bat letozke belaun apelatiboak toponimian hartzen duen zentzu bikoitzarekin. Belaute izenean ikusi dugun bezala ‘kakotua’ den bitartean, beste batzuetan ‘muino’ren balioa hartzen du. Gorputz atalekin hainbatetan gertatzen den bezala, forman oinarritutiko metaforak baliatzen dira paisaia deskribatzeko. Belaunaren kontornoaren lerroa, nondik begiratzen zaion, konbexoa edo konkaboa izan daiteke, ganbila edo ahurra.
Fonetikaren argibidea: Ka- silabaren galera
Arazo fonetikoa ere badugula aurreratu dugu: Kamarakatik Marakara murriztea. Ez da hau interes gutxiagokoa. Aitzitik, zirraragarria da azpiko aferak zabaltzen duen eszenatokia.
Euskara historiko eta berreraikiarekin guztiz bat dator hasierako kontsonante herskarien galera. Martinetek lehenik eta Mitxelenak gero herskarien banaketari buruz egin zuten proposamenak herskari hasperendunak kokatzen zituzten lehen kokagunean. Bi maisu hauen teoriak birformulatuak eta finduak izan badira ere, azken urteotako saioek (Martínez Areta, Hualde, Egurtzegi, Lakarra…) berretsi egin dute hitz hasierako herskarien izaera hasperenduna eta hauen leniziorako lehen pauso bezala ikusi. Honela mintzo zen Mitxelena Martineten hipotesi orduan haizeratu berriaz:
“¿Qué pensar de esta teoría? Ante todo, que tiene en su favor algo muy importante por razones de principio: su coherencia y su amplitud, que abarca la totalidad de los aspectos del problema. La caída de oclusivas iniciales, que ha sido repetidamente sostenida, encuentra ahora su puesto en la evolución desde un sistema antiguo postulado a uno moderno conocido”551951: 575..
Galera hori durduzagarria da fonetikaren ikuspegitik. Nolanahi ere, hitz hasierako fonemen eta batez ere fonema kontsonantikoen eztabaida luzean, abiapuntu komuna fenomenoaren bitxitasuna da. CV eta CVC silaba ereduak dira alde askotatik munduko hizkuntzek lehenetsiak. Hasierako kontsonantearen galerak, CV- eredu lehenetsia hausten duen aldetik, esplikazio berezia behar du. Bitxitasuna gorabehera, ondo testaturiko eta orain ondo ulertutako fenomenoa da. Hizkuntza askotan testatu da hitz hasierako herskarien galera baina Australiako hizkuntza aborigeneetan da fenomenoa zabalduen, ezagunen eta ondorioz sakonen aztertua. Hain da errotua fenomenoa, non hizkuntza batzuetan, hasierako kontsonantea galduta, hitz guztiak edo gehientsuenak bokalez hasten diren. Euskarak ere, bere txikian, adibidetegi polita eskaintzen du: (k)upel, (k)okots, (k)orapilo, (g)oroldio, (k)ume… eta azalpen bera eman zaio: “La misma frecuencia extraordinaria de iniciales vocálicas, con o sin h-, hace suponer, según Martinet, que un cierto número de fonemas iniciales ha podido desaparecer o confundirse en h– en época preliteraria”56Mitxelena 1950, 574..
Galera ez da izaten tupusteko gertaera, graduala baizik57Tupusteko galerak ere badira, ordea. Hauetan motibazioa bestelakoa bide da.. Etapa edo pauso ezberdinetan gertatzen da lenizio edo fonazioan ematen den indar galtze bat izaten da funtsean, azken emaitza galera izan dezakeena. Prozesua hau azentuarekin loturik egoten da, silaba atonoetan ematen den aldetik. Hitz hasierako silaban gertatzen bada galera, azentua bigarrenean58«… a high accent on the second syllable (which is the most common pattern)» (Hualde 2022). dagoela suposatu behar dugu edo, besterik gabe, konposatuetan bigarren elementuaren lehen silaban.
Azken urteotan, euskararen azentuakera zaharrak deitale handiz berreraiki badira ere59Literatura zabala da. Labetik atera berriak diren azken bi lanak aipatzea nahikoa izan daiteke, beraietan bibliografia osoa zehatz jasotzen baita: Ander Egurtzegi & Gorka Elordieta, «A history of the Basque prosodic systems», Diachronica, 2022 [DOI: ttps://doi.org/10.1075/dia.20066.egu] eta «Accent shift and the reconstruction of Old Common Basque accentuation» in Haruo Kubozono, Junko Ito, & Armin Mester (eds.), Prosody and prosodic interfaces, Oxford University Press, 2022, 29-62., oraindik arazo latza planteatzen digute. Batetik azentu sistema ezberdinen arteko aldeak oso handiak dira euskalkien barruan ere, bestetik kronologia oso lausoa eta frogabideak ez oso argiak oraindik. Nekez jakin dezakegu, bada, inguru jakin batean, Barakaldon berba baterako, eta denbora tarte ez zehatzegi batean zein ziren euskararen sistema prosodikoa. Gure proposamenaren hipotetikotasuna beste gradu batez goitituko litzateke marko jakin bat menturatuko bagenu.
