K-Barakaldo aldizkaria

Pilare Baraiazarra: “Barakaldoko gurasoentzat euskarazko hezkuntza ereduen alde egitea justizia kontua ere bazen”

Miren Rubio Iturria

Euskararen aldeko grina sumatu zuelako aukeratu zuen lanerako Barakaldo Pilare Baraiazarra Txertudik (Meñaka, 1938). 1983-84ko ikasturtean, ABT Euskara Aholkularitza eta Baliabidetegiak (gerora Berritzegunea bihurtuko zirenak) ipini zituen martxan Jaurlaritzak hezkuntza arloan euskara bultzatzeko, eta Pilarek bere burua aurkeztu zuen Barakaldokorako. Ibilbide oparoa egindakoa zen ordurako: Donostiako Santo Tomas Lizeoan irakasle izana zen hainbat urtez, Ugao-Miraballeseko eskola publikoan euskarazko eredua abian jarria zuen irakasle gisa, eskolarako materiala sortzen ere jardun zuen Jaurlaritzarako Nerbioi-Ibaizabal eskualdeko euskarazko irakaskuntzaren arduradun zela, euskara klaseak ematen zituen helduentzat… Eskarmentu horrek eraman zuen Pilare Barakaldora, 40 urte zituela: bertan euskarak bide luzea egiteko aukera zuela sinetsita zegoen, irakasle eta gurasoen borrokarako gogoa ikusita.

Jada erretiroa hartuta, asmatu zuela dio Pilarek, Barakaldo euskaldunagoa delako orain egindako lanari esker; oraindik bide luzea egiteke badu ere. Eta esker onez mintzo da Barakaldoko zein Ezkerraldeko guraso, irakasle eta euskaltzaleek eskaini izan dioten babes eta konfirdantzagatik.

Barakaldora iristerako hezkuntza arloan ibilitakoa zinen zu.

Pilare Baraiazarra: Barakaldora joan aurretik, Hezkuntza Delegaritzan nengoen eskoletarako euskarazko materialgintza sortzen. Ikastoletan egindako material apur bat genuen, orduan ere sortu ziren Txalopin txalo edo Santi Onandiaren jolasak, baina ezer gutxi gehiago zegoen. Horregatik, hezkuntza ereduen hastapenetan, ikastoletan ibilitako irakasleak deitu gintuzten eskolarako materiala sortzeko, eta Hezkuntza Delegaritzan talde bat osatu zuten B eta D ereduetako material hori egiteko.

Errukarria zen hango lan giroa… Jende jator-jatorra bazegoen, baina langileetako asko, bedelak eta halakoak, guardia zibilak izandakoak ziren, euskararen kontrakoak. Eta beti zegoen oztoporen bat. Pentsa, haurrentzako euskarazko abesti bat grabatu behar izaten genuenean, batzuetan komunean sartzen ginen, eta hala egiten genituen grabazioak; gero eskoletan erabiltzen ziren zinta haiek kantuekin eta jolasekin.

Hezkuntza Delegaritzan sortutako material hori aurkeztu behar izaten genien gero irakasleei: zer lantzeko balio zuen kantu honek, nola erabili behar zuten beste hori… Ni Nerbioi Garaiko euskara koordinatzailea nintzenez, zonalde horretako ikastetxeetan ematen nituen azalpenak. Beste zonaldea Ezkerraldea osoa zen, Balmasedatik Barakaldoraino, eta zabalegia zelakoan, lankidetza egiteko eskatu zidaten. Hala hasi nintzen sarri-sarri Barakaldoko Miranda Fundaziora1Miranda Fundazioaren eraikin zaharrean, egungo Kontserbatorioan, ezarri zen 1980an Barakaldoko lehen euskal eskola publikoa. Lau ikasturte egin ziren bertan Ibaibe Herri ikastetxea eraiki zen bitartean (GARCIA IZAGIRRE, Txeru. Barakaldoko mugimendu euskaltzalearen historia 1960-70/1970-80. K-Barakaldo Aldizkaria 02, 2014) joaten, materialaren inguruko bilerak eta azalpenak ematera.

Mukusuluba zaharra

Nolako Barakaldo topatu zenuen?

Sekula ez nintzen aurretik Barakaldon izana, eta lehenengo bilerara joateko autobusean materialarekin zama-zama eginda joan nintzen; ikastetxe guztientzako materiala eraman behar nuen. Gidariak esandako lekuan gelditu, eta gizon batek lagundu ninduen Miranda Fundazioraino. Baina pentsa: autobus geltokira heldu, eta Barakaldoko plaza bete-bete ikusita, pertsona bati galdetu nion ea herriko jaiak ei ziren. Hainbeste jende! Zergatik esaten nuen hori galdetu zidaten.

Egia esan Barakaldori buruz ez nuen arrastorik ere. Aurreiritziak bai: erdal zonaldekoa zela eta halakoak. Baina hasieratik oso irudi ona izan nuen. Bi ikasturte egin nituen materiala bertan aurkezten, eta hor ezagutzen hasi nintzen benetako Barakaldo.

Eta zergatik aukeratu zenuen Barakaldo?

