Revista K-Barakaldo

Asfaltoaren taupada: rock’n’rolla Barakaldon azken berrogei urtean

Gotzon Hermosilla Bermejo

HASTAPENAK: 1970EKO HAMARKADA

Gerora, gazteen kultur adierazpiderik behinenetakoa izatera iritsiko zen, baina 1970eko hamarraldiko Euskal Herrian, rock musikaren egoera ez zen hori. Frankismoak begi txarrez ikusten zituen kanpotik zetozen kultur joera berriak, eta, horren ondorioz, rock musika guztiz ezezaguna zen herritar gehienentzat, tximaluze drogazale batzuen zarata zentzubakoa iritzita. Frankismoaren kontrako oposizio politiko eta kulturalak ere beste kultur adierazpide batzuk hobetsi zituen, eta, Euskal Herriaren kasuan, folka, kantu tradizionala, kantautoreak eta antzekoak ugaritu egin ziren, baina arlo honetan ere rock musika baztertu egin zuten gehienetan, eta batzuek zuzenean gaitzetsi egiten zuten “kultur inperialismoaren adibide” zelakoan.

Hortaz, Euskal Herrian oso gutxi ziren rock musikarekiko interesa zutenak. Gehienak gazteak ziren, estuasun ekonomikorik gabeko familietakoak (familia aberatsetakoak ere ez ziren gutxi), hiriguneetan bizi zirenak, unibertsitateko ikasleak, eta kasu askotan atzerrian ibili edo ikasitakoak, Euskal Herrira itzulitakoan zaletasuna eta hemen aurkitzen ez zen disko sorta zabala ekartzen zutenak.

Egoera orokorra hori izanik ere, bitxia da ikustea Bilbon eta horren inguruan dauden herrietan, gune urbano handi samarra izanik, antzeko neurriko Espainiako zenbait hiritan baino askoz apalagoa izan zela rock mugimendua 70eko hamarkadan, bai taldeei dagokienez, bai eta, bereziki, talde horiek argitaratutako disko kopuruari erreparatuta ere. Alvaro Herasek hori nabarmendu zuen “Lluvia, hierro y rock & roll. Historia del rock en el Gran Bilbao (1958-2008)” liburuan. Aipatutako lanean jasotzen duenaren arabera, hogei urtean (1960ko eta 70eko hamarkadetan) Bilbo Handiko zortzi taldek baino ez zuten lortu diskoren bat grabatzea, eta, kasu askotan, talde horien uzta single bakar batera mugatzen da1HERAS, 2008: 54. orr.. Hainbat arrazoik azal dezakete urritasun bitxi hau, eta horietako batzuk Herasek berak iradokitzen ditu bere liburuan: Elizak euskal gazteengan eta euren aisialdia antolatzeko moduetan zeukan eragin handia, egoera politikoa eta abar.

Barakaldo ez da salbuespena: lehenengo urte haietan taldeak egon ziren, egon zirenez, bai eta zuzeneko musika emanaldiak eskaintzen zituzten dantzalekuak (Garden, Concorde, Anaconda) eta disko dendak ere (Zaballa kaleko Serrano denda), baina, zoritxarrez, talde horiek ez zuten inoiz ezer grabatzea lortu eta haien aztarna galdu da ahanzturaren osinetan.

Lehenengo talde horietako bat Traidor, Inconfeso y Martir izenekoa izan zen. 70eko hamarkadan ikusi zutenek diotenez, kalitate handikoa zen, eta bere garaian entzutetsu samarrak izatera iritsi ziren. Folk-rock amerikarra egiten zuten, eta badirudi haien eragin nagusiak Crosby, Still and Nash (taldearen izenean ere nabari daiteke hori). Bob Dylan, Neil Young, Eagles eta antzekoak zirela (azken bi horien bertsioak jo ohi zituzten zuzenean). Bizkaiko dantzaleku eta ikastetxeetan sarri jotzeaz gain, Suzy Quatrorekin aritu ziren La Casillan 1974ko uztailean, eta 1976an Leongo nazioarteko jaialdi batean ere jo zuten Triana, Coz, Asfalto eta Nicorekin, besteak beste.

Juan Carlos Calderon ekoizlearen bitartez, Zafiro diskoetxearekin harremana izan zuten, eta single bat grabatzekotan egon ziren, baina, azkenean, egitasmoa ez zen gauzatu. Maketa bat grabatu zuten lagun baten etxean, eta abesti horiek Carlos Arcok Los 40 Principales irrati katean jarri zituen, baina, zoritxarrez, grabazio hura galduta dago egun. Taldeak 1977ko maiatzean esan zuen agur, Arriagan egindako azken kontzertu batekin.

Lehenengo olatu hartan, Tarkus ere aipagarriak dira. Rock gogorra egiten zuten, eta 1978 inguruan Cucharadarekin jo zuten Bilboko Erakustazokan, baina haien sona Traidor, Inconfeso y Martirena baino txikiagoa izan zen. Pentsatzekoa da talde gehiago ere egongo zirela garai hartako Barakaldon, baina, zoritxarrez, haien oihartzunik ez da gaurko egunetara iritsi.

PUNKAREN EZTANDA

1978tik aurrera, baina, gauzak aldatzen hasi ziren. Alde batetik, Franco diktadorea hil ostean eta Espainiako Estatuak inguruko herrialdeekin homologagarri bilakatzeko prozesuan sakondu ahala, egoera politiko-sozialak aldaketa nabarmenak izan zituen. Lehen tantaka iristen ziren (edo zentsurak guztiz debekatuta zituen) kanpotiko kultur adierazpideak agertzen hasi ziren, eta horien artean rock musika. Berrogei urteko iluntasunaren ostean, herritarrek askatasun egarria zuten, bereziki gazteek, eta horietako askok rocka aukeratu zuten euren ezinegona eta errebeldia adierazteko. Hamarraldiaren lehenengo urteetan gutxi batzuen zaletasuna zena gazte gehiagorengana hedatzen hasi zen, oso motel izan bazen ere.

Beste aldetik, 1977an punk-rockak eztanda egin zuen, bereziki Londresen, eta leherketa horren ondorioek pop musikaren panorama gogor astindu zuten. Musikalki, aurreko urteetako sinfonismo, birtuosismoaren gehiegizko gurtze eta handinahikeriaren kontrako erreakzio gisa sortu zen, abesti motzak, sinpleak eta zaratatsuak hobetsiz. Punk-rockaren filosofia zen ez zela beharrezkoa musika tresna ondo jotzen jakitea, birtuosismoa baino garrantzitsuagoa zela originaltasuna, freskotasuna, zerbait adierazteko irrika. Musikaren panoramaren kontrako erreakzioa izan zela esan dugu, baina status quoaren kontrakoa ere bai, eta punk talde askok nihilismoz beteriko mezu politikoak, oldarkortasuna eta, oro har, gizartearentzat desatsegin eta desegoki izan zitekeen guztia hartu zuten ikurtzat.