Are durduzagarriagoa da galera herskari baten ez baina CV silaba oso baten aurrean gaudenean. Kontsonantea ez, baina silaba osoa galtzen denean motibazioa bestelakoa izan daiteke. Adibide argia ematen digute hipokoristikoek, Katalanez oso nabarmen: Francesc > Cesc, Joaquim > Quim, Montserrat > Rat, Miquel > Quell, Salvador > Vador… Hipokoristiko hauetatik kanpo gutxi ematen da baina kasua ez dira falta: señora > ñora edo despacito > pasito Amerikako espainolean, kasurako. Ingelesean ere hizketa arinerako ondo testatua da aspalditik60Literatura zabala da. Labetik atera berriak diren azken bi lanak aipatzea nahikoa izan daiteke, beraietan bibliografia osoa zehatz jasotzen baita: Ander Egurtzegi & Gorka Elordieta, «A history of the Basque prosodic systems», Diachronica, 2022 [DOI: ttps://doi.org/10.1075/dia.20066.egu] eta «Accent shift and the reconstruction of Old Common Basque accentuation» in Haruo Kubozono, Junko Ito, & Armin Mester (eds.), Prosody and prosodic interfaces, Oxford University Press, 2022, 29-62.. Betiere, galera silabikoa galera fonematiko bikoitza izan daiteke, bi etapa ezberdinetan gertatutako lenizio prozesua alegia.
Hitz hasierako herskarien galera multzo konsonantikoetan ematen da sarriago eta, horregatik, aztertuago dago fenomenoa. Euskararako muta cum liquida multzoetan hasierako konsonantea besterik gabe galdu egiten dela esan izan da fonetika historiko klasikoaren markoan: florem > lore, flamam > lama, gloriam > loria, clarum > laru, planum > lau… Berrikitan, haatik, Ander Egurtzegi santurtziarrak, Juliette Blevensekin61Blevinsek 2004an liburu astintzailea argitaratu zuen: Evolutionary Phonology. The emergence of sound patterns (New York, Cambridge University Press). Obran, oro har, soinu sistemen jatorri diakronikoa aztertzen du eta fonologia eboluzionariaren asmoetariko batek ezartzen du ezen «new phonetic explanations are proposed for previously problematic instances of sound change and sound patterns». batera, teoria horren moldaketa bat proposatu du marko teoriko modernoago batean, kontsonante multzo hauei eman izan zaien azalpidea, sonoritatearen eskala deritzona betetzen ez duenez “striking and unexpected” dela ohartuta. Fonetista hauek diotena da euskararako suposatu den sinplifikazioa contra naturakoa dela eta beste esplikazio bat behar duela. Proposatutako alternatiba euskarak hitz horiek hizkuntza erromaniko baten bitartez jaso izana da. Horrela, kontsonante multzoa ez baina sabaikari bat mailegatuko genuke eta automatikoki despalatalizatuko, erromantzezko emaitza sabaikaldua sinplifikatuko alegia: florem > *llore > lore, flamam > llama > lama, gloriam > *lloria > loria, clarum > *llaru > laru. Proposamen ausart bezain arazotsua da aurrekoa. Arazo bat leuntzen du baina beste bat sortzen, beti ez dagoelako ondoko erromantzeetan forma sabaikaldua eta euskarazko formek latinezko formen bokalismoa eskatzen dutelako.
Toponimian asko dira, jakina, hasierako kontsonantea galdutako kasuak, baina kontua ez da berariaz aztertu. Testatzen oso goiztiarrak baitira, burdina osagaia dutenak dira oso interesgarriak. Nafarroako Urnitza (1352) eta Gizpuzkoako Urnieta (1397) nukleonimoak lirateke testigantza zaharrenak, nahiz lehenengo osagaia burnia dutela frogatu gabeak izan. Zalantzarik uzten ez duten ugarien artean burniola izandako Aiako Urniola (1552) edo Zornotzako Urdintxueta (1733), gaur egun Burdintxueta dena.
Aztertu gabe jarraitzen dute momentuz aurreneko silaba galdutakoek. Udaletxe izan daiteke lekuko isil bat. Ezaguna da udal hitza Azkuek ondorioztatu zuela oker Otxandioko Udaletxe domonimotik, udaletxe ‘herriko etxea’ zela suposatuta. Erdiak erdi ustel. Domonimoaren forma zaharra Udalaetxe da eta Dimako Oba auzoko Kaudalategi eta Laudioko gardea auzoko Kaudalena62Berriro ere Bittor Arbizu adiskidearekin zorretan nago, La del caudal (1811) berak jasotako forma eta datazio zaharrena eman didalako. Muguruzak (1997: 21) azalpen zentzugabea ematen dio, ibaiari ematen zaion «río caudal» izendapen deskriptibotik abiatuta. Legution Kaudele izeneko kalea dugu izen bertsuko beste etxe batean pentsaraz gintzakeena baina beste zerbait ere izan liteke, aurrez aurre Kaudal izeneko mendi hegala daukanez gero. domonimoen kidekoa izan daiteke, esanahi preonimikoz Arakaldoko eta beste leku batzuetako Amarretxe ‘casa diezmera’ bera akaso. Izan ere, ez da arrotza “caudal de diezmos” edo “caudal diezmal” kolokazio lexikala.
Papera eta gure indarrak ahituta, esatekoa esana geratu da. Alde bateko edo besteko aurkikuntzek ebatziko dute autua.