Jaurlaritzak ABTrako plazak atera zituenean, Barakaldoren aldeko aukera egin nuen ordurako banekielako euskararen aldeko indar bat zegoela han, aurrera egiteko gogo bat. Basaurin, esaterako, lasaiagoa zen euskararen borroka, eta administrazioak esaten bazuen, orduan egiten zen. Barakaldon ez: administrazioak esan gabe ere, egin behar zen. Hala pentsatzen zuten bertako irakasleek eta jendeak oro har. Neure pentsakera eta egiteko moduarekin bat zetorren, eta ekiteko posibilitate gehiago ikusi nuen Barakaldon. Horregatik aurkeztu nuen nire burua lanposturako. 1984-85ean hantxe hasi nintzen lanean, San Juan kalean zabaldu zuten ABT zerbitzuen aurreneko bulegoan. Herrigunearen erdi-erdian zegoen, oso garrantzitsua izan zen hori: hain eskura izanik, segidan azaldu zitzaizkidan gurasoak protestan euren seme-alabak euskaraz ikastea nahi zutelako eta arazoak zituztela esanez.

Zure ABTko zeregina zein zen ba?

Euskarazko baliabideak eskola bakoitzean zabaltzea eta aholkua ematea zen nire zeregina. Materialgintzako mintegiak ere egiten genituen eta segidan bihurtu zen ospetsu Euskal Herri osoan Ezkerraldeko materiala bezala ezaguna zena: metodologia komunikatibo funtzionala deitzen dena egiten genuen, eta materiala han eta hemendik eskatzen ziguten.

Baina gurasoak ere hasi ziren segidan niregana etortzen, protestan. Seme-alabak euskaraz ikastea nahi zuten gurasoak ziren. Orduan Barakaldon ia eskola guztietan zegoen A erdua; D eredua Alkartu ikastolan bakarrik zegoen. Orduantxe izan zen zatiketa, gainera, antza politika tarteko: batzuk Sestaoko Astilekura joan ziren, eta beste batzuk Alkartu ikastolan geratu ziren. Zatiketa hori eta gero azaldu nintzen ni. Ibaiben eta Mukusuluban ere B eredua zegoela uste dut, eta oso inportanteak izan ziren guztiak esperientzia piloto moduan: irakaskuntzan oso serioak ziren eta emaitza akademiko onak zituzten. Beurko eta Gurutzeta institutuak ere berdin, eta euskararen aldeko ikastetxeek fama handia hartu zuten.

Erreferentzia hori inportatea zen, eta bertako guraso eta irakasle euskaltzaleak izan ziren nire hasierako makulurik inportanteenak, balio izan zidatelako esateko: ‘Begira B edo D eredua dute ikastetxe horiek, ikusi nola egiten duten lan, zein emaitzekin’. Gurasoei esaten nien hangoekin hitz egiteko. Barakaldon ahoz ahokoak oso ondo funtzionatzen zuen, eta segidan bete ziren lekuak ikastetxe horietan, euskarazko bi lerro besterik ez zituztelako.

Gainera, Barakaldoko jendeak nahi zuen euren seme-alabek norbere auzoko ikastetxean ikasi zezaten. Guraso horiek gazteak ziren, eta borroka egitera ohituak zeuden, gaztetxeetan eta halakoetan ibilitakoak zirelako. Hala etorri zitzaidan mutil gazte bat, oso borrokalaria, esanez bere auzoko ikastetxe publikora joan zela bertan seme-alabak euskaraz matrikulatu nahi zituela eskatuz, eta euskaraz nahi zuenak Mukusuluba edo Ibaibera joan behar zuela erantzun ziotela. Ikastetxeetako irakasle eta zuzendari asko euskararen kontrakoak ziren, eta halako erantzunak oso ohikoak ziren. Baina Barakaldoko gurasoek, ez dakizu nola egiten zieten aurre! Eskari hori izan zen gero etorriko zenaren hazia.

Guraso horietako askok ez zuten euskaraz jakingo. Zergatik nahi zuten euren seme-alabek euskaraz norbere ikastetxe publikoan ikas zezaten?

Erabat konbentzituta zeuden. Euskaragatik bakarrik ez, emaitza akademikoengatik ere bai. Ikusten zuten euskarazko ereduak hobeto bideratuta zeudela euren ‘betiko eskola espainola’ baino. Eta halaxe botatzen zieten ikastetxeetako arduradunei: ‘Ibaiben ahal badute, zergatik ikastetxe honetan ezin da?’. Ni han lanean hasita negoela jakin zutenean, exijentzia handiz etortzen ziren nigana: ‘Esan digute zu zarela hemengo hezkuntzako euskara arduraduna, ba ea zer egiten duzun’.

Eta zer egiten zenuen zuk?

Hasteko, txosten bat egiten nuen. Gurasoen eskaria jasotzen nuen argi eta garbi dokumentu horretan, eta Hezkuntza Delegaritzara bidaltzen nuen. Baina ez zuen ezertarako balio. Gero deitu behar izaten nuen hara, esanez eskubide guztia izanagatik ere, Barakaldoko gurasoei ez zietela uzten euskaraz ikasten. Dei horiek batzuetan eragina zuten, beste askotan ez; ez zegoen jakiterik. Baina hori ere bazen nire zeregina, eta nik hori egiten nuen beti.