Punkaren eragina pare bat urte geroago hasi zen iristen Euskal Herrira, eta, batez ere, auzo langileetako nerabe konformagaitzen artean erdietsi zuen sustraiak botatzea. Eta Barakaldon, hirigune handi eta langile jatorrikoa izaki, azkar errotu zen. Batzuen ustez, punkaren bataioa Ezkerraldean 1979ko uztailaren 21ean izan zen. Gau hartan, Barakaldoko San Bizente auzoko kiroldegian, rock jaialdi garrantzitsua antolatu zuten, eta Fase, Zen, Puturrú de Fuá, Errobi, Izukaitz, Moris, Cucharada eta Neuronium-ekin batera, La Banda Trapera de Rio talde katalanak ere jo zuen, Espainiako Estatuan punk-rockarekin zerikusia izan zuen lehenengo taldeak. Kontzertu hark arrasto sakona utzi zuen orduko nerabe eta gaztetxo askorengan. Rocka bertatik bertara ezagutzeko lehenengo aukera izan zen haietako askorentzat, eta oraindik ere badago emanaldi historiko hura gogoan duenik2GONZALO, 2006: 121. orr..

Barakaldoko lehenengo punk taldea, eta Euskal Herriko aurrenetakoa, 091 izan zen. Portugaleteko Escombro taldea desagertutakoan, Seni Lopez baxujoleak Barakaldoko hiru gazterekin bat egitearen ondorioz jaio zen 091. Bi kontzertu baino ez zuten egin, lehena Metropoli izenpean, Sestaon, eta bigarrena, Bilboko La Casilla pabilioian, 1980eko maiatzaren 9an, La Banda Trapera del Riorekin. Handik gutxira desagertu ziren.

Corrupcion taldeak hartu zuen 091ren lekukoa Barakaldoko punk rockaren hastapenetan. Zuazo auzoko talde honek Tercera Generación izena erabili zuen hasieran, eta 1981eko martxoaren 21ean eman zuten lehenengo kontzertua. 1983ko amaiera arte, hainbat kontzertu egin zituzten, Barakaldon zein kanpoan, eta horien artean beharbada aipagarriena da 1982ko urtarrilaren 22an San Bizenteko jaietan egin zutena, Madrileko La UVI eta Vulpes taldearekin, besteak beste. 091k bezala, Corrupcionek ez zuen grabaziorik utzi.

Isidoro y Su Colección de Puertas Plegables izen bitxia zeraman taldeak bazituen punk rockaren eraginak, baina baita new wave eta 80etako hamarraldearen hasieran sortu ziren soinu berri, fresko eta apurtzaileena ere. 1980ko udan sortu ziren, eta 1983ko bukaeran taldea desegin zen arte kontzertu asko egin zituzten, batez ere Bilbon eta Ezkerraldean. Areetako Green’s aretoak antolaturiko Nuevos Sonidos 80 lehiaketan bigarren gelditu ziren, hainbat maketa grabatu zituzten, eta abesti bat sartu zuten “Sintonia independiente” izeneko bilduman.

Baina punk, new wave eta antzeko doinu berriak ez ziren Barakaldoko kaleetan entzuten ziren bakarrak. Joera klasikoagoetara emaniko taldeak ere bazeuden, horien artean Kilkirtza, garai hartan indartsu zebilen euskal folk-rockaren ildoan koka daitezkeenak, Itoiz, Enbor eta Xoxoa diskoetxearentzat grabatzen zuten bestelako taldeekin batera. 1979an hasi ziren, eta 1980an hainbat maketa grabatu zituzten, horietako batzuk Xoxoa zigiluak argitaratu behar zien disko bati begira, baina egitasmoa ez zen inoiz gauzatu.

BUNKER BELAUNALDIA

1983tik aurrera, eta hamarraldi osoan, Barakaldoko rock giroa asko suspertu eta talde pila sortu zen. Gure herrian mugimendua lehenago hasi bazen ere, susperraldi hori kronologikoki bat etorri zen Euskal Herri osoan gertatu zen rock musikaren gorakadarekin, batez ere RRV (Rock Radical Vasco) izenaz ezagutu zen korronte indartsuaren ondorioz.

Taldeak sortu ziren, baina talde horiek garatu ahal izateko azpiegiturak (entseatzeko lokalak, kontzertuak egiteko aretoak, diskoetxeak eta abar) guztiz urriak ziren. Taldeek jakin zuten horren aurrean erreakzionatzen, eta tokiko taldeen asanblada moduko bat eratu zuten, euren aldarrikapenak plazaratu ahal izateko. Garai hartan funtzionatzen zuen jai batzordearekin harreman estua zeukaten eta, horren ondorioz, Barakaldoko taldeek txosna antolatu ohi zuten Karmengo jaietan, eta jai egitarauan ere parte-hartze zuzena izaten zuten, herriko taldeekin eta kanpokoekin kontzertuak antolatuz. Hori dela-eta, hamarkada horretan kalitate handiko kontzertu ugari egon zen Barakaldoko jaietan.

Baina taldeen asanbladaren eskakizun nagusia entsegu lokalena zen, eta, horretan, Udala zen haien aldarrikapen eta kexuen jomuga nagusia. 1984an, hirurogei gazte inguru udaletxean sartu ziren, osoko bilkura egiten ari ziren momentuan, eta hara eraman zuten lokalen aldeko aldarrikapena3Muskaria aldizkaria, 22. zenbakia (1984ko azaro-abendua), 6. orr.. Azkenean, Udalak amore eman zuen, eta taldeen esku jarri zuen San Bizenteko parkean dagoen kioskoaren beheko aldea. Areto itxia eta porlanezkoa izaki, gazteek Bunker ezizena eman zioten.