Aldi berean, gurasoekin lanean hasi ginen, denetariko kexak jasotzen hasi nintzelako: adibidez, euskarazko B eredua lortu zuten guraso batzuk etorri zitzaizkidan kexaka euren seme-alaben irakasleak, euskaldun zaharra izanda ere, klase guztiak gazteleraz ematen zituelako. Guraso talde aktibo hori topatu nuen, oso borrokalariak. Handik gutxira etorri ziren Arrontegiko beste guraso batzuk: euren ikastetxean, eskatuta ere, ez zietela seme-alabei euskaraz irakasteko aukerarik eskaintzen, eta haserre zeuden. Orduan erabaki genuen, gurasoak taldeka sakabantuta ibili beharrean eskubideak zirenak eskatzen, talde bat sortu behar genuela Barakaldo osorako.

Euskarazko ereduak zabaltzearen aldeko taldea izango zen?

Bai. Beharrizan handia zegoen: gurasoak sakabanatuta zeuden, eta ikastetxeetako zuzendariek aurre egiten zieten. Babestuak sentitzeko beharra zuten, eta taldeak asko laguntzen du horretan. Indarra eta babesa ematen dizu.

Gainera, talde hori osatzeko, erabaki genuen derrigorrezkoa izango zela ikastetxe eta eredu bakoitzeko irakasleek ere parte hartuko zutela, gurasoez gain. Institutuetakoek ere bai, hara joango zirelako gero ikasleak, eta Gurutzetako eta Beurkoko irakasleak ere etorri ziren; inplikatuta zeuden ereduetan. Barakaldoko euskara taldea, AEK… Talde euskaltzaleak ere gonbidatu genituen. Eta horrela sortuko genuen euskarazko ereduen aldeko Barakaldoko Euskara Koordinakundea taldea.

Guztiak elkartuta, segidan hasi zineten lanean.

Lehenengo, plan orokor bat egin behar zela pentsatu genuen. Helburu orokorra honako hau zen: guraso horiek eskoletara joaten zirenean B edo D eredua eskatzera, onartuak izan behar zuten, eta horretarako irakaskuntza komunitate osoaren babesa eta parte hartzea behar zuten. Batekin eta bestearekin hitz egiten hasi ginen, eta ereduei buruzko hitzaldiak ematen hasiko ginela erabaki genuen; gurasoekin, irakasleekin, adituekin… Denen babesa izango zuten. Hala hasi ginen seme-alabak matrikulatu behar zituzten gurasoentzako hitzaldiak prestatzen eta ematen.

Horretarako, ikastetxe bakoitzaren premiak aztertzen nituen nik, eta horren arabera pentsatzen genituen zeintzuk izango ziren hizlariak eta zeri buruz arituko ginen.

Guk dena prest genuen: gurasoak animatuta zeuden, taldea prest genuen informazio hitzaldi horiek emateko, irakasleak ere prest zeuden… Baina ikastetxeetan sartzeko, udalaren baimena eskatu behar genuen.

Eta lortu zenuten?

Udalak ez zekien zer eskatzera gindoazen… Hitzaldien egutegi bat egin genuen eskola guztiekin, eta udalean aurkeztu genuen. Bada, sinatuta itzuli ziguten! Ez genuen espero. Nik uste bazegoela udalean ezkerreko pentsakerako baten bat, eta harek lagundu zigun baimena lortzen, bestela… Gero kendu nahi ziguten, baina ezin izan zuten. Esaten genion udalari: ‘Nahi baduzue norbait bidali gure hitzaldietara, gu poz-pozik egongo gara’. Pentsa, udaleko ordezkari eta guzti aurkeztuko ginateke eskoletan.

Ikastetxeak konforme zeuden hitzaldiekin?

Pentsatu ere ez! Kontuz ibili behar izaten genuen A ereduan jarraitu nahi zuten eskolekin.

Ikastetxeetako zuzendariak egin behar zuen gurasoentzako deialdia, etorri zitezen, eta askotan gurearen aurretik eurek beste bilera bat antolatzen zuten. Gurasoei esaten zieten ereduez aritzeko joatekoak ginela, eta kasurik ez egiteko… Hainbeste leku zeudela ikastetxe horretan, eta gu entzun aurretik, izena emateko zuzenean leku horietan. Baina gurasoak ere ez ziren tontoak. Baten bat engainatuko zuten, baina ez denak, eta etortzen ziren gero gurera. Beste batzuetan esaten zieten gure bilerak bertan behera geratu zirela, gezurra. Edo ordua nahita gaizki esaten zieten.

Hala ere, ez genuen beldurrik: bileren aurretik nik irakasle guztiei bidaltzen nien abisua, eta hitzorduaren jakitun ziren; beti dago jatorren bat eta gurasoei egia esaten zieten.

Bilera horiek nola egiten zenituzten?

Ni hasten nintzen azalpenekin: euskara ez zela orain arte eskoletan izan, baina aukera zegoela orain, eta eredu bakoitzaren helburuak eta lorpenak azaltzen nizkien, frogekin. Baita metodologia ere. Eta halakoak ere esaten nizkien: A ereduan seme-alabek ez zuten euskarazko hitz bat bera ikasiko, B ereduan ahozkoa apur bat, eta gure aholkua D eredua zela. Selektibitatera begira lortu beharreko gaitasunak berdin-berdin lortuko zituztelako seme-alabek, eta gero, ez zutelako euskaraz ikasteko aparteko ahaleginik egin beharko; hasieratik ikasiko zutelako euskara.

Gainera, azaltzen nien jolastuz eta progresio txikiekin ikasiko zutela. Hori nola egiten den esplikatzeko hezkuntza teoriak azaltzen nizkien, eta haurra oso babestuta egongo zela, materiala apropos prestatzen genuelako horretarako, eta gainera, ni ere liberatuta nengoelako jarraipen hori egiteko. Irakasleek euren esperientzia kontatzen zuten gero, eta baita gurasoek ere: ‘Onena nahi baduzu, ez apuntatu A ereduan, bestela bere kasa egin beharko du gero ahalegina euskara ikasteko’, esaten genien.

Bilera horietara joaten ziren gurasoak ados zeuden esaten zenutenarekin? Edo beldur ziren?

Guraso batzuk bai, beldur ziren: ‘Diozuena oso polita da, baina nire semea ez dakit gai izango ote den hori egiteko…’ Halakoak esaten zizkiguten. Nola ez ba! Adibideak jartzen nizkien. Adibidez, Barakaldon ikastola bat zegoela esaten nien, han umeek euskaraz ikasten zutela, eta euren seme-alabak ez zirela besteenak baino gutxiago. Datuak ematen genizkien, eta euskarazko irakasle eta gurasoek ere esaten zieten beldurrik ez izateko, bazeudela ikasleak euskarazko hitz bat bera ere egin ez, eta ederto ikasten zutenak.

Beste ohiko kezka bat zen, eurek euskaraz ez zekitenez, ezingo zietela seme-alabei lagundu. Beti esaten nien: ‘Inportanteena ez da zuek dena jakitea, euskararen aldeko zuen jarrera baikorra ikusi behar dute haurrek, hori sentitu behar dute babestuak sentitzeko. Eta jarrera horrek eraman behar zaituzte seme-alabak euskarazko munduan integratzera: ibilaldietara joan behar dute, euskal giroko jaietara, euskarazko musika jarri behar diezue, Txalopin txalo materialeko jolasak eta ekintzak egin… Seme-alabek ikusi behar dute, euskaraz ez jakinda ere, gurasoei euskara gustatzen zaiela. Hori da aurrenekoa, eta laguntza horrekin ikasiko dute’.

Esana duzu Barakaldon euskaraz ez zekiten benetako euskararen aldeko militanteak topatu zenituela. Guraso horietaz ari zinen.

Bai, asko benetako euskaltzaleak izan dira. Euskararen alde lan handia egin dute. Euskaragatik, eta baita bestelako hezkuntza metodologia bat ere nahi zutelako. Pentsa, gurasoei honako gonbita egiten genien: joan A ereduko klase batera, eta gero B edo D ereduko klase batera, ikus zezaten zein diferenteak ziren klaseak emateko moduak, eta pentsatu zezaten zergatik zegoen aktibitate gehiago batean eta ez bestean.

Hori ez da euskararen ‘meritua’ bakarrik, behar izanarena baino. Euskaraz batere ez dakien haur bati ezin diozulako ‘betiko’ moduan erakutsi. Tarte bat jolasa behar du, abesti baten bidez gero beste kontu bat irakatsi, eta irakasleak oso jarrera aktiboa izan behar du, beste baliabide batzuk erabili behar ditu irakasteko. Eta hori ere asko gustatzen zitzaien gurasoei.

Pilare lankideekin

Ikastetxeetako matrikulazio bilera horiek emaitza onak izan zituzten?

Hobeak ezin. Urtero zegoen B eredua osatzeko prest zegoen guraso talde bat, han eta hemen. Koordinakundearen emaitzak onak eta progresiboak izan ziren, gurasoei aukera bat jarri genielako aurrean: hemen duzue B edo D eredu on bat, akademikoki serioa eta ona. Gero, gurasoen artean ere sarea sortzen hasi zen, eta asko lagundu zigun. Ikasgelak bisitatzen joaten ziren Ibaibera, gurasoen artean ere lagunak sortzen hasi ziren, elkarrekin egiten zituzten aktibitateak… Berez joan zen sare hori osatzen, eta handitu ahala, ereduen aldeko emaitzak ere hobetu ziren.

Ez oztoporik gabe…

Hezkuntza Delegaritza eta Gasteizko gobernua ziren askotan oztopo nagusiena. Jaurlaritzak eredu batzuk pentsatuak zituen leku batzuetarako, esperientzia moduan. Adibidez, B eredu bat Barakaldorako, beste bat Sestaorako, beste bat Donostiako Amara Berrirako… Baina hortik aurrera ez ziguten gehiago zabaltzen uzten; ez ziren euskara horrela hedatzearen aldekoak.