San Bizenteko Bunkerra ez zen nahikoa Barakaldon sortzen ari ziren taldeen beharrei erantzuteko: garai batean, bertan entseatzen zuten taldeak hogei bat izatera iritsi ziren, eta horrek arazo handiak ekarri zituen entseguen ordutegiak finkatzeko. Edozein modutan, Bunkerrak orduko musika panoramari egindako ekarpena begien bistakoa da. Taldeei entseatzeko tokia eskaintzeaz gain, bertako ordutegiak kudeatu behar izateak, eta jaiei begira elkarrekin aritu beharrak taldeen arteko konplizitate eta sinergiak sortu zituen, eta komunitate bereko partaide izatearen sentimendua hedatu zuen taldekide eta zaleen artean. Seguru asko, gaur egun ere badirauen komunitate sentimendu horrek, eszena berean aritzen diren talde eta zaleen arteko elkartasun horrek, Bunkerraren garaian ehunduriko sare eta harremanetan du bere jatorria.

Bunkerraren eta jai batzordean egindako lanaren abaroan, talde interesgarri ugari sortu zen, batez ere punk, rock eta bestelako doinu gogorren esparruan. Denek izan zuten garrantzia, baina, batez ere, lau dira ibilbide luzea eta diskografia oparoa utzi zutenak: Yo Soy Julio Cesar, Parabellum, Distorsion eta Putakaska.

Yo Soy Julio Cesar 1984ko udan sortu zen, Isidoro Y Su Colección de Puertas Plegablesen aritutako Alfonso Herrero eta Alfredo Romeroren eskutik, eta maketa pare bat grabatu ostean, 1987an kaleratu zuten lehenengo diskoa, Discos Suicidas diskoetxearen eskutik, behin baino gehiagotan 80etako euskal rockaren klasikotzat jo izan dena. Beste bi disko argitaratu zituzten, Lo estamos pensando bata, taldeak 1988-89an Bilbo Hiria lehenengo Rock Lehiaketa irabazi izanaren ondorioz, eta Nada es verdad bestea, konologikoki aurrekoa baino lehenago grabatutakoa baina geroago argitaratu zena, 1990ean. Pare bat urte geroago taldea desegin zen.

Parabellum, berriz, Barakaldoko rock talderik ezagunena eta kanpoan oihartzun handiena lortu zuena izan zen, seguru asko. Bunkerraren belaunaldiko taldeen artean diskoa kaleratu zuen lehenengoa ere izan zen, haien estreinako lana, No hay opción, 1987an argitaratu baitzen Discos Suicidasen eskutik, Yo Soy Julio Cesarrena baino hilabete batzuk lehenago. Taldearen arrakasta 1991n iritsi zen, Gor diskoetxeak plazaratutako Bronka en el bar lanarekin. 1993ko Hace falta?, 1995eko Txarriboda, eta 1998ko Adelante sin cabeza lanek osatzen dute Parabellumen diskografia, harik-eta, 1998ko abenduan, taldeak zenbait urtetako etenaldia egingo zuela iragarri zuen arte. 2002an, Envenenado izeneko bilduma argitaratu zuen Gor diskoetxeak, eta hurrengo urtean, Un dia cualquiera zuzenekoa Fundacion Tortuga zigiluak.

Distorsionen punk rock zorrotz eta dibertigarriak zale askoren arreta erakarri zuen 80etako hamarkadan. Bilboko Garaje aretoan zuzenean grabatutako maketa baten ostean, taldeak hiru lan plazaratu zituen, den-denak Discos Suicidasekin: Ke buen Dios! (1988), Para quitar el stress (1991) eta En esta mierda de vida (1995). Hirugarren diskoa agertu zenerako, taldea deseginda zegoen.

Hiru taldeak, Yo Soy Julio Cesar, Parabellum eta Distorsion, 2000ko hamarraldian itzuliko ziren, geroago ikusiko dugun moduan. Laugarrena, aldiz, ez zen itzuli, ez baitzen inoiz joan. Izan ere, Putakaska, aktibitate gutxiagoko bolada luzeak izan dituen arren, hor egon dira beti, 1986an taldea agertu zenetik. 80etako hamarkadan plazaratutako zenbait maketaz gain, lau disko argitaratu dituzte: Putakaska (1991), Vivo vacilando (1992), Todo es mentira (2000) eta zuzenean grabaturiko Salud y punkhead (2007).

Askoz talde gehiago egon ziren Bunkerraren belaunaldian, hain ibilbide luze eta oparoa izan ez bazuten ere. Pelos Y Señales taldeak punkaren hegemonia apurtzen zuen euren pop-rock bereziarekin; maketa bat plazaratu zuten 1986an, Puntos Suspensivos taldearekin batera, eta abesti bat sartu zuten “Hemendik” izeneko bilduman (1987). Miserables 1984tik 1988ra aritu ziren, eta hainbat maketa utzi zituzten. Mierda Radiactiva Bizkaiko lehen hardcore taldea izan zen, Basauriko Radikal Hardcorerekin batera, eta maketa bat grabatu zuten. Komando Vatikano belaunaldi horretako gazteenak izan ziren, eta 1988an grabatutako maketa bat utzi zuten. Pelos y Señalesekin batera maketa argitaratu zuen Puntos Suspensivos pop taldearen errautsetatik Audiencia Nacional sortu zen, 1986tik 1989ra arituko zena, eta maketa bikain bat grabatu zuten. Trapu Zaharraken ibilbidea, batez ere, hurrengo hamarkadan garatu zen (lehenengo maketa, Concierto desconcierto, 1993an grabatu zuten, eta bigarrena, Nocivo, 1994an) baina belaunaldi horren azken taldetzat jo daiteke. Pleonakis Plektos, NPI, Postura 69, Brontosaurios, Los Niños Cantores de Cruces, Benta de Bagos, Atila, Cautivos, Radio España Muerta eta beste hainbat taldek osatzen dute belaunaldi jori horren zerrenda.

Baina, esan bezala, Bunker belaunaldia ez zen talde multzo soila, horien inguruan gorpuztu zen mugimendua baizik. Kontzertuak egiteko aretorik ez zegoen, baina hainbat jaialdi antolatu ziren eszena horren testigantza emateko, bereziki 1985eko martxoan Korrikaren alde Herriko Plazan egindakoa, edo 1986ko Noche de kaos y desastre izenekoa, Gorostiza auzoan antolatutakoa. Fantzineak ere agertu ziren (Putrefaccion, Ultima Generacion, D.E.P.), eta Zirika Barakaldoko irrati libretik eszena hori guztia bultzatzen zen etengabe.