Hala ere, Hezkuntzan bazeuden euskaltzaleak, eta laguntzen gintuzten: gure egoeraren informazioa ematen genien, eta eurek hori planteatzen zuten gero Jaurlaritzako bileretan. Inportantea zen hori, gure egoeraren berri izan zezaten Hezkuntza Delegaritzan. Baina harresi baten modukoa zen administrazioa.

Gogoratzen naiz nire lana egiten zuten moduko pertsonak eta euskarazko eredua zuten ikastetxeetako kideak bildu gintuela behin Jaurlaritzak Bilbon, batzar handi batean. 50 lagun baino gehiago elkartu ginen. Hizlaria Jaurlaritzako ordezkari euskaltzale bat zen, baina begira zer esan zigun: ‘Ez pentsa eskolarekin euskaldunduko duzuenik Euskal Herria’. Aretoaren atarian nengoen ni, eta altxa egin nintzen: ‘Ez, baina hori ere inportantea da. Zuk hori administrazioatik ez ikustea ere…!’. Eztabaida piztu zen. Halakoa zen egoera.

Bestela ere, administrazioak ezetza ematen zidan behin eta berriro eskola batean B eredua zabaltzeko eskaera egiten nuenean. Txostena bidaltzen nuen Delegaritzara, eta askotan erantzuten zuten ez zegoela baliabide pertsonal nahikorik; kaltegarria zela ‘nolanahi’ B eredu gehiago zabaltzea. Ez zen egia, baina halako argudioak erabiltzen zituzten.

Talde bat sortzeko gutxieneko ikasle kopurua zenbatekoa zen?

22 ikasle lortuta, ireki zitekeen. Eta askotan B ereduan zeuden gurasoetako askok D eredura pasa nahi izaten zuten. Baina hori ere ez zieten uzten. Arteagabeitian gogoratzen naiz hori gertatu zitzaigula: gurasoek ez zuten B ereduan jarraitu nahi eta D eredura pasa nahi zuten. Bilera egin genuen, eta Hezkuntzako ikuskari buruari abisatu genion. Euskararen guztiz kontrakoa zen bera. Hasieran ez ziguten ezetz esan garbi, baina galdetu ziguten ea guraso guztiak ote zeuden horretarako prest. Bakarrik bi guraso zeuden kontra, beste guztiak alde. Ba guraso guztiak ez bazeuden prest, ezin zela erantzun ziguten.

Handik gutxira oharra iritsi zitzaigun Jaurlaritzatik esanez behin eredu batean hasitako ikasleek ezin zutela ereduz aldatu; amaiera arte jarraitu behar zutela hautatutakoarekin.

Beraz, gurasoak ere konturatzen hasi ziren B ereduarekin ez zela aski euskara jabetzeko.

Ereduak aurrera zihoazen poliki-poliki. Gurasoen artean konplizitate handia zegoen eta umeak ari ziren euskara jabetzen. Baina antolatzen genituen mintegietan irakasleek esaten ziguten ez zela aski ikasgelan egindakoarekin. Barakaldoko ikastetxeetako errealitatea oso erdalduna baitzen: patioan eta jantokikoetan denak ziren erdaldunak. Hor ere pauso bat egin behar genuen, ikastetxeko giroa euskalduntzeko.

Bilera egin genuen Euskara Koordinakundekoek, ea zer egin genezakeen pentsatzeko. Bada, udalean plenoa zegoenez, baten bati bururatu zitzaion gure eskaera bertan aurkezteko genuela: eskolako eta aisiko giroa euskalduntzeko proposamena egingo genuen.

Plenoko azken puntua zen gure eskaera, eta arratsalde guztia pasa genuen Barakaldoko Udalean. Talde handi bat joan ginen, Koordiankundekoak eta guraso eta irakasleak, eta zutik pasa genuen arratsalde guztia; plenoko aretoa beteta, gu koro baten moduan ipinita. Halako batean, gure eskaera aurkeztea tokatu zitzaigun: ereduek aurrera egin ahala haurrak euskara jabetzen ari zirela adierazi genuen, baina ikastetxeetan ez zegoela baliabide pertsonalik errealitate horretara egokitzeko, denak zirelako erdaldunak, aisialdietako monitoreak eta abar, eta hori aldatu behar zela; baliabideak eta euskaraz zekiten pertsonak bazeudelako Barakaldon. Hala Zipo taldea zen horren adibide bat, edo Lagun(tasuna)taldea, AEK bera… Euskaraz zekien aisirako monitoreak topatzea ez zela zaila, eta aldaketa hori sustatu behar zuela udalak.

Egun horretan Bizkaiko Hezkuntzako lurralde burua gonbidatua zuen Barakaldoko Udalak, hezkuntzari lotutako beste gai batzuk ere bazeudelako eztabaidatzeko, eta plenoan zegoen Hezkuntzako ordezkaria; jeltzalea eta euskalduna zen. Gure eskaria egiteko mutil gazte batek ere hartu zuen hitza. 25 bat urte izango zituen, borrokalari sutsua, eta andaluziarren moduan hitz egiten zuen gazteleraz. Han hasi zen bera eskatu eta eskatu, euskaraz ondo zekiten monitoreak ere behar zirela eta abar. Hezkuntzako ordezkariak ez zion ba honako hau esan: ‘Si queréis euskara, iros a la ikastola!’. Mutil haren haserrea. Madarikazioka hasi zitzaion, eskubiderik ez zegoela esaten!