1988an, sute batek kiskali zuen Bunkerra. Suak suntsitu zuen Barakaldon lehenengo gaztetxea egiteko saioa ere: urte hartan Barakaldoko Gazte Asanbladak hiltegia okupatu zuen, eta bere bizitza laburrean kontzertu batzuk antolatu ziren bertan, baina handik gutxira desagertu zen, lehen aipatutako sutearen kariaz. Jai Batzordearen eta Udalaren arteko tirabirak larriagotu ziren eta, horren ondorioz, Udalak jaiak antolatzeko ardura bere gain hartzea erabaki zuen, bertoko taldeen parte-hartzea murriztuz. Zirika Irratia ere desagertu zen. Horren guztiaren ondorioz, mugimendua apaltzen joan zen apurka-apurka, eta 1992-94rako, 80etako hamarkada emankor horretako talde ia guztiak desagertuak ziren, Parabellum eta Putakaska salbuespen. Hor amaitu zen Barakaldoko rockaren urrezko aroa.

90ETAKO HAMARKADAREN BIDEGURUTZEA

90etako hamarraldiaren hasieran, zenbait taldek eutsi zioten Barakaldoko punkaren tradizioari. Horietatik hiruk lortu zuten diskoak grabatzea eta aurrera egitea: Los Dalton (lau abestiko maketa bat eta Recuerdos izeneko LPa grabatu zituzten, azken hori Basati Diskak zigiluak 1994an argitaratua), Viernes XIII (1989tik 1996ra aritu ziren, eta tarte horretan taldearen izen bera daraman LP grabatzeaz gain, abesti bat sartu zuten Berri-Otxoak taldeak kaleratu zuen Okupacion izeneko maketan) eta Mentes Enfermas. Azken horiek izan dira ibilbiderik luzeena egin dutenak. 1993an argitaratu zuten lehenengo diskoa, sei abestiko EP bat, eta hurrengo urtean, lehenengo lan luzea, Ke lokura viejo, biak ala biak Hebefrenia Records zigiluaren eskutik. Era berean, abesti bat sartu zuten lehen aipatutako Okupacion izeneko kasetean.

Hiru talde hauek ez ziren bakarrak izan Barakaldok aurreko hamarkadan irabazita zeukan punk ospeari jarraipena ematen. Kuarto de Hora, Pabernos Matao, OCB, Deskizio, DBC, Vandalismo Gratuito, Ignominia, Movimiento Eskroto, Desguaze, Ruptura, Malsonado punk kantautorea eta beste zenbait dira aipatzeko modukoak. Batzuek maketaren bat edo beste grabatu zuten, beste batzuen jarduera kontzertu batzuk ematera mugatu zen, eta gehienak hamarkada amaitu orduko desagertu ziren, baina badago gaur arte iraun duenik ere; hori da, esaterako, Pabernos Matao taldearen kasua.

Edozein modutan, 90etako hamarkadak aniztasun handiagoa ekarri zion Barakaldoko musika panoramari, eta aurreko hamarkadan nagusitu ziren punk, hardcore eta antzeko doinu gogorrek beste joera eta adierazpide batzuei bide eman zieten.

La Casa Usher taldeak, esaterako, after punk doinuak ekarri zituen Barakaldoko kaleetara. 1988an sortu ziren, baina Bilboko gaztetxean entseatzen zutenez eta hango dinamikan oso engaiaturik zeudenez, askotan Bilboko taldetzat jo izan dute, bere jatorria Barakaldon dagoen arren. 1990ean grabatu zuten lehenengo maketa, eta bi urte geroago lau abestiko EP bat plazaratu zuten Munster Recordsen laguntzarekin. 1994an desagertu ziren.

Beste aldetik, pop-rock doinuak jorratu eta, gitarrei muzin egin gabe, melodiak ere lantzen zituzten taldeak agertzen hasi ziren Barakaldoko rock panorama. Ildo horretan koka dezakegu Zois ande Larres, hamarkadaren lehenengo urteetan jardun zuen taldea. Zoritxarrez, bere uzta bakarra lehen aipatutako Okupacion izeneko kaseterako grabatu zuten abestia izan zen. Oparoago suertatu zen Ardia Asia taldea. Komando Vaticanoren errautsetatik sortuak, 1993an grabatu zuten lehenengo maketa, eta 1997an, Ultimamente estreinako diskoa iritsi zen Belan diskoetxearen eskutik. Beste hiru disko argitaratu dituzte: Abril (Hilargi, 2000), Lo primero es lo primero (Hilargi, 2003) eta Ninguno de vosotros (Discos Suicidas, 2010). Izotzen Gaua ere pop rock ildo horretan koka dezakegu. Euskara hutsez kantatzen zuen Barakaldoko lehenengo taldea izan zen, eta bi maketa plazaratu zituen 90etako hamarkadaren erdialdean.

Garai hartan, hots, hamarkadaren erdialdera, garaje, noise eta esperimentaziotik edaten zuten taldeak ere agertzen hasi ziren Barakaldon. Horretan, Atom Rhumbaren garrantzia da aipatu beharrekoa. Barakaldoko Katrena aretoan eman zuten lehenengo kontzertua, 1996ko maiatzean, eta haien jatorria ere Barakaldon koka dezakegu. Baina apurka-apurka, eta taldeak Euskal Herri osoan eta gure mugetatik kanpo ere gero eta oihartzun handiagoa lortu ahala, aldaketak egon ziren taldearen osaketan, eta gaur egun, Roberto Diez abeslari eta gitarra jolea da Barakaldokoa den taldekide bakarra (eta hasieratik iraun duen bakarra, bide batez esanda). 1996an argitaratu zuten lehenengo EPa. 1998an, Bilbo Hiria lehiaketan Euskal Herriko talde onenaren saria eskuratu ondoren, lehenengo lan luzea plazaratu zuten, Hormonal riot. 2000an Dirt shotsen txanda izan zen, eta hurrengo urtean, Chasin’ the Onagrorena, zenbait aldizkaritan Espainiako estatuko urteko diskorik onena izendatu zutena.

Ordurako, Atom Rhumbaren garrantziak Euskal Herriko mugak erabat gainditurik zituen, Frantzian eta Japonian egin zituzten emanaldiek frogatzen duten moduan. 2004an Backbone ritmo argitaratu zuten. Abesti zaharren nahasketa berriekin osatutako disko baten eta Josetxo Anitua musikariekin elkarlanean ondutako beste disko baten ostean, Amateur universes plazaratu zuten (2006), eta diskoa aurkezteko biraren ostean, taldeak atsedenaldi bat hartuko zuela iragarri zuen, eta agur esan zuten 2007ko abenduan Bilboko Kafe Antzokian egindako kontzertu baten bidez. Duela gutxi, atsedenaldi horri amaiera ematea erabaki dute, eta Gargantuan melee (Brian’s Records, 2010) argitaratzeaz batera, berriro zuzenean jotzeari ekin diote.

Baina itzul gaitezen 90etako hamarkadako erdialdetik aurrera punk klasikotik aldentzen ziren Barakaldoko taldeetara. Garagetik grungera doan esparru zabal horretan koka ditzakegu Brigada Country, Buma Buma Ye, Mil Demonios, Superglue eta hamarkadaren azken urteetan aritu ziren beste zenbait talde. Betiko rock’n’roll fresko eta dibertigarriari ekiten zionik ere bazegoen; hori izan zen, esaterako, La Pitaja taldearen kasua.

Rockabillyak, 50etako rock’n’rollak eta antzeko doinuek jarraitzaile asko izan zituzten Barakaldon 80etako hamarkadan, baina ildo horretako talderik ez zen agertu, Tupes ibilbide laburreko taldearen salbuespenarekin, eta, beharbada garai hartan punkak zeukan erabateko nagusitasunaren ondorioz, Barakaldoko teddy eta rockerrek Bilbo edo Portugaletera jo ohi zuten asteburuetan. Paradoxikoki, mota horretako Barakaldoko lehenengo taldea hurrengo hamarkadan agertu zen, mugimendua apur bat gainbehera zetorrenean. General Lee Manu Heredia abeslari eta gitarrajolearen proiektutzat jo izan da askotan, bera baita taldeko burua eta hasieratik iraun zuen bakarra, askotan taldea Barakaldotik kanpoko musikariekin osatuz. 1989an grabatu zuten lehenengo maketa, eta estreinako diskoa, General Lee (Polydor) hurrengo urtean iritsi zen. Beste bi disko kaleratu zituzten, Cuando los gatos se juntan, ¿quién duerme? (DID, 1993) eta Tres eran tres (Discoloco Records, 1999). Azken bolada honetan, swing doinuetara zabaldu dute euren esparrua, General Lee Swing Band izenpean.

Ikusi dugun moduan, 90etako hamarkadan Barakaldoko rockak aniztasuna irabazi zuen, baina, hala ere, mugimenduak ez zuen erdietsi aurreko hamarkadaren maila. Azpiegitura falta izan zen arrazoietako bat. Entseatzeko lokalen falta 80etako hamarkadatik zetorren, baina, apurka-apurka, taldeek lortu zuten arazoa gainditzea, nork bere erara, eskura zituzten garaje, soto eta antzekoak erabiliz edo, besterik gabe, Barakaldotik kanpo gero eta ugariagoa zen entsegu lokalen eskaintza baliatuz. Askoz larriagoa zen Barakaldon zuzenean jotzeko aretoen hutsunea. Gabezia hori ere aurreko hamarkadatik zetorren, baina 80etan askoz ugariagoak ziren herri eta auzoetako jaietan antolatzen ziren jaialdiak edo ikastetxe, institutu, frontoi eta kaleetan antolatzen zirenak. 90etako hamarkadan, berriz, taberna eta areto itxietara pasatu zen rock’n’rolla, eta, horretan, gabezia oso handia zen Barakaldon.

Urte askoan, Mellid taberna izan zen kontzertuak antolatzera ausartu zen bakarra, eta sekulako lana egin zuen bertoko taldeak bultzatzen, horrek behin baino gehiagotan isunak eta bestelako arazoak ekarri bazizkion ere. Tabernaren neurriak, baina, ez ziren egokienak kontzertuak antolatu ahal izateko, eta argi zegoen bestelako bideak aurkitu behar zirela. Horietako bat okupazioarena izan zen, baina horrek ere oztopo handiak izaten zituen, areto okupatuen legez kanpoko izaerak jardueren iraunkortasuna baldintzatzen baitzuen. Hiltegiaren esperientziaren ondotik, Bagatza auzoko Berri-Etxea izan zen hurrengo etxe okupatua, baina aretoaren egiturak ezinezko egiten zuen bertan kontzertuak antolatzea. Lutxanako gaztetxeak ez zeukan problema hori, eta 1996ko azaroan okupatu zutenetik hainbat kontzertu antolatu zituzten bertan, baina sei hilabete baino ez zuen iraun. Bizitza luzeagoa izan zuen Erreka-Ortuko gaztetxeak, 1997tik 2003ra, eta tarte horretan kontzertu ugari antolatu zituzten, eta hainbat taldek entseguak egiteko eta maketak grabatzeko ere erabili zuten.

Okupazioaren inguruko esperientzietatik harago, Katrena aretoa izan zen Barakaldon zuzeneko emanaldiak eskaintzeko saiorik serioena. 1995 inguruan hasi ziren kontzertuak antolatzen, eta iraun zuen bitartean asko suspertu zuen herriko musika giroa, baina 1998ko udan utzi egin behar izan zioten zuzenekoak programatzeari.

MILURTEKO BERRIAREN BERPIZKUNDEA

2000 urtetik aurrera, Barakaldoko musika giroak berpizkunde garrantzitsua izan du. Oraingoan ez da urte gutxian gertaturiko eztanda, 80etako hamarraldian jazo zen moduan, apurka-apurka garatuz joan den mugimendua baizik.

Zuzeneko emanaldiei aukera berriak zabaltzeak zerikusi handia izan du suspertze horretan. Ikusi dugun moduan, 90etako hamarraldiaren amaieran, egoera negargarri samarra zen arlo horretan. Hurrengo hamarraldiaren lehenengo urteetan, herriko pub eta taberna batzuk saiatu ziren horri irtenbidea ematen, eta Mellidez gain, kontzertuak antolatu ziren Avalon, Mendigo, Riojana, Acuario eta beste zenbait lekutan, baina gehienek noizbehinkako emanaldiak baino ez zituzten egiten edo, gutxieneko jarraikortasuna lortzen zutenean, kontzertuak antolatzeari uzten zioten administrazioaren isunak eta bestelako trabak iristen zirenean.

Zuzeneko emanaldiak antolatzeko zeregin horretan, Freak Productions-en lana aipatu beharra dago. Irabazi asmorik gabeko lagun talde bat da, 1999an kontzertuak antolatzeari ekin ziona. Geroztik, emanaldi ugari atondu dituzte Barakaldon, bertoko taldeekin zein nazioarteko underground-ean sona handia duten kanpoko taldeekin (Spermbirds, The Kids, Muletrain eta abar).