Zergatik egin zitzaizkion hain mingarriak Hezkuntzako ordezkariaren hitz horiek?

Labe Garaietako langile bati bere seme-alaba eskola pribatura batera bidali behar duela esatea, pentsa zer den. Euskaraz jakiteko ordaindu behar duzula esatea bezala da. Eta guraso horiek langileak ziren, eskola publikoaren aldekoak.

Klase kontzientzia muineraino sartutakoak.

Klase kontzientzia eta injustiziarena barru-barruraino sartuta zuten. Horregatik, euskaraz matrikulatzera joan eta ezezkoa jasotzen zutenean, haserretzen ziren: euskarazko hezkuntza ereduen alde egitea, justizia kontua ere bazen. Garbi ikusten zuten: nik ikastetxe horretan ikasi dut, beraz, nire seme-alabek ere bertan ikasteko eskubidea dute, eta orain, gainera, euskaraz ikasiko dute.

Udaleko plenoan gertatutakoak oihartzuna izan zuen?

Bai. Azken batean, publikoki egin genituen guk aurretik askotan egindako eskaerak. Hala ere, iritzi asko kontrakoak ere izan ziren. Lehenago esan dut Barakaldora joan nintzela hango irakasleak borrokalari finak zirelako, nire euskaltzaletasuna eta ideiak ulertzeko moduarekin bat zetozelako; Barakaldon euskarak aurrera egingo zuen esperantza nuen. Baina horrek ez du esan nahi kontrakorik ez zegoenik. Fama hori zuen Barakaldok, erdalzalea zela. Eta hein handi batean ere hala zen. A ereduko irakasleak ere kontran jarri ziren.

Kontrako jarrera asko izanagatik ere, euskarazko ereduek aurrera egiten jarraitu zuten?

Ekintzen bidez joan zen hedatzen. Manifestazioak ere egin genituen D eredua eskatzen Bilbon, Barakaldon… Irakasleak ere hasi ziren euskara hobetu behar zutela esaten, ‘birziklatu’ behar zutela, eta hor ere borroka itzela izan zen. Irakasleak euskalduntzeko Irale programak lan ona egin du horretan; kezka hori zuten irakasleek izena eman ahal izan zuten.

Irakasle guztiak ez ziren ados egongo ereduen hedapenarekin, ezta?

A ereduko batzuk kontra zeuden. Ereduak nahiko zabalduta zirenean, itxialdia eta guzti egin zuten Bilboko Unamumo ikastetxean. Barakaldon ordurako nahiko ondo gindoazen ereduekin, hala ere; beti aurrera egin nahian, baina ondo.

Urte hartan, etorkinei eta euskarari buruzko jardunaldi pedagokikoak antolatu genituen. Urtero egiten genituen, gai bat ardatz hartuta. Bada, A ereduko irakasle horiek hara azaldu ziren. Atzerriko gurasoak gonbidatu genituen jardunaldira, eta Getxoko mutil gazte bat, aljeriarra uste dut, altxa zen esateko bera oso pozik zegoela seme-alabak B eredura eramanda. Bere esperientzia kontatu zuen: nola eskolatik zintak euskaraz ematen zizkieten, eta etxean hori entzuten aritzen zirela; oso pozik joaten zirela haurrak eskolara. Gero nik hartu nuen hitza, eta ereduak nola ikasi daitezkeen azaltzen hasi nintzen: haurrek apurka ikasten dutela, nahiko erraz. Irakasle horietako bat altxa eta esan zuen nik nioena gezurra zela. Kordobakoa zen, eta hogeita hamar urte baino gehiago hemen zeramatzan arren, euskaraz oraindik ez zekiela.

Zapia buruan zuen beste guraso bat altxa zen. Hizkuntza pila bat zekizkien, eta uste dut ikasketak ere bai zituela, medikua ez ote zen… Getxokoarekin ados zegoela esan zuen berak, eta areago: seme-alabak B eredutik D eredura aldatu nahi zituela, euskaraz ondo ikasteko ez zelako nahikoa B eredua. Horregatik prest zegoela Bilbora bizitzera joateko.

Nahita egin izan banu, ez zen hobeto aterako!

Hala ere, gerora ere jarraitu zuten irakasle horiek matraka ematen.

Handik gutxira Barakaldoko lanpostutik kaleratuko zintuzten, ordea. Zergatik?