Gauzak aldatu ziren 2004 urtean, Edaska aretoa kontzertuak antolatzen hasi zenean. Geroztik, hamaika emanaldi egin dituzte areto horretan, bertoko zein kanpoko taldeekin, eta horrek bizitasun garrantzitsua eman dio Barakaldoko rock giroari.

Edozein modutan, egoerak baditu oraindik gabezia batzuk. Beste zenbait taberna saiatu dira Edaskaren eskaintza osatzen neurri txikiagoko emanaldiak antolatuz, eta horretan aipatu behar da El Tubok egindako ahalegina kalitate handiko programazioa atontzen, baina administrazioaren presioaren ondorioz amore eman behar izan dute.

Euskal Herriko beste zenbait herritan, gaztetxeak betetzen du kontzertu txikiagoak antolatzeko eta horietan tokian tokiko taldeei jotzeko aukera emateko zeregin hori. Erreka-Ortuko gaztetxea bota zutenetik, ugariak izan dira Barakaldon gaztetxea sortzeko ahaleginak (Laprobi, Barakaldoko Gaztetxea, Dorretxe, Makala, Oleta), baina kasu guztietan administrazioaren jarrera kontrakoarekin egin zuten topo, eta hilabete edo urte gutxi batzuren buruan gaztetxe horiek guztiak bota edo hustu egin zituzten. Zenbait kasutan, okupatutako eraikinaren egiturak ez zuen aukerarik ematen kontzertuak egiteko. Lehen aipatutakoen artean, Barakaldoko Gaztetxea izenarekin ezagutu zen Beurko Zaharreko eraikina izan zen kontzertu gehien hartu zituena iraun zuen bitartean (2003ko abendutik 2005eko ekainera).

2007ko urriaren 11n ireki zuten Rock Star Live aretoa Megapark merkataritza gunean. Horrek, dudarik gabe, ekarpen handia egin zion Barakaldoko musika giroari, ospe handiko nazioarteko talde eta artista ezagunak zuzenean ikusteko aukera ematen baitu. Edozein modutan, horretan eta BECen antolatzen diren kontzertu erraldoietan, kanpoko talde ospetsuak nagusitu ohi dira, eta gutxi dira horietan jotzera iristen diren Barakaldoko taldeak, salbuespenak salbuespen. Hortaz, horrelako areto handien eskaintza osatzeko neurri txikiagoko emanaldiak antolatuko dituzten taberna edo aretoen hutsuneak bere horretan irauten du.

Entsegu lokalen gabezia ere izan da, Bunkerraren garaietatik, Barakaldoko rock’n’rollak pairatu behar izan duen beste hutsune garrantzitsua. Egoera nahikotxo hobetu zen 2005ean, Kareaga auzoan Los Locales izenarekin ezagutzen diren entsegu lokalak zabaldu zituztenean. Egun, hogei talde inguru aritzen da han, gehienak Baraldokoak. 2011 urtean, lokalak kudeatzeko kultur elkartea sortzeko asmoa dute bertako arduradunek.

Gorakada horren beste sintoma bat dira hamarkada horretan Barakaldon jaiotako fantzineak. Interneten garaian, paperezko betiko fantzine tradizionalak gero eta urriagoak dira. Horregatik, garrantzi handiagoa hartzen du Barakaldo 2000ko hamarkadan Euskal Herriko fantzinegintzaren epizentroa bilakatu izana. Izu Giroa euskarazko punk fantzinea 2002ko apirilean agertu zen, eta geroztik, hamazortzi zenbaki kaleratu dituzte, azkena 2010eko abenduan. Punk Rocker fantzinea 2003an jaio zen, eta 2009ko uda bitartean sei zenbaki argitaratu zituzten. Brutusek 2004ko abenduan kaleratu zuen lehenengo zenbakia, eta 2010eko apirilean agur esan zuten, 27 zenbaki kaleratu ondoren. Azkenik, Punk Rock Attitude fantzinea dugu, 2005etik 24 zenbaki kaleratu dituena. Lau fantzine, ehun mila biztanlera iristen ez den herri batean; seguru asko, Europa osoan gertatzen ez den fenomenoa4HERAS, 2008: 273. orr..

Taldeei dagokienez, Paniks izan ziren hamarkada berriaren lehenengo banda garrantzitsua. 2001ean sortu ziren, eta aurreko hamarkadan Atom Rhumba, Brigada Country edo Buma Buma Ye taldeek jorratzen zuten rock’n’roll eta garaje punk ildoari jarraitzen zioten (talde horietan aritutako musikariek osatzen zuten taldea). 2002an Hurt me izeneko maketa grabatu zuten, eta 2003an lehenengo diskoa, The Panik controversy (Biakbat Recordings). Urte horretan, Gasteizko Azkena jaialdian jo zuten, eta Paniksen soinuan eragin handia izan zuten bi talderekin, Stooges eta Crampsekin, jo ahal izan zuten. 2005ean The dead tapes izeneko EP-a argitaratu zuten, Jesus Racer Rock’n’roll Trio taldearekin batera, eta 2008an taldearen orain arteko azken diskoa plazaratu zen, Panik piknik (Musik For Panik, El Beasto eta Biakbat diskoetxeen elkarlanaren ondorioz). Taldean izandako aldaketak direla-eta, azken bolada honetan taldekideak Barakaldo eta Bermeo artean bizi dira, baina, hala ere, Barakaldoko zaleek bertoko taldetzat jotzen jarraitzen dute Paniks.

2001 urtetik aurrera izandako berpizkunde horretan, punkak, punk-rockak, hardcoreak eta antzeko doinuek garrantzi handia izan dute, duela bi hamarkada hasitako tradizioari jarraipena emanez, eta ildo horretako talde ugari sortu dira. Horietako batzuk desagertuta daude dagoeneko: Nacido Muerto, Cool Spiders, Fetish Kafe, Themenciales, Fogoneitors eta abar. Askoz gehiago dira orain arte iraun dutenak: Karretera Agropekuaria, Puñalada Trapera, Obsesion Fatal, Noizer, Rock Alkohol, Los Roñas, RockSkull, AKA (Abra Ke Amputar), Latigazos, Izan Ezean, El Lobo de Armañón, La Agonía del Congrio, Colajets, Hamar, Joxean Krau, Barakalorros… Horietako batzuek oso disko gomendagarriak plazaratu dituzte (Karretera Agropekuariak edo Latigazosek, esaterako), beste batzuek maketak argitaratu dituzte, eta gainerakoek zuzeneko batzuk baino ez dituzte egin, baina den-denek eszena bizi eta osasungarria osatzen dute.

Dudarik gabe, belaunaldi horretako taldeen artean Barakaldoko mugetatik kanpo oihartzunik handiena lortu duena Porco Bravo izan da. 2002an sortu ziren, 2004an grabatu zuten lehenengo maketa, eta 2008an Show! diskoa plazaratu zuten Freak Productionsen eskutik. Tarte horretan, eta formazioan izandako aldaketak gorabehera, Bellrays, Dwarves edo Dictactors bezalako taldeekin aritu dira zuzenean, bira txiki bat egin dute Alemanian, eta kontzertu ugari eskaini dituzte Euskal Herrian zein Espainian.

ZAHARRAK BERRI

Talde berri horiei gehitu beharko genizkieke aurreko hamarkadetatik oraindik ere indarrean dauden taldeak (Putakaska, Mentes Enfermas) eta, batez ere, azken bolada honetan berriro batzea erabaki duten 80etako hamarkadako taldeak. Parabellum 2004an itzuli ziren, eta geroztik, noizbehinka zuzenean jotzeaz gain, abesti berri bat sartu zuten Tributan a Parabellum Barakaldoko taldearen omenez 2006an argitaraturiko diskoan. La Casa Usher ere 2004an itzuli ziren, eta hori ospatzeko, 2006an De vuelta a casa zeneko CDa plazaratu zuten, 90etako hamarkadan argitaratzerik izan ez zuten zenbait abestirekin. Diskoa Espainian zeharreko bira batean aurkeztu zuten, eta, ondoren, Mexikon ere bira txiki bat egin zuten, beren ibilbideari amaiera emateko.

2008ko ekainean, Bilbo Hiria lehiaketaren XX. urteurrena ospatzeko, lehiaketa hori irabazi zuen lehenengo taldeak, Yo Soy Julio Cesarek, kontzertu bat egin zuen Bilborock aretoan. Handik gutxira, Bruto izeneko CD bat grabatu zuten argitaratu gabe gelditu ziren bost abestirekin, eta diskoa aurkezteko kontzertu bakarra egin zuten Edaska aretoan, 2010eko urtarrilaren 10ean.

2008ko uztailean, Zona Catastrofica izeneko jaialdia antolatu zen Edaska aretoan, uholdeetan kalteturik suertatu ziren lagun batzuei laguntzeko. Jaialdi hori Bunker belaunaldiko hiru talderen itzuleraren lekuko izan zen: Komando Vatikano, NPI eta Pleonakis Plektos. Komando Vatikanok kontzertu horretara mugatu zuen bigarren bizialdia, baina beste bi taldeek 80. hamarkadan bukatu gabe utzitakoari jarraipena ematea erabaki zuten. NPIk CD bat argitaratu zuen 2010ean, kontzerturen bat edo beste egiteaz gain. Pleonakis Plektosek, berriz, CD bat kaleratu zuen 2009ko udaberrian, Canciones en mono, eta orain arte jarraitu dute euren punk rock fresko eta dibertigarriari bide ematen. Distorsion ere itzuli ziren 2008ko udazkenean, Ke buen Dios diskoa argitaratu zenetik hogei urte betetzen zirenean, eta 2009ko urtarrilaren 24an lehenengo kontzertu ofiziala egin zutenetik (San Bizente auzoko jaietan) etengabe aritu dira jotzen.

ASKOTARIKO JOERAK

Edozein modutan, 90etako hamarkadan hasitako aniztasunaren bidea ez zen eten hurrengo hamarraldian. Aitzitik, biderkatu egin zela esan dezakegu, eta Barakaldon inoiz jorratu gabeko doinu eta joerak ere agertzen hasi ziren, gaur egun dagoen panorama aberatsa osatu arte. Surfa, esaterako, guztiz estilo ezezaguna zen Barakaldon, harik eta Longboards agertu ziren arte. Hirukotea 2004an sortu zen, Alfredo Romero musikari zailduaren bultzadaz (Isidoro Y Su Colección de Puertas Plegables, Yo Soy Julio Cesar, Cool Spiders eta beste hainbat taldetan aritutakoa). 7 surf shots izeneko maketa baten ostean, Big surf diskoa plazaratu zuten 2006an (El Toro Records). Ezusteko galanta ekarri zuen lan horrek. Nazioarteko zenbait aldizkaritan urteko surf diskorik onena izendatu zuten Big surf, eta lan horrek surf eszenan izandako arrakastari esker Frantzian eta Ameriketako Estatu Batuetan birak egin zituzten (Kalifornian eta Hawain jo zuten, surf kulturan sarturik dagoen edozeinentzat goia jotzea bezalakoxea dena). Beste bi disko kaleratu dituzte, Motorhythm (El Toro, 2008) eta Gnarly surf (El Toro, 2010).

Garage, beat, soul eta, oro har, 60etako doinuen maitaleen atalean, bi talde dira aipatu beharrekoak: Thee Qüibbles (disko pare bat atera dute eta Bizkaiko talderik onena izendatu zuten Bilbo Hiria rock lehiaketan 2009an) eta Brand New Sinclairs (Ten blue pills diskoa argitaratu zien 2009an Bip Bip Recordsek).

Noisek, abangoardiak, muturreko proposamenek eta doinu arriskutsuek Alvaro Matilla daukate ordezkari nagusi Barakaldon. Herriko rock eszenaren dinamizatzaile nekaezina da Matilla, fantzineak idatziz (Brutus fantzinea), kontzertuak antolatuz (Big Week Festival, esaterako), diskoak argitaratuz (Le Brutal Records zigiluaren bidez) eta, azken bolada honetan, musikaren ertzik zaratatsu eta moldagaitzenean ibiliz, bakarka edo beste musikari batzuekin. Karpenters izeneko bikotea (orain, Krpntrs izenarekin aritzen dira) eta El Perro Verde bakarkako proiektua (berak 3lp3rr0v3rd3 idazten du egitasmoaren izena) dira bere talderik pertsonalenak, eta biekin grabazio mordoa argitaratu du Le Brutal zigiluaren bidez, baina Ese Ese, Opus Glory Ignominia, Mubles eta beste zenbait proiektutan aritzen da doinu esperimentalen alorrean lan egiten duten Barakaldotik kanpoko beste zenbait musikarirekin.