Egia den edo ez, zuzenean ez dakit, baina niri kontatu didate Jaurlaritzako Hezkuntzako bilera horietako batean, hasi zirela ereduen zabalpenari buruzko datuak begira, eta Barakaldokoarekin harrituta geratu zirela. Gipuzkoako beste udalerriekin konparatuta, Barakaldon emaitzak oso onak ziren. Barakaldoko orduko Berritzeguneko nire zuzendaria ez zen batere euskaltzalea, eta Hezkuntzatik datu horiei buruz galdetuta, erantzun omen zuen: ‘Pilare beti dabil gurasoekin bilerak egiten, baita eskola orduetan ere’. Ez zen egia. Bilerak nire lan jardunetik kanpo egiten genituen; hasteko, guraso horiek gehienak fabriketako langileak zirelako, eta bilerak arratsalde amaieran egin behar izaten genituen, derrigorrez. Baina, dirudienez, Jaurlaritzara zuzendariak esandakoa iritsi zen, eta deiak egiten hasi zitzaizkidan. Nik ez nekien artean ezer ere ez, baina Jaurlaritzako dei horietan hasi ziren ohartarazten ni irakasleen aholkularia nintzela, eta ez gurasoena. Egia esan ez nien kasu gehiegirik egin. Gutxira, baina, irakasle batzuk aipatu zidaten nire kontra zer edo zer egiteko asmoa izan zezaketela.

Hori eta gero, EAEko Berriguneetako kide guztiak bildu gintuzten batzar handi batean. Orduan PSE-EEkoak zeuden Hezkuntza Delegaritzan, egitura berri batekin. Hasi berriak zirenez, elkar ezagutzeko bilera bat izango zela esan ziguten, eta denak bildu ginen han: arduradunak, ikuskariak… Isabel Celaa politikaria zegoen orduan Hezkuntzan. Aurkezpenekin hasi genuen bilera, eta nire burua aurkezteko txanda izan zenean, Celaak moztu eta esan zidan ea ni ote nintzen gurasoekin biltzen zena. Halaxe. Segidan beste Berritzegune bateko lankide batek halaxe erantzun zion: ea berak, lanorduetatik kanpo, ez ote zituen nahi beste bilera politikoak egiten (ordurako bagenekien zertan zebilen, politikan murgilduta), eta lan orduetatik kanpo bakoitzak egiten duela nahi duena, berak egiten zuen moduan. Ni alde atera zen lankide hura, baina ez zuen ezertarako balio izan; ni kanporatzeko erabakia hartuta zegoen.

Nola kanporatu zintuzten?

Nire lanposturako hurrengo deialdian ez ninduten hartu, baldintzak bete arren, eta oposiozioan ateratako zegokidan ikastetxera joan nintzen. Santutxuko eskolara bidali ninduten irakasle. Hor ere D eredua martxan ipintzea tokatu zitzaidan. Ze zortea nirea… Guraso talde txiki batekin hasi nintzen lanean, eta ni poz-pozik.

Barakaldo horrela utzi behar izateak min emango zizun.

Haserretu nintzen zapalkuntzagatik, ez hainbeste niregatik. Garbi ikusten zelako, niri egin bezala, euskaltzaleak gune horietatik kendu nahi zituztela. Horrek bai ematen zidan min. Aurrerapausoak ematen ari ginen, eta hori eten nahi zuten; gure lanbidea kaltetu. Fernando Buesaren garaia zen [Hezkuntza Sailburua izan zen 1991-94 artean, PSE-EE alderdikoa], eta hezkuntzaren erreformaren aitzakian, gure lanbideari eta euskararen aldeko lanari balioa kendu nahi ziotela ikusi genuen.

Barakaldoko Berritzeguneko zure lanpostua, ordea, hutsik geratu zen.

Bai, eta ez beste inor aurkeztu ez zelako! Ezkerraldeko irakasleak eta gurasoak asko haserretu ziren ni kaleratzeko moduarekin, eta beste baten izendapena blokeatu zuten: ‘Pilare dator, edo ez dugu besterik onartuko’. Bidegabea zela kexatzen ziren Hezkuntza Delegaritzan, eta injustizia hori salatzeko eskutitzak bidali zituzten Barakaldoko taldeak eta irakasleek [ikus irudietan]. Nik hori guztia ez nekien orduan, Santutxun nengoen eta kito. Gutxira Berritzeguneko zuzendaria ere aldatu zuten, eta zoratu egin zuten. Lanpostuak bete gabe jarraitu zuen: aurkezten ziren ordezkoak onartu gabe.

Denbora bat pasa, eta sindikatu batzuk deika hasi zitzaizkidan, Barakaldoko lanpostura itzuli beharko nuela esanez. Nik ezetz, D eredua martxan ipinita, pozik nengoela Santutxun. Baina, ikusita gurasoek eta irakasleek nire alde egindako lana, itzuli behar nuela ohartarazi zidaten.

Egun batean, beste irakasle bat azaldu zen nire Santutxuko gelara. Pentsatzen nuen praktiketara etorria zela, baina Delegaritzatik bidalia zutela esan zuen, nire lanpostua betetzera. Klaustroan aipatu nuen, eta adostu genuen ezetza emango geniela; Santutxun geratuko nintzela. Handik gutxira ikuskari buruak deitu ninduen: ‘Pilare Baraiazarra, bihar Barakaldon egon behar duzu 9:00etan. Agindu bat da’, esan zidan.

Hurrengo egunean, gauean lorik egin gabe, itzuli nintzen Barakaldora. Ez zait damutu, leku aproposa da lanerako. Baina hala itzultzea ez zen erraza izan.