Heavy metalak ere garapen garrantzitsua izan zuen mende berriarekin batera. Barakaldo historikoki doinu gogorrei loturiko herria izaki, pentsatzekoa zen heavy metalak ere garrantzi handia izango zuela herriko musika eszenan. Hala ere, aurreko hamarkadetan ez zen horrela gertatu. Musika mota horrek beti izan ditu jarraitzaile ugari Barakaldon, baina, beharbada punkaren nagusitasunak ezarritako presioagatik, Bunkerraren garaian sortu ziren hard eta heavy taldeek (Atila, esaterako) ez zuten ibilbide luzerik egin, eta antzeko zerbait esan daiteke Veda Abierta, Biopsia eta 90etako hamarkadan sortu ziren taldeei buruz. Baina gauzak erabat aldatu ziren Vhäldemar agertzeaz batera.

Vhäldemar 1999an jaio ziren, eta 2001ean grabatu zuten heavy metal klasikoz beteriko lehenengo maketa. Horri esker, Arise Records diskoetxeak fitxatu zituen, eta bi CD argitaratu zizkien, Fight to the end (2002) eta I made my own hell (2003), Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere oihartzun zabala izan zutenak. 2010ean iritsi zen taldearen orain arteko azken lana, Vhäldemar izenekoa.

Geroztik, metalak indartsu eta osasuntsu iraun du Barakaldoko kaleetan. The Howl (Europako Emergenza lehiaketan hirugarren gelditu ziren Espainiako estatuaren mailako kanporaketan, Next Report: 02:35 diskoa argitaratu zuten 2007an), Ebony Rose, R.I.P.T.U.S., Steel Puppets (2010ean, Bilbo Hiria lehiaketaren finalera iritsi ziren, metalaren arloan), Under Silence (power metal epikoz beteriko CD bat plazaratu zuen 2010ean, Memories lost in time), Niña Vudu eta beste batzuek hala frogatzen dute.

Rap eta hip-hop doinuak ere orain arte Barakaldon jorratu gabeko arloa genuen, baina azken urteotan eszena indartsua sortu da horren inguruan. 121 Krew dira horretan aitzindariak. 2000 urtean sortu ziren, eta geroztik etengabe aritu dira zuzeneko emanaldiak eskaintzen eta grabazioak argitaratzen, batzuk euren kasa kaleratutakoak eta beste batzuk Musikherria proiektuarekin elkarlanean. Baina izen gehiago badago: Invert, Betto Snay (Barakaldon bizi den Angolako raperoa), Bichos Raros K, Maisha MC (121 Krewko kidea)…

Beste aldetik, azken bolada honetan sustraidun musika, fusioa, folk akustikoa, eta are rumba eta flamenkoa ere jorratzen dituzten taldeen eszena bitxia sortu da Barakaldon. Ildo honetan koka dezakegu Salbuespunk, Sagardolé, Lagunita Mental, Vembrulé eta besteren bat.

Azkenik, lehen aipatutako estiloetatik aldentzen diren eta betiko rock, blues, pop eta bestelako doinuak jorratzen dituzten taldeak aipatu behar ditugu. Zerrenda luzea da: La Jaula, Jardin Infierno, Tupanca Corral, Bunpada Sound eta haien Anitzak Hitzak izeneko egitasmo berezia, Even Mud, Chronos, El Hombre del Tiempo, El Perro Estrella, El Exceso, Bandera Blanca, Sobre Diez, Egon, Lasai, Lokomotiv, Thream eta abar. Barakaldon sortu eta mamituriko egitasmoei taldekide barakaldarren bat edo beste duten kanpoko taldeak gehituko bagenizkie (Jukebox Racket, Autostereo, Indomables, Tiparrakers, Bazuka’l Bakala, Los Carniceros del Norte, Celsius, Fiend…) zerrenda amaitezina izango litzateke.

Horrek beste gogoeta batera garamatza. Argi dago, arazoak arazo eta gabeziak gabezia, Barakaldok rock harrobi garrantzitsua izaten jarraitzen duela. Baina, oraindik ere, Barakaldoko rockaz hitz egin daiteke? Garai batean, taldeak nonbaitekoak ziren, herri edo auzo berean bizi ziren lagunek erabakitzen baitzuten taldea egitea. Egun, Myspace eta artxiboen trukatzearen garaian, muga fisikoak desagertu egin dira, eta orain oso ohikoa da herri berean (batzuetan, herrialde berean edo kontinente berean) bizi ez diren musikariak elkarrekin aritzea. Eta beste horrenbeste esan daiteke musika eraginen inguruan: rockaren teoriko batzuen ustez, tokian tokiko eszena eta soinuak desagertu dira, globalizazioaren lapikoan urtuta, eta egun ez da arraroa Japoniako hardcorea edo Norvegiako black metala egiten duten taldeak aurkitzea, leku haietan inoiz egon ez badira ere.

Horiek horrela, zentzurik ba al dauka Barakaldoko rock musikaz hitz egiten jarraitzeak? Gu baiezkoan gaude. Oraindik ere, Barakaldon sorturiko talde askok eta askok badute komunitate bereko kide izatearen sentimendu hori. Eta berdin esan daiteke zaleei buruz: kanpoko zale batzuek harrituta komentatzen dute ohikoa izaten dela Barakaldoko talde batek jotzen duen bakoitzean herriko zale guztiak hara joatea, eta beste zenbait herritan ikusi ez duten elkartasun moduko bat dagoela, zaleak herriko taldeak babestera eta sustatzera eramaten dituena.

Beharbada horregatik, Putakaska, Parabellum, Los Dalton, Miserables, Rock Alkohol, Puñalada Trapera, Ignominia, Karretera Agropekuaria, Los Roñas, Fogoneitors, Los Carniceros del Norte, Porco Bravo eta beste hainbat eta hainbat taldek Barakaldori buruzko abestiak idatzi dituzte. Oso fenomeno bitxia, beste zenbait herritan gertatzen ez dena eta frogatzen duena Barakaldoko kaleek bertoko taldeei izaera eta nortasun berezia ematen dietela.

BIBLIOGRAFIA

2006: GONZALO, Jaime: La Banda Trapera del Rio. Escupidos de la boca de Dios. Munster Books, Madril.

2008: HERAS GRÖH, Alvaro: Lluvia, hierro y rock&roll. Historia del rock en el Gran Bilbao (1958-2008). Ed Sirimiri, Bilbao.

Muskaria aldizkaria

Izu Giroa fantzinea

Punk-Rocker fantzinea

Punk Rock Attitude fantzinea