Itzulera ez zen gozoa izan.

Txarto pasa nuen. Fernando Buesaren garaian zen, hezkuntza erreformarena. Berritzeguneetako lankideak postuetatik kentzen eta aldatzen hasi ziren, eta euskara baloratzeari utzi zioten. Beste zereginetan jarri gintuzten, kurrikuluma egokitu behar zenaren aitzakipean. Hilero egiten genituen bileretan erdaraz zekiten arduradunak agertzen hasi ziren, ezer gutxi zekitenak gure egoeraz, eta gero, zuzendariak gure arteko lan banaketa egiterakoan, euskararen alde egiteko denborarik gabe uzten gintuzten. Esaterako, ni egonda nago klaustroetan erderaz azaltzen zer den DBH, zein eduki eman behar zituzten, ze helbururekin… Neu barrutik pentsatzen: ‘Hau ez da nire lanpostuaren zeregina’. Baina hori izan zen estrategia. Euskararen kontrako hitzik ahoan ez, baina gero… Ni bezala, nire lankideak ere berdin zeuden; burumakur itzultzen ginen denak etxera. Gaixotu ere egin nintzen horregatik. Negargarria zen egoera.

Aipatzen duzun egoera horrek eragin zuen Barakaldon?

Euskarazko aisiari begira, adibidez, dena kendu zuten. Gurasoak ere desaktibatzen joan ziren pixkanaka. Bilerak egiten jarraitu genuen, baina eskola orduetatik kanpo. Irakasleak ere lasaitzen joan ziren, eta apaldu egin ziren emaitzak.

Egoera hori noiz aldatzen hasi zen zuretzako?

Ondoren martxan jarri zituzten Euskararen Normalkuntza programekin hasi zen egoera hobetzen. Proiektu horiek ez ziren zuzendari batenak, ikastetxeena baino: euskaraz bizi ahal izateko proiektua egin behar zuten ikastetxeek, eta klaustroak onartuz gero, konpromisoa hartzen zuten. 1996koa izango zen lehen deialdia, eta 23 ikastetxek eman zuten izena EAE osoan. Barakoldon ere bai. Hurrengo ikasturtean egin zen deialdi irekia, eta ordura arte irakasleek erdi ‘klandestinoki’ egiten zuten lana agerian uztzi zuen programak, eta globalago bihurtu. Progresioak ere egin behar zirela esaten zuen proiektuak, eta horretarako betekizunak eta baliabideak eskaintzen zituen. Adibidez, jantokiak euskalduntzeko, matrikulazioetan D eredua hedatzeko… Halako helburuekin. Ikastetxeko atal guztiak erabili behar ziren euskararen alde. Neurri estrukturalak ziren. Programarekin ere jardunaldiak antolatu genituen, gure esperientziak partekatzeko eta adituak gurera ekartzeko. Noam Chomsky, adibidez, izan zen.

Zure lanari begira, zein zeregin zenuen Barakaldon?

Hasieran ikastetxeak konbentzitzea izan zen nire lana. Aurretik beldurra zuten, ez ote zituen gehiago lanpetuko. Baina goxoki txiki bat zuen Euskararen Normalkuntza programak: proiektuan apuntatzen ziren irakasleei ordu batzuk liberatzeko aukera eskaintzen zitzaien. Beurko animatu zen, Gurutzeta ere bai… eta gero publiko ia denak. Ni jubilatzerako, Barakaldoko ia ikastetxe guztiak zeuden programan sartuta. Eta ni poz-pozik horrekin. Aldi berean, gainera, Ezkerraldeko mintegi batzuk ere eramaten nituen, Ortuella eta Sestaoko Berritzegunekoekin adostuta.

Hala ere, arrisku bat ikusi nuen azken urteetan: errutinarekin arima galtzen ari zen. Gertatzen da, irakasle bat liberatuta badago ‘euskararen alde’ egiteko, bere gain uzten dela ardura hori, nahiz eta proiektuak esan denena dela. Horregatik, adi egon behar da euskararen gaietan, ezin gara lasaitu.

Urteak dira erretiratu zinela, baina Barakaldora eta euskalgintzara begira segitzen duzu. Nola ikusten dituzu orain?

Euskal Herrian falta dena falta da Barakaldon. Adibide bat ipiniko dizut: azken urteetan hitzaldiak eman genituen euskara ikastetxeetan nola indartu daitekeen pentsatzeko, baita D eredua zuten ikastetxeetan ere. Bada, D ereduko irakasle batzuek behin esan zidaten ez zela halako hitzaldirik behar, D eredua bazegoelako. Oso konfundituta gaude. Euskarak normalizatu gabe jarraitzen du, eta hori gabe, ez dago ezer ere ez ziurtatuta; ezta ikastoletan ere. Irakasleek eta oro har jendeak pentsatzen du eginda dugula D eredua eta beste halakoak ditugulako, baina hori ez da horrela. Asko hobetu dugu, bai, baina ezin dugu indarrik galdu. Euskararen alde militatzen segitu behar dugu, Barakaldon eta Euskal Herri osoan.